INFO
Entrevista
Nerea Ibarzabal
Bizkaiko bertsolari txapelduna

«Bidean sortzen dut bertsoa, zeri kantatzen ari naizen ikusi behar dut»

Bigarren aldiz jantzi zuen txapela larunbatean Nerea Ibarzabal Salegik (1994, Markina-Xemein). Txapelketa honetan bakarkakoetan erosoago sentitu dela kontatzen du, eta emozio asko oraindik nahasirik baditu ere, oroitzapen ona du: lan egin behar izanaren sentsazioa, baina maitasuna jaso izanarena.

Nerea Ibarzabal, Bizkaiko bertsolari txapelduna. (Oskar Matxin | FOKU)

Finala hasi aurretik gehienen kinieletan zen Nerea Ibarzabal, 2021eko Bizkaiko Txapelduna eta iazko Txapelketa Nagusiko finalista. Larunbatean berriz ere Bizkaiko txapela jantzi zuen, Mirbillako ikuskizunean bertsozaleari ilusioa eta hazkurak sortuz. Biharamunean elkartu ginen, sentsazio ezberdinak sabelean eta epaiez harago mintzatzeko gogoz.

Zorionak lehendabizi. Nolako ajea utzi dizu finalak?
Luzea izango den aje bat seguru aski. Eguna luze egin zitzaidan, sentsazio ezberdin pila bat lau orduren barruan, eta denen arteko nahasmen bat dut tripan. Baina pozik.

Sentituz kantatu nahi zenuela esan zenuen finalarren aurretik, kantatzen zuen gorputza presente izan. Lortu al zenuen?
Ematen du asmo oso sinplea dela, baina gero oso zaila da lortzen. Uste dut ongi hasi nintzela. Baina zortziko handian eskapatu zitzaidan; hanka luze hori izan zen saioan zehar gorputzaldia baldintzatu zidana. Nahi barik egoten zara noiz buelta emango zain, edo noiz helduko bertso distiratsu hori, zure hanka sartzea tapatuko duena... Ez nuen guztiz gozatu saioaren lehen zati hori.

Lanean sumatu zintugun.
Lanean ari nintzen, baina aldiro nuen sentsazioa ofizio bakoitzean bertsoren bat ez nuela guztiz biribiltzen. Batzuetan eusteak eta lanak ere hor mantentzen zaituela uste dut, nahiz eta begirada pesimista barneratzean ez ikusi. Ni baino finago zebilen jendea ikusten nuen. Xabat nahiko argi ikusten nuen buruz burukoan, eta bigarrenarekin zalantzak geneuzkan, denok egin genuelako laprastadaren bat momenturen batean.

Buruz burukoan zure izena entzutea sorpresa izan zen?
Duela bi urte askoz tentsoago nengoen. Eta aurtengoan nire burua erlaxatzen edo, ez nuen aizkora hori eskuan, aizkora soltatzen hasia nintzen. Jone eta gero nire izena entzun nuenenean, zorionez plazak ematen dizun irakaspen bat izan zen: altxatu eta kantatu. Askoz libreago sentitu nintzen buruz burukoan. Beste bat bihurtu nintzen. Buruz buruko on bat eskaintzen zentratu nintzen. Helburua argiago izanda, ni ere lasaiago nenegoen.

 

«Bost emakume geunden lehen aldiz, eta hainbat momentutan askoren bakardadea izango zena orain argazki kolektibo bat izatea ez da berez etortzen den lorpen bat».


Laguntasunari kantatu zenion bi bakarkakoetan.
Lehenengo bertsoaldian gaiak zehazten zuen, eta bada gai bat denok ukitzen gaituena. Baina geratu nintzen pixka bat zabar aritu izanaren sentsazioarekin, eta izan daiteke nahi gabe arantza hori berragertzea buruz burukoan. Aurtengo txapelketan bakarkakoetan ofizioetan baino erosoago nenbilen, eta ez dakit esaten zergatik den. Uste dut, agian, aurten zortzi puntukoa hartu dudalako bakarkakoetarako. Agian libreago sortzen dut luzean eta gai zabalagoetan. Ofizioetan inoiz baino lotuago sentitzen nintzen. Ez zitzaidan lehenago inoiz gertatu. Ofizioetan halako maldiziotxo bat edo sentitzen nuen txapelketa honetan.

«Izan nahi genukeenaren zirriborro bat airean»  marraztu nahi zenuela esan zenuen. Lortu zenuen?
Agian, bai. Agur horrek bi interpretazio izan zitzakeen: izan nahiko genukeena gizarte moduan edo ideologikoki; eta izan nahiko genukeena bertsotan, inoiz ez dago-eta perfekziorik. Beti da frustrantea bezain ederra egin aurretik existitzen dela perfekzioa, baina exekutatu behar duzuenean, beti izaten dela zer edo zer, lehen perfektua zena baina egindakoan ja ez dena hain perfektua. Baina egin izan ez bazenu, ez zen egongo. Inperfektuki gauzak egitearen aldeko aldarria dut.

Askotan sumatu duzu gauzak perfektu egin beharra?
Uste dut umetatik izan dudan izateko modu bat dela. Asko laga naiz definitzen kanpotik gauza denak ongi egiten dituen ikasle bat bezala. Horrek hainbeste definitzen zaituenean, hanka sartze batek ematen du zure izaera ezabatuko duela, eta hori oso krudela da. Uste dut hori onartzen ikasi behar dudala. Baina lau mila lagun aurrean dituzunean eta ez daukazunean egin nahi duzunaren gainean erabateko kontrola, lur asko mugitzen dira.

Nerea Ibarzabal, bigarrenez txapeldun Bizkaian.
Nerea Ibarzabal, bigarrenez txapeldun Bizkaian.

Zehaztasunak ikusten dira zure bertsoak aditzean. Atera aurretik lagunei arroparen argazkia bidaltzen dien gaztea, komuneko atea hankaz eusten duena, pastilak eta pixaren konpresak partekatzen dituzten adineko emakumeak...
Nahi barik nire begirada horrelakoa da. Bakarka barruak eskatzen  dit oso solte hastea. Gehiago frustratzen naiz oso josita hasita, ze asko josteak ahoa zabaldu orduko hori ahazteko beldurra eragiten dit. Nik asko egiten dut bidean, eta bidean sortze horrek behartzen nau ni ere gauzak bisualizatzen, esan ahala kasik. Adibidez, konpresaren errima ondoezak esan eta gero etorri zitzaidan. Bakarka nabilenean oso bidean noa, eta neuk ere beharra daukat zeri kantatzen ari naizen ikusteko, eta uste dut horregatik kontatzen dudala hain bisual.

Amaierak festa bat zirudien.
Argazki gogoangarria izan zen amaierakoa, eta parte izatea, niretzat pertsonalki, opari bat. Zenbat txalotu zen bakoitzaren agurra, zenbat ideia ezberdin eta aldarrikapen eder eta inportante; bakoitzak bide batetik heltzen zion, eta jendeak izugarrizko maitasuna transmititzen zion gutako bakoitzari. Laguntasunaren eta maitasunaren emozio afektiboa zegoen.

Gaur hobeto lo egingo duzu?
Baietz espero dut [irriak]. Txapelketak eragiten du epai handi bat, zure burua etengabe baloratzen egote bat; eta ez txapelketan bakarrik, urte osoko plazetan ere bai. Nik ez dut bertsolaritza  horrela bizi nahi, ez behintzat une oro.