INFO

Josu Unanue hil da, militante abertzalea eta hiesaren aurkako borrokan erreferentea

65 urte zituela hil da ostiral honetan Josu Imanol Unanue Astoreka militante abertzalea eta hiesaren aurkako borrokan erreferentea. Politika arloan Bermeoko alkateordea eta EH Bilduko Bizkaiko ahaldun nagusigaia izan zen. Hiesaren aurkako borrokan aritu zen hainbat elkartetan.

Josu Unanue Euskal Errepublikaren aldeko manifestazio batean, 2018an. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Josu Imanol Unanue Astoreka hil da Bermeon ostiral honetan, 65 urte zituela. Duela lau hilabete inguru detektatu zioten garuneko tumore baten ondorioz hil da.

Bermeon jaio zen 1958an, kontserba-industriako arrantzale eta langileen familia batean. Arrasaten Matrizegintza, Injekzio eta Trokelgintza ikasketak egin bazituen ere, Unanuek gaztetatik egin zuen lan koipeztatzaile eta makinista gisa Afrikako uretako atunontzi izozkailuetan.

Bertan lanean ari zela, 25 urterekin GIB birusa hartu zuen. Bi urteko bizi itxaropena eman zioten orduan, baina urte luzez bizirik jarraitzea lortu zuen eta gaixotasun honen aurkako borrokari ekin zion hainbat elkartetan parte hartuz.

1988an Txo-Hiesa taldearen sorreran parte hartu zuen, eta ondoren, 1992an, T-4 kolektiboa sortzen ere lagundu zuen. Mugimendu horretako aktibista nabarmenetako bat izan zen Euskal Herrian.

Itsasoko lana utzi zuenean, prestakuntza zentroetako irakasle gisa jardun zuen zen, eta 2011n politika instituzionalera egin zuen salto EH Bildurekin.

Urte horretako udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten bere herrian, Bermeon, eta lau urtez alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotzi izan zen, Idurre Bidegurenen lehen legealdian. Lau urte geroago, koalizio abertzaleak Bizkaiko ahaldun nagusigai aurkeztu zuen eta legealdi hartan batzarkide eta taldeko bozeramaile izan zen.

Azken hamarkadan hainbat iritzi artikulu idatzi zituen NAIZen. 2019ko testu honetan bere bizitzaren laburpen xumea egin zuen. «Hala eta guztiz ere, esan behar dut orokorrean oso zoriontsua naizela, une onak bizi izan ditudala eta askok nahi zuten gehiengoaren errespetua izan dudala», zioen.

Saren sozialetan dolumin mezuak idatzi dituzte hainbat pertsonak: