INFO

Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu akordioa sinatu dute Hondarribian

Hondarribiko Udala gobernatzeko akordioa sinatu dute Abotsanitzek eta EH Bilduk. Aniztasuna eta desberdinen artean elkarguneak sortzeko garrantzia nabarmendu dute bi alderdiek.

Garoa Lekuona (EH Bildu) eta Estitxu Urtizberea (Abotsanitz), akordioa sinatzen. (NAIZ)

Abotsanitzek eta EH Bilduk Hondarribiko udalerako gobernu akordioa sinatu dute 2023-2027 legealdirako. «Diferentzien gainetik, aniztasuna balioan jarri eta, elkarguneak sustatu eta elkarrizketa eta eztabainda eraikitzailean oinarritutako akordio zabalak adosteko garaia da. Herritarrek lan egiteko ereduan aldaketa eskatu dutelako eta legealdi hau aldaketaren legealdia izatea nahi dugulako», azaldu dute bi alderdiek. EAJren aginte luzearekin amaitu zuen Abotsanitzek azken hauteskundetan.

«Akordio hau Hondarribiko Udalaren gobernagarritasunerako akordioa da, baina ez dugu bi alderdiren batuketa soila izaterik nahi. Hondarribiaren alde gure etorkizuneko apustua partekatzen dutenen elkargune eta batura izan nahi dugu. Espazio berriak eraiki nahi ditugu, bakoitzaren identitatea errespetatuz, osatzen duten alderdien batura aritmetikoa baino harago joango direnak. Hondarribian horretarako baldintzak daudela uste dugu», gaineratu dute.

Oinarriak eta konpromisoak

Bost oinarri ditu Abotsanitzek eta EH Bilduk sinatu duten akordioa: udal administrazio sendo eta modernoa sustatzea herri erronkei aurre egiteko; herritarren partaidetzan oinarritutako gizartea bultzatzea; justizia soziala eta herritar guztien bizi baldintzak hobetzea helburu duen herri euskalduna oinarri izatea; gobernagarritasunaren zaintza bermatzea akordio estrategikoa garatzeko eta azkenik, Udalaz gaindikoak diren eskualdeko beste erakundeetan izango dugun jarreraz mintzatzen den oinarria.

Akordioak era berean hamaika konpromiso jasotzen ditu: Agintaldi Plana; HAPOaren eguneratzea; euskara; Berdintasun Saila eta teknikaria; etxebizitza; mugikortasuna; zaintzen duen hiria; komunitatea eta gobernantza; alardea; Hondarribia herri hezitzailea eta energiaren ekoizpen lokala eta Hondarribiko 2050 Klima Plana.

Bi alderdietako zinegotziek parte hartuko dute sei kidez osaturik egongo den Gobernu taldean. Udala osatzen duten arloetako batzorde buruak berdin mantenduko dira, EH Bilduko zinegotzi bat bigarren alkateorde izango delarik.

Abotsanitz 2015ean eratu zen alderdi bezala, Bilduko zinegotzi batek 2013ko alarde diskriminatzailean parte hartzeagatik –egun batzuk geroago dimisioa aurkeztu zuen–.