INFO

35 urteko gizon bat hil da Hendaiako etxebizitza batean izandako leherketaren ondorioz

Hendaiako Hostailbide karrikan kokatzen den eraikina batean leherketa bat gertatu da astearte iluntze honetan eta, ondorioz, 35 urteko gizonezko bat hil da.

Antxeta Irratiko kazetariak X sarean eman du eztanda gertatu den karrikaren argazkia. (@antxetairratia)

Hendaiako erdigunean ezusteko handia gertatu da astearte iluntze honetan. Oraindik argitzeko dauden arrazoiak direla medio, sute handia piztu da eraikin batean.

Lehen informazioen arabera, leherketa bat gertatu da etxebizitza batean eta Pirinio Atlantikotako Poliziak mezua jarri du X sare sozialean, Hostialbide karrikara ez bertaratzeko eskatuz.

Zehazki, karrika horren inguruan ezarritako segurtasun hesia errespetatuz sorosleen lana ez trabatzeko deia egin du Poliziak.

Hendaiako erdigunean kokatzen den karrika izanik, komertzio eta oso bestelako zerbitzuak daude inguruan.

France Bleu Pays Basque irratiak zabaldu duenez, 35 urteko pertsona bat hil egin da leherketaren ondorioz. Hedabide horrek zehaztu du ezbeharra Hostailbide karrikaren 12. zenbakian gertatu dela, lehenengo solairuan.

Suhiltzaileak berehala bertaratu dira eztanda gertatu den tokira eta nahiko azkar hartu dute sutea mendean.

Etxebizitzan sartu direnean 35 urteko gizonezkoa atzeman dute, baina sorosleek ezin izan dute deus ere egin pertsona horren bizitza salbatzeko.

Gertakaria izan den karrikatik aski gertu dago Hendaiako Herriko Etxea.

Hiriko auzapez den Kotte Ezenarro istripuaren berri hartzera joan da.

Jazotakoaren ondorioz, Baionan Euskal Elkargoaren batzorde iraunkorrak egin duen bileran bere parte-hartzea bertan behera utzi du Ezenarrok, erakundearen lehendakariordeetako bat denak.