Fedea lagun, Baskoniak bere alde hautsi nahi du Euroligako sailkapeneko kongestio itzela
Gasteiztarren Roger Grimauren Barça izango du arerio ostiral gauean Palau Blaugranan. Duela aste pare bat egurra jaso zuten han Ivanovicenek, baina Panathinaikosen aurka ikasitako lezioa baleko izan liteke 20 puntuko porrot hura garaipen bihurtzeko.
«Ezin dut esan talde moduan jokatzen dugunean garaiezinak garenik; hau kirola da eta aurkariak oso onak izateaz gain, batzuetan zure jokalari onenaren jaurtiketa ez da sartzen. Baina garbi geratu da partida honetan irabazteko aukerak borrokan jarraitzetik eta talde moduan aritzetik datozela». Horra Dusko Ivanovicen hitzak Panathinaikosi 75-73 irabazi ostean, hirugarren laurdenaren erdialdera 31-48 galtzen joan arren.
«Aurreneko erdian ez dugu talde itxurarik eman. Ez dugu behar bezala baloirik mugitu, ezta unean uneko jaurtiketarik egokiena bilatu ere. Hortik etorri da aldaketarik handiena atsedenaldiaz geroztik. Orduan bai, orduan talde batek jokatu behar duen moduan hasi gara jokatzen: baloia zegokion lekuan jartzen, tokatzen ziren jaurtiketak egiten eta amore eman gabe. Horrela jokatuta ere galtzea tokatu liteke, baina bigarren zatian jokatu dugun moduan jarraitzen badugu jokatzen, kasu horretan beti izango dugu irabazteko aukera bat. Are gehiago, talde moduan jokatzen dugunean oso zaila da guri irabaztea», azpimarratu zuen Montenegroko entrenatzaileak.
Eta irabazi arren, ezin oraindik aurrera egin Euroligako sailkapen nagusian, aizue! A zer nolako itolarria hamar garaipen dituztenen artean. Real Madril, Virtus, Bartzelona eta Maccabi dira aurreneko lau sailkatuak, eta handik aurrera, hasi Panathinaikosen bosgarren postutik eta Saski Baskoniaren hamaikagarreneraino, denak 10-8 balantzea aldean dutela jardunaldiari ekiterakoan. Panathinaikosen atzetik eta gasteiztarren aurretik, Olynpiakos, Monako –biak ala biak arabarren aurkariak datorren astean–, Partizan, Valentzia Basket eta Fenerbahçe. Puntu alde orokorra kontra dauka uneotan Saski Baskoniak, baina aurkari bakoitzarekikoak axolako du hemendik aurrera –Panathinaikosekin galdu egin du, esaterako–.
Baina baita borroka horretatik aparte dauden taldeen aurkako emaitzek ere, nola ez! Bartzelona izango da Dusko Ivanovicenen aurkaria ostiral honetan Palau Blaugranan, 20.30etan hasita. Gogoan izan behar da ACB Ligan talde katalanak joan den abenduaren 17an jokatu zuela Baskoniaren aurka Palau Blaugranan eta orduko hartan Baskoniak ez zuen bere mailarik eman. 82-62 galtzeaz gain, bigarren laurdenetik aurrera «talde jokoari muzin egitea» egotzi zion Dusko Ivanovicek bere taldeari. «Halako partida txar baten ostean odola bero egon ohi da eta hobe da bihar arte jokalariak lasai uztea, baina bigarren erdian jokatu dugun modu hau ezin da berriro gertatu», azaldu zuen Bijelo Poljeko entrenatzaileak neurketaren ostean.
Tximak salbatu ezinik
Roger Grimau entrenatzaile berriak daraman Bartzelona honek ere irregulartasuna du bidelagun. Berdin ACB Ligan nola Euroligan, sekulako partidak jokatu ditu tarteka, eta handik egun gutxira goitik behera amildu eta sekulako belarrondokoak ere jaso ditu, Euroligako aurreneko itzulian Gasteizen gertatu zitzaion bezala, adibidez.
Ostiral gau honetara begira behintzat, lepoa eta tximak momentuz salbatu ditu momentuz Roger Grimau entrenatzaileak. Azken asteetako emaitza txarren ondotik kaleko atea irekiko ote zaizkion hotsak baitira entrenatzaile katalanaren inguruan. Asteazkenean Barçak Real Madril betiko etsaiari 83-78 irabazi zion eta horrek, Bartzelona Euroligako sailkapeneko hirugarren postuan finkatzeaz gain –12-6 balantzearekin, ez pentsa– Roger Grimauk zuzentzen duen proiektuari haize freskoa dakarkio.
Nolanahi, badaki Lleida, Barça eta Bilbao Basketeko jokalari ohiak Baskoniaren aurka ez duela fidatzerik. «‘Baskonia Izaerak’ azkeneraino borrokatzera bultzatzen ditu gasteiztarrak. Kontuz horrekin. Begiratu bestela Panathinaikosen aurkako partida nola irauli zuten», ohartarazi du entrenatzaile katalanak berak neurketa jokatu bezperan.
Grimauren tximetatik Chima Monekeren berbetara, ez dago mila alde. «Jende askok ez du gugan sinisten, baina nik bai; guk gure buruarengan asko sinisten dugu eta horrek balio du», adierazi zuen Monekek partida amaitu berritan. Bere 20 puntuetatik 13 azken laurdenean iritsi ziren, aurrez Dani Diez, Marinkovic edo Sedekerskisen lanari segida emanez.
«Euroliga da munduko lehiaketarik gogorrena eta halako garaipen bat lortzea zirraragarria da benetan. Entzun jendearen berotasuna! Gogorra izan da, baina gugan sinisten dugulako, hemen gaude!», bota zuen, Maccabi taldeko Bonzie Colsonekin batera jardunaldiko MVP saria eskuratu duen hegal-pibot nigeriarrak.
Bartzelonaren aurka MVP saria lortzea zer den badakien norbait da, bestalde, Codi Miller-McIntyre. Nico Mannionen ordezko izateko etorri zen Gasteiza eta bere lanari esker Saski Baskoniako antolatzaile titularra izateaz gain, bere jaurtiketen bitartez bi garaipen baditu dagoeneko Ivanovicen taldeak: Panathinaikosen aurka ez ezik, aurreneko itzulian Olympiacosen kontra ere berak sartu baitzuen garaipenaren saskiratzea.
«Gure zaletuak seigarren jokalaria dira. Horri esker eman diogu buelta partida honi», esan zuen asteazkeneko neurketaren ostean antolatzaileak. «Orain Bartzelona tokatzen zaigu, baina ezin dut itxaron berriz ere etxekoen epeltasuna sentitzeko», gaineratu zuen. Jokalari iparramerikarrak ondo daki igandean beste hitzordu bat izango duela Buesa Arenan, Koparako txartela Real Madrilen aurka bermatu beharko baitu Saski Baskoniak. Orduan ere fedea galdu gabe jokatu beharko dute gasteiztarrek, baina hori beste kontu bat izango da.