INFO

Eskuin muturra Europan: portzentaje elektoralak eta agintariak

Frantziar Estatua, Italia, Alemania, Herbehereak, Hungaria... Eskuin muturraren gorakadari erreparatu dio bere azken alean ‘Erria’ aldizkariak, Iratzar Fundazioak argitaratua; portzentajeak eta zenbait agintariren ezaugarriak biltzen ditu.

Geert Wilders, eskuin muturretik Europako agertokira iritsi den azkena. (Robin Utrecht | AFP)

Eskuin muturra goraka doa Europa osoan; birus bat bezala, antigorputz ahulak zituen kontinente batean hedatzen ari da. Frantziar Estatuan Marine Le Penek gidatutako RNk 13,3 milioi boto jaso zituen 2022ko hauteskundeetan, eta Eric Zemmour Reconquêteko buruak 2,5 milioi, laugarren indarra izan zen. Macronen Gobernua eskuineratu egin da azken urteetan. Espainiar Estatuan Voxek 52 eserleku ditu, hirugarren indarra da; botoen %15,21 lortu zuen. Voxek PPren Gobernuak ahalbidetu eta joera atzerakoiak indartu ditu, bai gizartean bai Alderdi Popularrean.

Italian Giorgia Meloniren alderdia izan zen bozkatuena azkeneko hauteskundeetan, botoen %42,87rekin, Forza Italia eta Liga Norte alderdien botoak gehituz. 12 milioi boto Mussoliniren oinordetzari uko egiten ez dion alderdi batentzat. Alemania noranzko horretan doa: AfDren igoerarekin, baina batez ere, Sahra Wagenknechten Die Linkeren zatiketarekin. Ondoan dago Polonia, eskuin muturreko ideologia katolikoak, kontserbadoreak eta atzerakoiak dituen gobernu batekin. Hungarian 2010etik Viktor Orbanen Gobernuak, gehiengo absolutuarekin, demokraziaren kontrako agenda indartsua darama aurrera, gutxiengoen kontrako gurutzada betean.

Herbeheretan izan da eskuin muturraren azken garaipena, Geert Wildersen Askatasunaren Alderdiak irabazi baitu. Suedian eskuin muturrak indar kontserbadore tradizionalak ordezkatu ditu eta bigarren indar izatera iritsi da. Belgikan Vlaams Belang eskuin muturreko alderdia bigarren indarra da, botoen %18,5 lortu ditu.

Esan dezakegu, Europa mailan, elektoralki, Euskal Herrian duela indar txikiena eskuin muturrak. Ipar Euskal Herrian RNen eta Hego Euskal Herrian Voxen indarra ez da oso handia. Azpimarratu behar da, oro har, Europan, mugimendu subiranistak dauden herrietan, eta mugimendu feminista indartsuak zein sindikatu eta eragile sozialen mobilizazio handiak direnean, eskuin muturrari aurre egiteko antigorputzak aktibatuago daudela.

Eskuin muturreko lider nagusi eta emergenteak


Frantziar Estatua: Rassemblement National (RN) alderdiaren liderra da Marine Le Pen; Fronte Nazionalaren ordezkoa da alderdia. Jean-Marie Le Penen alaba da, eta bere aitak ordezkatzen duen eskuin muturrarekin aldenduz, Marinek eskuin mutur berri eta moderno baten formulazioan asmatu du.

Marine Le Pen. (Ludovic MARIN | AFP)

Kultura aniztasunaren kontrakoa da, eta islamismoa da haren etsai nagusietako bat. Frantziar subiranotasunaren eta «harrotasun nazionalaren» defentsarekin, bi etsai planteatzen ditu: barrura begirakoa immigrazioa; kanpora begirakoa Europa eta elite ekonomikoak. Bientzat erantzuna da nazio frantsesaren identitatea berreskuratzea. Eskuin mutur berriaren «sortzaileetako» bat da.

Hungaria: 2010. urtetik Poloniako lehen ministroa da Viktor Orban, Fidesz alderdi ultraeskuindarrekoa. Immigrazioaren kontrako jarrera argia dauka eta xenofobia leporatu izan zaio askotan.

Viktor Orban. (Attila KISBENEDEK | AFP)

Hainbat erreforma antidemokratiko egin ditu prentsaren, botere judizialaren eta Hungariako Banku Zentralaren independentzia mugatzeko. Ekonomian, zergak gutxitu ditu, eta unibertsitate matrikulen laguntzak kendu. Eskuin mutur berriaren aurpegi ezagunenetako bat da, demokrazia «ez-liberala»ren defendatzailea: alegia, gutxiengoen tolerantziaren kontrakoa, botere banaketaren kontrakoa eta ultranazionalista. Putinen Errusia litzateke demokrazia «ez-liberal» horren beste adibide bat.

Italia: Giorgia Meloni Italiako lehen ministro berria da, Fdl Italiako Anaiak alderdiaren buruzagia. Euroeszeptizismoa oinarri, ultranazionalismo eskuindarraren alde egiten du, balio kontserbadoreak hauspotuz: abortua, eutanasia eta genero bereko ezkontzaren kontrako agenda bultzatzen du.

Giorgia Meloni. (Andreas SOLARO | AFP)

Jabetza pribatuaren eta politika neoliberalen defendatzaile sutsua: oinarrizko errenta kendu nahi du, eta lana eta etxebizitza lortzeko preferentzia nazionala ezarri. Meloni Italiako faxismo historikoaren jarraitzailea izan da, baina boterera iristeko bere sustrai ideologikoak leundu egin ditu.

Herbehereak: Partij voor de Vrijheid (PPV) alderdia da Herbehereetako lehen indar berria. 2006an sortu zen, urte bat lehenago Europako Konstituzioaren kontrako botoa eskatu ondotik. Europar Batasunetik ateratzeko aldarriaz gain, herri musulmanetako immigrazioa gelditzeko mugak ixtea aldarrikatzen du.

Geert Wilders. (John THYS | AFP)

Islamaren kontrako gurutzadan, gorroto delituengatik epaitu izan da, eta Korana Hitlerren ‘Mein Kampf’ liburuarekin konparatu du, eta marokoar biztanle guztiak gaizkileak direla aldarrikatu du. Holandaren «identitate nazionalaren» berrezarpenaren alde egiten du Geert Wildersek. Aldaketa klimatikoaren aurrean eszeptiko agertzen da.

Alemania: Alice Elisabeth Weidel da Alemaniarentzat Alternatiba (AfD) ultraeskuineko alderdiko burua. Euroeszeptikoa eta kontserbadorea, ultranazionalismo arrazista eta xenofoboa du oinarri.

Alice Elisabeth Weidel. (Kay NIETFELD | DPA)

2013an sortu zen AfD, Alemaniako Batasun Demokrata Kristaua alderdi eskuindarretik. Europari ukoa eta Alemaniako markoaren itzulera aldarrikatzen dute. Migrazioaren kontra daude. Ekialdeko Alemanian dituzte boto gehien. Lehen sondeoen arabera, Sahra Wagenknecht Die Linkeko diputatu ohiak migrazioaren kontrako diskurtsoan ardaztu duen operazio berriak (Aliantza izenez ezagutua) bozen %12 lortu dezake hauteskunde federaletan, eta AfDren espazioa lehiatzera dator.