INFO

EAEko sektore publikoko grebaren jarraipena oso zabala da, sindikatuen arabera

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek deituta greba eguna dute EAEko arlo publikoan, «zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua hemen adostu» lelopean. Adierazi dutenez, jarraipena «oso zabala» izaten ari da, bereziki garraioan. Lakuaren arabera, %5,53koa izan da Osakidetzan.

Sektore publikoko langileen manifestazioa, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek nabarmendu dutenez, urriaren 25ean gertatu bezala, astearte honetan ere, lehen orduko datuak aztertuta, «EAEko sektore publikorako deitutako grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da».

Aipatu sindikatuek nabarmendu dutenez, ‘Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu’ lelopean hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan 27.000 langilek parte hartu dute.

Gasteizko manifestazioa hasi baino lehen ELAko Esther Saavedrak adierazi duenez, «iruditzen zaigu langile publikoen plantilla gure aldarrikapen nagusia sendotasunez eskatzen ari dela: enplegua eta soldata hemen adostu ahal izatea eta negoziazio mahaiek greba honetara ekarri gaituzten aldarrikapenak barne hartzea».

Saavedrak azpimarratu du jarraipena «aurreko deialdietan baino garrantzitsuagoa» izaten ari dela, bereziki garraioan.

«Eskaera bikoitza» egin dute sindikatuek. Batetik, ostegunean, abenduaren 21ean, EAEko aurrekontuak bozkatuko diren egunean, «langileen aldarrikapenak eta herritarren beharrak ez lehenesteko inolako aitzakiarik» ez dagoela argi utzi dute.

Bestetik, euskal alderdi politikoei eskaera egin diete bozak baliatu ditzatela Madrilen negoziatuko diren aurrekontuetan «ez dadin betorik ezarri hemen zerbitzu publikoak, enplegua eta soldatak adosteko».

Era berean, «zerbitzu publikoekin gertatzen ari dena larria dela» salatu dute manifestazioen bukaeran, «zerbitzu publikoen gainbehera, lan baldintzen okertzea eta horrek herritarren arreta kalitatean duen higadura», hain zuzen.

Ildo horretatik, honakoa aldarrikatu dute: «%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa», «pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea», «enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8raino txikituz», «lan kargak arintzea eta plantillen osasuna bermatzea», «politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea», «administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe», eta «jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean».

Jarraipena sektoreka

Sindikatuen arabera, Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen «oso zabala» izan du. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, lanuztea %60koa izan da eta Haurreskoletan langileriaren %70 ingururen babesa izan du grebak. EHUn jarduera akademikoa «oso urria» izan da, leku askotan azterketetarako gutxieneko zerbitzuak izan dira jarduera bakarrak eta jarraipen «ia osoa» izan da fakultate batzuetan, Magisteritzan kasu.

Udal eta foru esparruan, «aurretik genituen datuak berretsi dira». Eskualde desberdinetako udal handienetan jarraipena «oso esanguratsua» izan dela esan dute, hiru hiriburuetakoak nabarmenduta.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, informatiboak bakarrik emititzen ari direlarik. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren, Metro, eta Donostibusen greba jarraipen «oso zabala» eta Tuvisan erabatekoa izaten ari da; zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari dira.

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan lanuzteak ere jarraipen «zabala» izan du baina herrialdeka eta esparruka aldakorra izan da. Sindikatuek Bilbon Gran Vía 85ean Ertzaintzak «greba eskubidearen aurka izandako jarrera» salatu dute. Estatuko langileen esparruan jarraipena «apalagoa» izan dela diote.

Gutxieneko zerbitzuak Osakidetzan

Sindikatuek salatu dutenez, ordea, Osakidetzan zerbitzu minimoek «guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena».

«Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak ehuneko ehunekoak direlako. Adibidez, gaueko txandan ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Hala ere, gaurko grebaren jarraipena urriaren 25ekoa baino handiagoa izango dela dirudi», kritikatu dute.

%5,39ko jarraipena, Osakidetzaren arabera

Osakidetzak emandako datuen arabera, goizeko txandako langileen %5,53k bat egin du sindikatuek deitutako grebarekin. Gaueko txandan, aldiz, %0,10ekoa izan da jarraipena eta arratsaldekoan %6,79koa. Oro har, %5,39ko eragina.

Goizeko jarraipena antzekoa izan da herrialdeka: Araban %4,9koa, Bizkaian %5,7koa eta Gipuzkoan %5,5ekoa. Lanbide-kategorien arabera, medikuen %2,79ak eta erizainen %6ak egin du greba. Osasun Zerbitzu Publikoko gainerako kategoria profesionaletan langileen %7,75k egin dute greba.

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Lan Harremanen Zuzendaritzak esan du EAEko Administrazio Orokorreko plantillaren %7,75k greba egin duela.

Hezkuntzan, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza zerbitzura ikastetxeetako zuzendaritzek bidalitako datuen arabera, eta ikastetxe publikoen %95aren gaineko informazioa jasota, ikastetxe horietako irakasleen %29,8k bat egin du grebarekin, Lakuaren arabera.

Segurtasun Sailak adierazi duenez, berriz, Sailean lan egiten duten langile guztien %1,01k egin du bat grebarekin.