INFO

Atzeko lan gogorren erakusmahai apainak, Donostia eta Bilboko San Tomasetan

Baserritarrak dira hirira gerturatzen direnak, baina gaur egun, San Tomas egunak gehiago egiten du hiritarrek baserritarren mundua ezagutu dezaten. Lan gogorraren erakusleiho apainak izan dira, aurten ere, Bilbo eta Donostia.

Ogia eta gozoa, Bilboko San Tomas egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txalapartaren doinuak hurbiltzen du bisitaria Boulevard aldera, Idiazabal gaztaren usainak erakarriko du Alde Zaharrean sartzera, eta jende saldoaren inertziak Konstituzio plazara. Han dago Xixili, Donostiako San Tomas eguneko festaren erregina.

Bake ederrean egongo zen Xixili Aizarnazabalgo Larraxko baserriko lurretan, Etxabe auzoko goiko zelaietan, atoian sartu eta Donostiako Konstituzio plazara eraman duten aurretik. Belarriekin begiak tapatuta zituen Manu Eizagirre Basatxerriko ekoizle eta abeltzainak ekarritako txerriak, lotsatuta agian, baina aztoratu gabe, txintxo, haur eta helduek argazkiak egin dioten bitartean, Zinemaldira datorren izarra nola. Ez zen gutxiagorako, 350 kiloko txerrama.

Neguak iritsi bezain pronto ekarri duen eguraldi gozakaitzari sagardoarekin egin diote kontra baserritarrek eta baserritarrez jantzitako kaletarrek, Elena Odriozolaren kartel berriak ilustratu modura. Goizetik ilarak zituzten Baztango Marrakukuko eta Ataungo talogileek, eta zenbaitek antxoa poteari heldu dio, beste batzuek plazaren kontrako ertzera egin dute gozo bila, datozen egunetan kutixiak mahairatzeko.

Bi zauritu arin

Kontsumitu, gozatu eta elkar topatzeko egun honetan, baina, izan da nahigaberik Donostian. Udalak ohar batean jakinarazi duenez, 40 eta 44 urteko bi gizonei erredura arinak eragin dizkie Gipuzkoa plazako talo postu bateko suak. Instituzio honek azaldu duenez, erabiltzen ari ziren plantxan gas poltsa bat sortu da eta berriro piztu nahi izan dutenean poltsa horrek su handia sortu du, bi gizonak harrapatuz eta postuan kalteak eraginez. Suhiltzaileak sua itzali dute eta zauritutako gizonak Bengoetxea kaleko osasun zentroan artatu dituzte lehendabizi eta gero ospitalera eraman dituzte.

Sua handitu da Gipuzkoa plazako talo postu batean.
Sua handitu da Gipuzkoa plazako talo postu batean.

Bestelakoan, barazkiak, fruta, gazta, erroskilak, eztia, ogia, euskal pastela. Ostegun honetan hirian jarri diren 167 postuetan etxeko produkturik onena zabaldu dute baserritarrek, jan-edaneko egun pasara erdu denaren atentzioa erakarri nahian, merkatuak ez baitu helburu, soilik, herritarrek tripa betea eta otarra hutsa eraman dezaten: postuan dagoena lortzeko, lan asko dago atzean.

Artadiakoek (lehen Ezkurtxerri), kasurako, hilabete eman dute buru-belarri lanean, hiru pertsonaren artean San Tomas egunerako 1.500 kilo txistorra prestatzeko. Etxe honetako Agurtzane Subijanak zehaztu duenez, Getariako Meaga auzoko Eguzkitza baserritik EAEko ikastetxe, jatetxe eta saltoki handi zein txikietara banatzen dute txistorra gaurko egunez.

Subijana-Zendoiatarren produktuak, gainera, eskarmentua du San Tomaseko txistorra txapelketan: lehenengo saria jaso zuen 2018an eta 2014an, hirugarrena iaz eta 2016an. Lehian izan da aurten ere.

Gipuzkoa plazako karpa baten pean zintzilik zeuden Euskal Herriko XXVII. Txistor Lehiaketako hogei parte-hartzaileen produktuak. Alde batetik eta bestetik miatu dituzte epaimahaiko kideek, aztertu dituzte bakoitzaren barruko osagaiak eta, azkenik, kozinatuta dastatu, sagardoa edo ardo beltzarekin lagunduta. Epaileen artean zen Txarri Txikiko (Aia) Carlos Lekube, iazko txapelketaren irabazlea.

Aurten, Zarauzko Gesalaga Okelaneko Jose Luis Gesalagak jaso du txistorra onenaren saria, eta lehenengoz egin den ‘Txistorra gastronomian’ lehiaketan Ilunpe elkartekoak izan dira garaileak. Barazki onenak Soraluzeko Ezozi Etxeberriak ekarri ditu, eta fruiturik goxoenak Maddi Iradik, Hernanitik.

Txistorraren orbitan eta sagardoaren aparretan ospatzen den egun honek, alabaina, bestelako alternatibak ere eskaintzen ditu. Adibidez, txistorra beganoa eskaini dute Birunda proiektu autogestionatuko kideek, eta parrada luzatzeko proposamena Donostiako asanblada transbollomarikak: ‘Bollotomas’, bertso-saioa Garraxi tabernan –Uxue Fernandez, Uxue Alkorta, Eli Pagola eta Izaro Bilbaorekin– eta festa Marruman.

‘La Otxoa’-ri eskerrak eta indaba solidarioak

Bilbon zorte hobea izan da eguraldiarekin, goizean bederen. «Bizkaiko hiriburuko pertsona ospetsua izanda, LGTBI kolektiboaren errealitate zabal eta askotarikoa ikusarazteko eta normalizatzeko egin duen lan bikainagatik», Jose Antonio Nielfa ‘La Otxoa’ artista omendu dute eguna hasteko, eta hark eman dio hasiera San Tomas azokari.

Ohi bezala, Areatza eta ingurua dira Bilboko San Tomas azokaren erdigunea. 122 ekoizle ari dira parte hartzen, 216 salmahaitan eta 12 txosnatan banatuta.

Goizean, ekoizleen saltokietatik hurbilen dauden aterpeetan 2.000 anoa indaba prestatu dituzte Bisubi Fundazioko sukaldariek. Proposamen solidario honekin bildutako dirua Aspanovas Fundaziora, Zaporeak Fundaziora, Koop SF34 Elkartera eta Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko dute. Halaber, San Tomaseko menu handi horren soberakina tupper solidarioak sortzeko erabiliko da, bai azokan salgai jartzeko, bai aurtengo edizioko laguntzaileen artean banatzeko.