Bera Berak eta Beti Onak-ek auzolanari etekina aterata amaitu nahi dute 2023 urtea
Gipuzkoarrek zein nafarrek etxean jokatzen dute; Elda Prestigio, hamargarren sailkatuaren aurka Bera Berak, lidertza donostiarrekin partekatzen duen Malagaren kontra Atarrabiako taldeak. Urtea ondo amaitzeaz gain, garaipenak ondoko euskal taldeari ere mesede galanta egingo lioke.
Auzolanaren bitartez makina bat lan neketsu aurrera atera izan dira historian zehar eta ez litzateke txarto etorriko Super Amara Bera Berak eta Replasa Beti Onak eskubaloi taldeek auzolanean jardungo balute 2023ko azken jardunaldian.
Ostiral arratsaldean etxean jokatzen dute hala donostiarrek nola Atarrabiakoek ere eta deskuiduan garaipena erdietsiz gero, norbere zakurako puntuak pilatzeaz gain, ondoko euskal taldeari ere mesede galanta egingo lioke batak zein besteak.
Sailkapenaren gorengo muturrean dago Super Amara Bera Bera, baina jokatu dituen azken bi neurketetan berdindu egin duela-eta, lidergoa Malaga, egungo liga txapeldunarekin erdibanatu beharrean dago, biek ala bieK hogeina puntu pilatu baitituzte.
Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak behinola eskubaloian sekulako izena eta pisua izan zuen Elda Prestigioren aurka jokatu beharko du, Josean Gasca pabiloian 20.00etan hasita. Alacanteko taldea ez dago, ezta gutxiagorik ere, historiako bere unerik gozoenean eta sailkapeneko hamargarren postuan dago uneotan, hamabi jardunaldiren ostean lau puntu baino ez dituelarik pilatu.
Alabaina, pasa den jardunaldian Xixongo Balonmano La Calzadari 35-30 irabazi zion Elda Prestigiok, Beatriz Escribano erdiko jokalariaren partida bikainari esker. Estatu frantseseko maila goreneko zenbait taldetan urte askotan jokatu eta gero, 34 urte betetzear dela, eskarmentua ez ezik, kalitatea ere baduela erakutsi zuen Escribanok, eta Fernanda Lima eta Maria de Gracia Duqueren bitartez, denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten.
«Elda sailkapenean behean dago, baina ondo jokatzen du», ohartarazi du partida jokatu bezperan Alba Menendez Super Amara Bera Berako kapitainak. Jokalari zarauztarraren ustez, «dituen puntuak baino gehiago merezi ditu egiten duen jokoagatik eta etxean haien kontra jokatu genuenean, ikusi genuen gauzak zail jartzen dituela». Izan ere, urriaren hasieran jokaturiko neurketan, 32-33 baino ezin izan zuten irabazi Imanol Alvarezenek.
Granollersen berdindu eta gero, «han egindako akatsak zuzentzea» da donostiarren helburua, Menendezen hitzetan. «Aurkari zail baten aurka jokatu genuen eta zaila izango zela jakin arren, ez ginen behar bezala hasi. Nik uste horrek eraman gintuela berdinketara», iritzi dio donostiarren erdiko jokalariak.
Neurketa honi begira, Carsten eta June Loidi ez dira jokatzeko moduan izango, min hartuta daudelako, eta zalantzan daude Maitane Etxeberria, orkatila okertu duelako, eta Carmen Arroyo, gastroenteritisak jota.
Liga txapeldunaren aurka
Costa del Sol Malaga taldea da Emakumeen Eskubaloi Ligako egungo txapelduna eta berau izango da Replasa Beti Onak talde nafarraren arerioa ostiralean 18.00etan hasita.
Andaluziako taldeak lehia oso gogorra aurrera atera zuen azkenengo jardunaldian Elx-en aurka eta Bera Beraren berdinketa baliatuz, sailkapeneko aurreneko postuan berdintzea erdietsi du. EHF Kopan ere aurrera egitea lortu zuen Norvegiako Larvik taldea kanpoan laga eta gero. Atera kontuak zer nolako arerioa izango duen aurrean Atarrabiako taldeak. Ez da ahaztu behar Beti Onak sailkapen nagusiko bederatzigarrena dela, zortzi punturekin, hamabi jardunalditan lau garaipen eta zortzi porrot izan eta gero.
Pasa den jardunaldian 22-20 galdu zuten nafarrek Atletico Guardes talde gogorraren kantxan, galiziarren azken ordura arte hortzak erakutsi eta gero. Beti Onakek etxean bost partida baino ez ditu jokatu orain arte eta balantzea ez da txarra: hiru garaipen eta bi porrot. Etxea du gotorleku eta Gabriela Romero lehen lerroko jokalari brasildarrak dioen moduan, «bigarren itzuli honetan edozein ezustean har dezakegu».
Aileen Ripa eta Ainhoa Garcia baja izango dira, luzerako min hartuta baitaude. Horrez gain, Estitxu Rodriguez prest dagoen, jubenil mailako Espainiako selekzioarekin pitzadura bat jasan eta gero. Bestalde, Mariana Costa hegaleko brasildarrak, Beti Onakek fitxatu berria bera, ezingo du oraindik jokatu.