Berrehun lagun inguruk parte hartu dute ‘Kontxapuzoi’ solidarioan
Berrehun lagun inguruk parte hartu dute astelehen honetan Fortuna Kirol Elkarteak Kontxako hondartzan antolatu duen ‘Gabon Kontxapuzoia’ ekimenaren XV. edizioan. Jasotako dirua Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango diote.
Berrehun lagun inguruk parte hartu dute astelehen honetan Donostian izan den ‘Gabon Kontxapuzoia’ ekimenean. Fortuna Kirol Elkarteak Kontxako hondartzan antolatu du 2023ko bainu solidarioaren XV. edizioa, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren mesedetan.
Hitzordua Eguberri eguneko eguerdian izan da, Kontxako hondartzan, ‘Los Relojes’ balkoiaren parean. Bertatik abiatu dira igerilariak, tartean gazte eta helduak, batzuk gabonetako txanoak jantzita.
Parte-hartzaileak aldi berean atera dira hondarrean jarritako helmugatik eta bakoitzak bere erritmoan osau dute balizatutako ibilbidea, 300 metroko ingurukoa.
Hamabost euro ordaindu dute igerilariek ekimen honetan parte hartzeko. Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, ‘Kontxapuzoi’ solidarioaren inguruko kanpainan bildutako diru guztia Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango zaio, «elikagaiak xahutzearen aurkako borrokarako».
«Proposatutako helburua lortze aldera, Gipuzkoako Elikagaien Bankua elikagaiak fabrikatzen edo banatzen dituzten probintziako enpresetan soberakinak eta dohaintzak lortzen saiatzen da, gure gizarteko pertsona behartsuenak zaintzen dituzten erakundeei helarazteko», gaineratu du.
Ekarpena egin nahi duten herritarrek oraindik egin dezakete ‘Toldo 0’ ekimenaren bidez. Urtarrilaren 6a arte irekita egongo da elkartearen webgunean.