INFO

Eragileak ostegunean onartuko den Hezkuntza Legearen aurka: «Aukera galdu baten aurrean gaude»

Osteguneko bilkuran onartuko da EAEko Hezkuntza Lege berria, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Astelehen honetan hainbat eragilek nabarmendu dutenez, «aukera galdu baten aurrean gaude»: «Etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzerik urrun geratuko da».

Eragileen ordezkariak Gasteizen egindako agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak onartuko du ostegun honetan EAEko Hezkuntza Lege berria, EAJ eta PSEko ordezkarien aldeko botoekin. Oposizioko talde guztiak jada agertu dira bozkatuko den testuaren aurka, eta astelehen honetan hainbat eragile kontra agertu dira.

Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE, Hik Hasi, ELA, LAB, Steilas, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU eta kulturgintzako hainbat ordezkarik adierazi dutenez, «aukera galdu baten aurrean gaude».

«Zoritxarrez, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun geratuko den legea izango da. Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa», nabarmendu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak Gasteizko Europa Jauregian egindako prentsaurrekoan.

Gogoratu duenez, agerraldian parte hartu duten eragileak bi urtez aritu dira elkarlanean, lege berriak datozen belaunaldiak euskalduntzeko eta hizkuntza korapiloa askatzeko jaso beharrekoak lantzen, arrazoitzen eta proposatzen.

2021eko abenduaren 16an, duela bi urte, ‘Euskaraz hezi, berdintasunean hazi’ izeneko adierazpena aurkeztu zuten, eta 2022ko urruan euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamena aurkeztu zuten.

Gainera, joan den azaroaren 20an, Kontseiluak 20.000tik gora herritarren sinadurak entregatu zituen Legebiltzarrean, euskarazko ikasteredu orokortua aldarrikatuz.

Hizkuntza-ereduen sistema

Izan ere, Eskisabelen esanetan, «40 urteko esperientziak erakutsi digu ereduen gainean eraikitako sistemak ez duela balio etorkizuneko belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko; are, segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen dietela milaka haurri».

«Euskararen normalizazioa eragozteaz gain desberdinkeriaren ezartzaile direla, gizarte kohesiorako traba. 40 urte esperientziak erakutsi digu hizkuntza-ereduen sistemak ez duela balio legeak berak finkatutako B2 helburura iristeko», gaineratu du.

Aipatutako hizkuntza-ereduen sistemaren jarraipena jasotzen du Hizkuntza Lege berriak, EAJk eta PSEk adostutako emendakin bati esker. Dena den, elkartutako eragileek hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin lanean segitzeko konpromisoa berretsi dute.

«Hemen gauden eragileok geure hezkuntza komunitatearekin, euskararen normalizazioarekin, justizia sozialarekin, eta, batik bat, haur eta gaztetxo horiekin sentitzen dugun konpromisoan berresten gara. Eta aurrera begira, lanean segituko dugu, akordio sozial zabalen lanketaren bidez, hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin, euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz izan dezan, eta horren behar bezalako lege babesa izan dezan», esan du Eskisabelek.

Osteguneko eztabaidara begira mobilizazioak izango dira Legebiltzarraren aurrean. EHEk iragarri du elkarretaratze bat egingo duela goizeko 9.00etan.