INFO

Juan Antonio Urbeltz eta Maria Arregik zuzendutako Ikerfolk-Argiak jasoko du V. Ondare Saria

Ikerfolk-Argia elkarteak jasoko du Gipuzkoako Aldundiaren V. Ondare Saria. Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik zuzendutako proiektuak «gure lurraldeko kultura ondarea mantendu eta aberasteko lanean erakusten dituen ahalegina eta grina» nabarmendu dituzte.

Juan Antonio Urbeltz, folklorista eta kulturgizona. (Gorka Rubio | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak iragarri du V. Ondare Saria Ikerfolk-Argia elkarteak jasoko duela, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik zuzendutako proiektu integralak.

Ikerfolk-Argia elkartea ikerlari, dantzari, musikari, sortzaile eta ekintzaileek osatzen dute, eta euskal dantzaren ondarea –musika, janzkera, errituak, folklorea eta kultura tradizionala– ikertzen, biltzen, berritzen eta zabaltzen egindako «lan bikainagatik» nabarmendu da, epaimahaiko kide izan diren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Peña Ganchegui artxiboko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako San Telmo Museoko ordezkariek nabarmendu dutenez. 

Taldea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina (2015) duen Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen du, eta epaimahaiak balioan jarri du taldea «funtsezkoa» izan dela euskal dantzaren azken sei hamarkadetako kontserbazioan eta bilakaeran.

Nabarmendu dutenez, irabazi-asmorik gabeko elkarte honek ikuspegi integrala zabaldu du, folklore koreografiko musikalaren hainbat alderdi landuz, hala nola dantza, musika, kantua, janzkera eta artisautza. Gainera, kultura tradizionalarekin lotutako proiektuen ikerketan, hezkuntzan, dokumentazioan, interpretazioan, komunikazioan eta kudeaketan nabarmendu da.

Epaimahaiak aipamen berezia ere egin dio Bellota Fundazioari, «industria ondarea kontserbatzeko egindako ahaleginagatik».

Ikerfol-Argiak V. Ondare Saria jasoko du 2024ko urtarrilaren 17an, 18.00etan, Santa Teresa komentuan egingo den ekitaldian.