Annie Ernauxen ‘Emakume izoztua’ euskaraz, Gema Lopez Las Herasen eskutik
Annie Ernauxen ‘Emakume izoztua’ lana euskaratu du Gema Lopez Las Heras itzultzaile azkoitiarrak Jokin Zaitegi lehiaketa irabazi ostean. Euskaraz dagoen Ernauxen seigarren lana da, eta bere bizitzari atzera begiratzeko ariketa egiten du idazleak, bere jaioterritik zergatik alde egin zuen ulertzeko.
Bi sari gurutzatu dira ‘Emakume izoztua’ liburuan. Batetik, 2022an Annie Ernauxek Literaturako Nobel Saria irabazi zuen; eta bestetik, Gema Lopes Las Herasek Jokin Zaitegi beka irabazi zuen kultura unibertsala euskarara ekartzeko; hain zuzen ere Literaturako Nobel Saria irabazita lanak itzultzeko saria da. Gaur aurkeztu dute ‘Emakume izoztua’, Donostian.
Ernauxen lanik osoena da Lopez Las Herasen ustez, izan ere, Ernauxen beste hainbat lan gai zehatzen ingurukoak badira ere, kasu honetan 30 urte bitarteko bere bizitza kontatzen du, eta ondorioz, hamaika gai lantzen ditu bertan. Barne gatazka bat du liburuak oinarrian: «Berak nahi du emakume aske eta burujabe bat izan baina beste alde batetik nahi du gizartean enkajatu, bat egin nahi du inguruan dabilen korronte sozial orokorrarekin edo joerarekin. Bidegurutze horretatik nola atera ez dakiela igarotzen du nobela osoa».
Lopez Las Herasek Ernauxen bizitza eta lana ongi ezagutzen dituela ikusi da aurkezpenean, pasa den urteko Nobel Sarien banaketan esandakoak ere ekarri ditu gogora: «Kontatu zuen idazten hasi zela bere jaioterritik zerk urrundu zuen ulertzeko». Izan ere, landa eremuko familia langile bateko alaba da, baina bertatik urruntzearen beharra sumatu zuen gerora.
‘Emakume izoztua’ liburua idatzi zuenean, 30 urte zituen Ernauxek, ezkonduta zegoen eta bi seme zituen, irakasle modura egiten zuen lan. Baina «etxean kaiolatuta» bizitzearen sentsazioa zuen, «bakarrik ama, emazte eta etxekoandre zenaren sentipena», zehaztu du itzultzaileak. Atzera begirako ariketa bat egiten du idazleak, eta bere burari galdetzen dio, «nola bihurtu naiz horrenbeste gorrotatzen ditudan emakumeak bezalakoa?».
Horra nola iritsi den hausnartzea da liburuaren bizkarrezurra, eta gai ezberdinak lantzen ditu bidaia horretan: «Genero rolak, sexualitatea, ama izateak suposatzen duena, gizartearen presioak sortzen dizkion barne-gatazkak…».
Labankadaz betetako esaldiak
Estiloari dagokionez «soila, apaindurarik gabea, esaldi motzekin osatua, neutroa» da Lopez Las Heras itzultzailearen arabera. Hala ere, gerora hain ezaguna egin den «idazkera ernauxtarra» oraindik ez dela ageri aitortu du, «oraindik sentimenduak azaltzen ditu, ez da hain neutroa». Eta idazkera horretarako giltzarria izan zela lan hau zehaztu, hurrengo liburutik aurrera hasten baita idazkera horretan sakontzen.
«Esaldi lehor eta labankadaz betetakoak» aurkituko ditu irakurleak itzultzailearen arabera, bere egia kontatzeko ahalegina sumatzen da lan osoan zehar, «berak bizitakoaren konstantzia hori gal ez dadin». Lopez Las Herasekek aitortu du ez dela irakurketa arina, ezta erraza ere, eta patxadaz irakurri beharrekoa dela: «Oso modu zuzenean baina desordenatuan dago idatzita, itzulingururik gabe». Eta irakurleari akaso hasieran kostatuko zaion arren, «berehala ohituko» dela kontatu du itzultzaileak.
Itzulpenari dagokionez, «erronka handia» izan dela aitortu du, hasieran uste zuena baino zailagoa izan omen da: «Estilo bizi eta kaotikoa euskarara ekartzea zaila izan da». Euskarara itzulitako Ernauxen seigarren lana da.
Literatura unibertsala euskaraz
Gizartea zein bere buruaren epaia presente daude Ernauxen lanetan itzultzailearen arabera: «Literatura ia erabat autobiografikoa da, bere bizitzaz eta berataz hitz egiten du. Baina Ernauxek ez du bere burua ikusten aparteko biztanle edo berezia balitz bezala. Bere testuinguru soziala eta historikoa beste emakumeekin konpartitzen duena eta konektatzen duena». Bere bizi esperientziaz eta historia propioaz baliatuta fenomeno sozial orokorrak eta kolektiboak identifikatu zein azaleratzen ditu Lopes Las Herasen esanetan.
Arrasateko Udalak, Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak, Laboral Kutxak eta Elkar Argitaletxeak elkarlanean antolatutako saria da Jokin Zaitegi saria. Mendigurenen hitzetan «euskara biziko bada, munduko kultura ere euskaraz jaso behar dute herritarrek», eta hori indartzeko asmoz jarraituko dutela sariarekin aurreratu dute. 2023an Jon Fossek eskuratu zuen Literaturako Nobel Saria eta bere lanak euskaratzeko lehiaketa irekita dago abenduaren 31a arte, lehenengo aldia izango da Fosse euskaratuko dena.