INFO

Mariasun Landa, 2023ko Emakunde Saria, sormenaren bidez berdintasunari egindako ekarpenagatik

Mariasun Landa idazleak jaso du 2023ko Emakunde Saria, sormenaren bitartez berdintasunari eta «emakumen eta nesken duintasunari» egindako ekarpenagatik. Aho batez hartu du erabakia epaimahaiak.

Mariasun Landa, Miren Elgarresta eta Nerea Melgosarekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mariasun Landa idazle gipuzkoarrak jaso du 2023ko Emakunde Saria, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldi batean iragarri dutenez. Sariduna bera ere bertan izan da.

Landak berdintasunari eta «neskato, nerabe eta emakumeen duintasunari» egindako «ekarpen sortzailea» nabarmendu du epaimahaiak, aho batez hartutako erabakian. Melgosak azpimarratu du «haur eta gazteei zuzendutako bere literatur lan zabala, zeinetan sexismoaren aurkako borroka eta nesken eta emakumeen ahalduntzea kezka nagusi diren».

Oreretarraren hautagaitza REDAGI Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazioak bermatu du, eta, Melgosak gogoratu duenez, «sariak jasotzen dituen irizpide guztiak biltzen ditu, hala nola sarituak berdintasunaren alde egiten duen ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta eragina».

Azaldu duenez, garrantzi hori agerian geratzen da Landa beste hizkuntza batzuetara gehien itzulitako egileetako bat delako eta hainbat sari garrantzitsu jaso dituelako. Mariasun Landaren literatur ekoizpenak feminismoa eta euskara biltzen ditu eta, horrez gain, sozializazio prozesuan eta nortasun eraikuntzan dagoen publiko gazte bati zuzentzen zaio, gogoratu du.

Epaimahaiak Landak neskato eta nerabeen pertsonaia «erabakigarri eta autonomoak, sentiberak baina erabakigarriak» eraikitzeko duen gaitasuna goraipatu du, Melgosaren hitzetan. Ildo horretan, esan du Berdintasun Saila eta Emakunde ahalegin handia egiten ari direla gazteriarengana iristeko, eta fikzioa «elementu eraginkorra dela neskei eta mutilei berdintasunarekin lotutako hausnarketak hurbiltzeko». 

Landaren militantzia feminista aktiboa ere nabarmendu du epaimahaiak, 80ko hamarkadaz geroztik Donostiako Emakumeen Asanbladan jardun baitu, eta honekin batera azpimarratu du Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa unibertsitatean egindako irakasle lana. Horri guztiari dibulgazio jarduera zabala gehitu behar zaio, egungo feminismoaren historian eta genealogian funtsezkoak diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bidez.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, sari honen bidez «epaimahaiak errekonozimendua zabaldu nahi die fikziozko munduetatik bestelako mundu bat, berdinzalegoa, irudikatzeko aukera eskaintzen duten sortzaileei, beren sormen prozesua ikuspegi feminista duen eraldaketa sozialerako gune bihurtzen dutelako».

Mariasun Landaren lan oparoak hainbat literatur sari jaso ditu: Euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainiarra, 2003an. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, eta 2016an, Rosalia de Castro Saria. Landa, gainera, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kidea da.