INFO

Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bech hil da

Hiru hamarkadaz Alberdaniako editore izandako Jorge Gimenez Bech asteazken goiz honetan hil da, gaixotasun baten ondotik. Idazle, itzultzaile eta argitaratzailea, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ere izan zen hamalau urtez.

Jorge Gimenez Bech editore eta itzultzailea. (Jon URBE | FOKU)

Jorge Gimenez Bech (Irun, 1956) asteazken goiz honetan hil da, 67 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Argitaratzaile, idazle eta itzultzaile lanetan aritua da Gimenez Bech, baina batez ere hiru hamarkadaz Alberdania argitaletxearen buru izateagatik da ezaguna. Argitaletxea 1993. urtean sortu zuen, Inazio Mujika idazlearekin batera. Aurretik, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko burua izan zen hainbat urtez.

Argitalpenen munduan egindako ibilbide luzeaz gainera, Euskal Idazleen Elkateko lehendakari ere izan zen hamalau urtez, 1997tik 2013ra, eta Gasteizko Gobernuaren Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazioko zuzendari ere izan zen 2013 eta 2017 urteen artean. Telebistan ere aritu zen, ‘Zeuk erabaki’ eta ‘Goenkale’n.

Euskal Herriko hainbat hedabiderentzat idatzi ditu artikuluak eta literaturaren munduan ere aritua da. 1995ean, esaterako, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen euskararen atalean ‘Trenaren zain’ lanagatik.

Itzulpengintzan ere lan mardula egindakoa da. Hainbat idazleren lanak itzuli ditu euskaratik gaztelaniara, Anjel Lertxundirenak asko (‘Capitán Fracasa’, 2023; ‘Sombras en el espejo’, 2022; ‘Última función’, 2021), eta baita Arantxa Iturbe (‘¡Ay, madre!’, 2006; ‘Ya ni siquiera es tarde’, 2005), Inazio Mujika Iraola (‘Tiempo de cerezas’, 2006), Yurre Ugarte (‘Fascinable’, 2021), Jokin Muñoz (‘Letargo’, 2014; ‘El camino de la oca’, 2008) edota Aingeru Epaltzaren (‘Fuego de paja’, 2007) lanak ere.

Bere heriotzaren berri izatean hainbat izan dira sare sozialetan bere samina adierazi dutenak, Euskal Idazleen Elkartea tartean:

Katakrak argitaletxeko lagunek ere izan dute gogoan:

Politikaren arloan ere ibilitakoa zen Gimenez Bech: gazte zela Euskadiko Ezkerra alderdian inguruan ibili zen.

2021an, publikoki egindako adierazpen batzuen ondotik izan zuen oihartzuna: aita guardia zibila zuela eta 1982ko urrian ETAko ekintza baten ondotik hil zela iragarri zuen. Gogoan-ek antolatutako solasaldi batean kontatu zituen gertaera hark eragin zizkion samin eta gogoetak, eta hainbat komunikabidetan ere idatzi zuen zauri horien inguruan.