INFO

Gizakien salerosketari mugetan aurre egiteko proiektua Irun eta Hendaian ere martxan jarriko da

Save the Children elkarteak «giza salerosketaren biktimen identifikazio goiztiarra eta babesa muga-inguruetan» bermatzeko proiektu bat jarri du abian beste sei erakunderekin batera. Estatu espainolean, frantsesean eta Italian abiatuko da proiektua.

Irun eta Hendaia arteko mugan ere martxan jarriko dute proiektua. (Patxi Beltzaiz)

"Giza salerosketaren biktimen identifikazio goiztiarra eta babesa muga-inguruneetan" deituriko proiektua abiarazi du zazpi erakundez osatutako partzuergo batek, Save the Children gidaritzapean; Irun eta Hendaia arteko muga izango da eragina jasoko duenetariko bat. Espainiako, Frantziako eta Italiako mugetan jarriko da martxan proiektua.

Mundu osoan antzeko ezaugarriak ditu pertsonen salerosketak Save the Children elkartearen arabera: Europar Batasunean bizi-baldintza hobeak izango dituztela promes eginda, beren jatorrizko herrialdeetan errekrutatzen dituzte immigranteak, eta askotariko salerosketa moduen biktima bihurtzen dira, bai igarobideko herrialdeetan eta bai helmugakoetan. Giza salerosketaren kontra lanean diharduten gizarte zibileko 6 erakunde bildu ditu proiektuak.

Proiektuaren bidez, babesleku seguru batean sarbidea eman nahi zaie giza salerosketatik bizirik atera diren pertsonei (eta horien seme-alabei, halakorik badute); giza salerosketako sareen kontrol eta indarkeriatik aske izan daitezen eta babes-programei buruzko informazioa izan dezaten, tokian tokiko zerbitzuetara bideratzeko dauden aukeren berri emateaz gain.

Charo Arranze Euskal Herriko Save the Chilenen zuzendariaren ustez lurralde bakoitzean pertsona bakoitzaren arrisku egoera baloratu behar da eta babes neurri eraginkorrak hartu behar dira: «Adin txikiko haurrak Espainiara iristen dira, gurasoak direla dioten helduez lagunduta; eta egiten diren ahaleginak ez dira nahikoa ahaidetasun hori egiaztatu ahal izateko. Egoera oso larria da muga inguruetan, Irunen, esaterako. Espainiako Estatuaren lurretara egoera irregularrean haur bat iristen den bakoitzean, arrisku-egoera baloratu behar da, ikerketa egokia egin behar da, eta babes-neurri eraginkorrak hartu behar dira».

Zuzendariaren arabera «estrategia nazional eta transnazional eraginkor eta jasangarriak» garatuko dira. Biktima izan daitezkeen haurrak eta emakumeak ahalik eta bizkorren identifikatzeko eta horiei babesa emateko asmoa du proiektuak.  Horregatik, giza esplotaziorako eta salerosketarako arrisku handia duten mugako inguruneetara dago bideratuta: «Sexu-xedeetarako giza salerosketen esparruan, eta mundu guztian gertatzen denaren ildotik, emakumeak eta neskak dira biktima gehienak; biktima guztien %93 emakumeak izan ziren Estatu espainolean iaz».

Europara iristeko geltokiak

Elkarteak azaldu duenez lehen helmuga izan ohi da Italia, baina migratzaile gehienek igarobideko herri gisa jotzen dute hara. Sarritan Paris aldera joateako Irun eta Hendaia arteko muga erabiltzen dute, proiektluak azaldu dutenez Irun hiritik zeharkatu ohi dute muga migratzaileek.

«Irun eta Hendaiako mugan ere gora egin du migratzaileen trafikoak eta salerosketak, eta bereziki Nigeriako, Boli Kostako eta Gineako migratzaileekin dago lotuta. Europara Espainia hegoaldeko mugatik sartzen direnekin, hain zuzen. Save the Childrenek hainbat froga bildu ditu nerabe eta horien familiak salerosketaren biktima izan daitezkeela erakusteko».

Identifikaziorako eta babesa emateko esku-hartze seguruak garatzea lagungarria izan daiteke gaur egun beste jarduera batzuk osatzeko, eta, horrela, esku-hartze osoagoak bermatzeaz gain, giza salerosketa kasuen identifikazio eraginkorragoa egingo litzateke, asmo horrekin jarri nahi dute martxan proiektua.

Frantziako egoera

Helmugako herrialdea edota igarobidea izan daitezke Estatu frantseseko zenbait hiri giza salerosketaren xede diren migratzaile askorentzat. GRETAren txostenean (2022) nabarmendu denez, giza salerosketen biktima gehienek, «ez dute giza salerosketako ekintzarik salatzen agintari eskudunen aurrean, batik bat trafikatzaileen errepresalien beldur edo Frantziatik kanporatuko dituzten beldur direlako».

Frantziak ez du biktimak identifikatzeko eta bideratzeko mekanismo nazionalik, eta Europan horrelako mekanismorik ez duten azken herrialdeetako bat da; horrek berak, noski, zaildu egiten du biktimak identifikatzea eta modu eraginkor batean babestea. Horren ondorio da, bestalde, Frantzian giza salerosketak duen prebalentziari buruzko zifra argirik ez izatea.  Gaur egun, agintarien aurrean salaketa formal bat jarrita soilik lortu dezakete babesa, eta eragozpen handia da hori biktima gehienentzat.

Giza salerosketaren milaka biktima

Droga eta Delituaren aurkako Nazio Batuen Bulegoak eman dituen azken datuen arabera, Europan giza trafikoaren hiru biktimatik bat adingabea da; 2017tik 2021era bitartean, Estatu espainolean, giza salerosketaren biktima izan ziren 5.858 pertsona, eta haurrak ziren horietako ehun. Bestalde, pertsonen trafikoaren biktima izan direnen %61 sexu-esplotazioaren biktima izan dira.