INFO

Kandido Sagarzazu preso ohi donostiarra hil da, 48 urte baino ez zituela

Bapatean sortutako osasun arazo baten ondorioz hil da Kandido Sagarzazu donostiarra, 48 urte zituelarik. Hiru aldiz kartzelaratua izan zen eta 12 urte eta erdi izan zuten preso.

Kandido Sagarzazu, 2015ean aske utzi zutenean. (Etxerat)

Bi estatuetako kartzeletan 12 urtetik gora pasa zituen Kandido Sagarzazu donostiarra hil berri dela jakinarazi dute senideek. Gipuzkoako hiriburuan 1975. urtean jaioa zen, eta oraindik 48 urte baino ez zituen.

Bapateko osasun arazo baten ondorioz zendu da. Buruan isuri bat izan berri du Sagarzazuk eta erietxean artatu dute baina ezin izan du aurrera egin.

2015. urtean amaitu zuen zigorra eta aske itzuli zen Euskal Herrira Kandido Sagarzazu. Oso urruti eman zituen urte hauek guztiak, azkenak Murtzia-II espetxean, baldintza gogorretan. Esaterako, 2013an funtzionario batek kolpe bat eman zion besoan, polikiroldegian zela, eta gainera isolamendura eraman zuten zigortuta, 48 orduz.

Hiru atxiloketa

Zenbait aldiz atxilotu eta kartzelaratu zuten Kandido Sagarzazu. Lehena 1996an, kale borrokako akusaziopean. Hiru urte geroago, ETAko Donostia komandoarekin lotu zuen Poliziak eta berriz kartzelaratu zuen Auzitegi Nazionalak. Eta hirugarren aldia 2003. urtean izan zen, Cahorsen. Hortik aurrera espetxealdi luzeena etorriko zitzaion, 2015eko maiatzaren 29a arte.

Pariseko auzitegi bereziek agindutako kondena 2011ean amaitu zitzaion, baina orduan Estatu espainolaren eskuetan utzi zuen Polizi frantsesak, eta Auzitegi Nazionalak zigortu zuen.

Egun latzak ari dira izaten azken hauek euskal preso ohiei dagokienez. Larunbatean hil zen Jose Ramon Foruria ere, Markina-Xemeingoa, oraindik baldintzapeko askatasunean zela.