CAFeko presidentea Palestinaren aldeko oihu eta Ertzaintzaren kolpeen artean saritu dute
CAF enpresaren izenean jaso du Andres Arizkorreta presidenteak Gipuzkoako Urrezko Domina. Palestinaren aldeko oihu artean egin diote harrera Aldundiaren atarian, enpresa Jerusalemgo tranbia egiten ari dela eta. Ertzaintza manifestarien aurka oldartu egin da, borrekin zenbait kolpe joaz.
Andres Arizkorreta Garcia CAFeko egungo presidenteak jaso du aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldearen «garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpen pertsonalagatik» eta «gure industriaren izen ona nazioartean zabaltzeagatik». Enpresa Jerusalemgo tranbia egiten ari dela eta, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak elkarretaratze zaratatsua zegoen deitua Aldundiaren atarian, eta txistu eta Palestinaren aldeko oihu artean egin diote harrera Arizkorretari. Uhukaldiak ez du etenik izan ekitaldiak eraikinaren barruan jarraitu duen arren, eta txistularien doinuari ere gailendu zaie hainbat unetan.
CAF eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarra egiten ari diren tranbiak horrek Jerusalemgo auzo okupatuak Zisjordaniako koloniekin lotuko dituela salatu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak. Gaineratu dute «proiektu horrek palestinarren jabetzak konfiskatzea, lurralde palestinarra anexionatzea, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak kanporatzea eta kolono sionistak Palestinako lurralde okupatuan ezartzea ahalbidetzen» duela.
Horrela, elkarretaratze zaratatsua egin dute ekitaldiaren hasieran. Behin ekitaldia eraikinera aldatu dutenean, Ertzaintza oldartu egin zaie manifestariei eta kargatu ere egin dute.
‼️ADI‼️ Sionismoarekin konplizea den Ertzaintza Gipuzkoa Plazan protesta zaratsuan parte-hartzen ari den jendearen aurka oldartu da.
— Palestinarekin Elkartasuna (@Palestinarekin) January 12, 2024
Sionismoarekin Konplizitaterik Ez!
Ez gure izenean!#U27Ordizira#CAFPalestinatikKanpora#gorapalestinarerresistentzia pic.twitter.com/9ZDNY3xVCQ
Juan Jose Arrieta Sodupe Deustoko Unibertsitateko Zuzendari Nagusiaren albokoak egin dio laudorioa. Azpimarratu duenez, Arizkorreta «beti izan da egitekoa, esatekoa baino gehiago». Ondoren, sarituaren hainbat lagunen kontakizunak jasotzen zuten bideoarekin omendu dute CAFeko presidentea, hots, Pedro Miguel Etxenikek, Estibaliz Etxeberria Gabilondok, Juan Gastesik, Josu Esnaolak, Roek Okhulijhenek, Hugo del Campok eta Javier Martinez Ojinagak.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskutik domina jaso du ondoren, eta nabarmendu du «enpresaz ari garenean, pertsonez ari» garela, nahiz eta beti ez zaien haien ekarpena aitortzen. Horrela, gogora ekarri nahi izan du Jose Mari Korta enpresaburua, ETAk hil zuena.
Halaber, eskertu nahi izan du 80ko hamarkadan CAF enpresa aurrera ateratzeko «bizileku zuten etxea hipotekatzera» ere heldu zirenen sakrifizioa. Hari hori tiraka, baieztatu du «egun ondo ikusia ez badago ere», ez dagoela gizarte aurreratu bat lortzerik «lanik, esfortzurik eta sakrifiziorik gabe».
Horrela, aldeko jarrera agertu du Miramongo parke teknologikoa Illunbe eta Galarretarantz handitzeko ekimenarekiko, Eskutzaitzetako poligonoa erabat garatzearekiko, Naturklimarekiko eta Basque Culinary Centerren GOErekiko, besteak beste.
Izan ere, uste du «ondo bagaude ere», badagoela hobetzera bidean egiteko bidea oraindik. Horretarako, ezinbestekotzat jo du «‘euskal Y’a berehala bukatzea», baita hura behar bezala konektatzea ere, «isolatuta» ez geratzeko.
Mendoza, protestarekin haserre
Eider Mendozak hartu du hitza bere ostean. Adierazi du ez dela «kasualitatea gurea lurralde industriala izatea», urte askotan zehar jende askok egindako lanaren ondorioa baizik. Enpresariei eskertu die haien lana, «haien bizitza arriskatuz ere egin izan dutena». «Ez ditugu onartzen gure enpresen eta enpresetako arduradunen eta jardun onaren aurkako erasoak eta seinalamenduak», azpimarratu du Mendozak, kanpoko mobilizazioari erreferentzia argia eginez.
Maitena Salinas aktorea eta kazetariak gidatu du ekitaldia, eta musika jartzeaz arduratu dira Mikel Azpiroz pianoan, Karlos Aranzegi baterian eta Fernando Neira kontrabaxuan.