INFO

Ezkurdiak eta Tolosak ez dute azken hitza esan eta argiagoa ikusten dute ortzi-muga (7-22)

Anoetarra erabat nagusitu zaio Rezustari atzeko koadroetan eta Joseba Ezkurdiak errematean ere asko asmatuta, puntua eta averagea kendu diete euren mailatik urrun aritu diren Elordi eta bergararrari.

Joseba Ezkurdiak partida ona jokatu du eta Xabi Tolosaren partida bikaina osatu du. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ez da Getaria ortzi-mugari begira denbora bat emateko tokirik txarrena eta Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosari erabat aldatu zaie ikusmira bertan, Elordi-Rezustari irabazi bakarrik ez, tanto averagea ere kenduta, txapelketan jokatu duten partidarik osoenean. Gaurko garaipenarekin, sakandarrak eta anoetarrak puntu bakarrera dituzte gaur arte sailkapenean hirugarren postuan zen bikoteari eta playofferako aukerak asko urbildu dituzte, batez ere arbizuarrak partida amaieran aitortu bezala, partidei «gutxiagotasun-konplexurik» gabe ekiten badiete. Pena bakarra, Hendaiako urteroko jaialdian ez dutela jokatuko, pilotaleku azkarretan jokatutako partidetan lortu baitituzte euren emaitzarik onenak.

Bestelakorik espero zitekeen arren, –lehen sakea ere gorri izatea erabaki du epailearen txapak– partidaren agintea erabat izan da Ezkurdia eta Tolosarena. Beotibarren erakutsitakoaren bidetik, anoetarrak bere hobekuntza berretsi du eta, konfiantzaz topera egon gabe, ikaragarri eskertu du Sahatsagakoa bezalako lur azkar bat, erasoan min egiteko. Pilota moztuta eta bolea eder batekin, bereak izan dira partidako lehen bi tantoak eta, une txarragoren bat pasa duen arren, emaitza alde, aspaldi ez bezala gozatu du, erremateak gehiegi diotu beharrik gabe, pilotari abiadura sartuz aurkariei mina eginez.

Rezusta, galtzaile

Elordi eta Rezusta, bere aldetik, galdu arren, pasa den larunbatean Eibarren partida handia jokatzetik zetozen, baina gaurkoan oso bestelako maila erakutsi dute. Partida hasieran nolabait eutsi diote, baina gero urdinen erauntsiari eutsi ezinik aritu dira. Beñat Rezustak ezin izan dio partidako momentu bakarrean Xabi Tolosari bizkarrik erakutsi eta are harrigarriagoa gerta daitekeena, bigun xamar aritu da, normalean egiten ez dituen akatsak eginez.

Gauzak horrela, 6-4koaren ostean kolore bakarra izan du partidak, Ezkurdia eta Tolosarenak, Aitor Elordik ere apenas izan duelako jokoan sartzeko aukerarik eta, izan dituen gutxietan ere, ez duelako behar beste asmatu.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi-Rezusta: 7

Ezkurdia-Tolosa: 22

Pilotakadak: 432. Iraupena: 47,11 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-5, 3-5, 3-6, 4-6, 4-14, 5-14, 5-20, 7-20, 7-22. Sakeak: 0 Elordik eta 2 Ezkurdiak. Egindakoak: 3 Elordik, 0 Rezustak, 12 Ezkurdiak eta 3 Tolosak. Galdutakoak: 0 Elordik, 5 Rezustak, 2 Ezkurdiak eta 2 Tolosak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta, 500 bat ikusle Getariko Sahatsaga pilotalekuan. Lehen sakea gorri.