INFO

Gazako kazetariak, Israelen oldarraldi suntsitzailearen lekuko eta biktima

Gazako Zerrendan lanean ari diren kazetariak garesti ordaintzen ari dira Israel Palestinan aurrera eramaten ari den genozidioaren berri ematea. Urriaren 7tik, 60 komunikatzailetik gora hil eta gehiago zauritu arren, hantxe segitzen dute, munduak gertatzen ari dena jakin dezan.

Adel Zorob kazetari palestinarraren gorpua daramate kideek, astearte honetan. Israelen bonbardaketa batek hil zuen. (Mohammed ABED | AFP)

Gazako kazetariek, beren bizia arriskatzeaz gain, baldintza prekarioetan egin behar dute beren lana, telekomunikazioen egoera kaskarra baita. Ezin ahantzi senideen etengabeko kezka ere.

Al-Jazeerako Samer Abu Daqa bideo erreportaria da, momentuz, Gazan azken hilabeteetan hildako kazetarien zerrenda luzeko azken izena. 64 profesionalek galdu dute bizia Zerrendan iragan urriaren 7an Israelek aspalditik abian duen Palestinaren aurkako okupazio eta genozidioa gogortu zuenetik: kazetariak, argazkilariak, kamerak, teknikariak... «Egunero da hil ala biziko kontua», onartu du Mota Azaiza fotokazetari palestinarrak.

Batzuk familiekin batera hil dituzte, etxeak bonbapean hartu dizkietenean; bertzeak, tokian bertan informatzen ari zirelarik akabatu dituzte.

Hildako kazetari gehienak palestinarrak dira. Badira lau israeldar ere, Hamasen erasoaetan hilak, eta lau libanoar, Israel eta Libanoko mugan hilak, Israelgo Armadak Hizbullah erakundeari eginiko erasoetan.

19.453

Dagoeneko 19.453 palestinar hil ditu Israelek urriaren 7tik hona, Hamasen Osasun Ministerioaren datuen arabera. Bi milioi gazatar bezala, Khoudary ere ihesi joan zen, etxea eta bulegoa utzita. Gaza hegoaldera jo zuen, genozidio honen izugarrikeriak dokumentatzeari inoiz utzi gabe.

Aurrena Al-Shifa ospitalean egon zen. Bertan hartu zuten babesa milaka palestinarrek. Gero, Rafah herrian izan zen, Egiptoko mugatik hurbil.

Mugarik Gabeko Kazetarien Ekialde Ertaineko arduradunak, Jonathan Dagher-ek, definitu duen bezala, Gazan «kazetariak itotzen» ari dira.

Borroken mehatxuaz aparte, propagandari egin behar diote aurre, baita zentsura saiakerei ere.

2007an Hamasek Gazaren gobernua hartu zuenetik aunitz aldatu da kazetarien lana, Adel Zaanounek esplikatu duenez. Palestinako Agintaritzarekin muga gutxiago zituztela azaldu du 30 urtez AFP agentziarentzat lanean ari den erreportariak.

Senide eta lagunak galtzea

Mugarik Gabeko Kazetariek kritikatu dutenez, Israelek ez ditu babesten erasoen lekuan ari diren kazetariak. Ez dute babesleku bakar bat ere.

AFPk elkarrizketatu dituen kazetari guztiek, agentzia frantsesarentzat ari diren bi kide tartean, galdu dituzte senide eta lagunak gatazka honetan. Batzuek lanean ari zirela jaso zuten albiste lazgarria.

Halaxe gertatu zitzaion Wael al-Dahdouh Al Jazeera kateko Gazako bulegoko buruari. Zuzeneko batean jakin zuen emaztea eta bi ume hil zituztela.

«Nire beldurrik handiena hori zen», adierazi dio AFPri. Bera ere zauritu zuten ostiraleko bonbardaketa batean. Abu Daqqa bere lankideak bertan galdu zuen bizia.

Bonben mehatxupean aritzeaz gain, ura, janaria, erregaia eta argindarra falta dute Gazako komunikatzaileek. «Interneten sarbidea moztuta, agintari israeldarrak erreportariei beren lana egitea eragozten ari dira. Informazio eskubidea urratzen ari dira», gaitzetsi du Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteko Dagherrek.