INFO

Espetxe zigor politikoen mendea behingoz amaitzeko ordua

Jende «arrunta» izan zen Bilbon era «arruntean» atzo mobilizatu zena, tribu politiko zehatzak gaindituz eta adin guztiak zeharkatuz. ‘Etxera’ tenore honetan aldarrikatzea zilegi ez ezik beharrezko ikusten dutelako, ia mende osoko espetxealdi politikoaren aro hau behingoz amaitzeko.

Presoen senideak, giltza eskuetan, seme-alabak, anai-arrebak, bilobak, aita-amak... behingoz etxera ekartzeko. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Gabonetako presoen eskubideen aldeko mobilizazio erraldoi hauek egiten hasi zirenean, duela 35 urte inguru jada –Herrera de la Mancharako martxa zirraragarri haiei lekukoa hartuz–, 20.000 lagun inguru biltzen zituzten. Orduan jendetza itzela zirudien atzo bezala Autonomia kaletik Zabalburura tropelka zetorrena; eta bazen, gatazka armatuaren gurpil zoroa gelditzen ez zen une hartan, gizarte zati handi batek (gehiengoak) espetxearen inguruan gertatzen zen bortizkeriaren aurrean ezikusiarena egiten zuelako, edo zuzenean babestu. Irratiko tertulia liskartsu haietako batean, «txetxeniar» hitza erabili zuten milaka manifestari haiek definitzeko, beren militantzia mailaren zorroztasuna, edo beren erradikalismoa, edo dogmatismotzat hartzen zutena salatu nahian.

Lizarra-Garaziko aro motzean asko zabaldu zen aldarrikapena, baina denbora tarte eskasa izan zen, eta horren bukaerarekin batera gauzek berdintsu jarraitu zuten. 90eko hamarkadan edo mende honen hasierakoan ere, estetika zehatz batek ezaugarritzen zuen tribu politiko bakoitza. Grafikoki eta errazkeriaz esanda, manifestazio honetara gazte «borrokak» hurbiltzen ziren, asko zapi palestinarra lepoan; mendiko arropa janzten zuten familia osoak; eta baserritar itxurako aitona-amon ugari.

Presoen kopuru handiak (‘Hertzainak’en kantuaren 564 haien bueltan beti) eragindako zirkulu kontzentriko erraldoien kideak ziren asko (senideak, lagunak, auzokideak...), ezker abertzalekoak ia guztiak. Eguerdi partean Bilbotik bueltatxo bat emanda, erraz igar zitekeen nor zen manifestaziora etorria eta nor merkealdietara edo egun pasa.

Gauzak zeharo ezberdinak dira gaur egun. Azken ariketa hau, esaterako, ezinezkoa litzateke. Eta ez bakarrik estetikak nahastu direlako, batez ere presoen eskubideen aldarrikapena orokortu eta nagusitu delako baizik. Matematikan ere irudikatzen da aldea: 564 haien laurdena dago gaur oraindik preso, baina manifestazio honetan dagoen parte hartzea ez da lau aldiz txikiagoa, ia lau aldiz handiagoa baizik. Zirkulu kontzentriko haiek ez dute mobilizazioa agortzen, bistan da. Atzo Bilbon ibili zen askok eta askok ez du 142 preso hauetatik bat bera ere bisitatuko agian, ezta ezagutuko ere akaso, baina denak etxean egon daitezen ahalegina egin du, kausa hau zilegi delako.

Duela urte batzuk erraz igar zitekeen Bilbon eguerdian nor zen manifestaziora etorria eta nor merkealdietara, baina orain ezinekoa litzateke

 

Arazo hau ezker abertzalekoa baino ez zela argudiatzen zuten EAJko ordezkari zenbaitek duela urte eskas; gaur ezingo lukete gauza bera esan. Gazteei ere ez diela bereziki eragiten sostengatu da tarteka, baina atzoko irudiak gezurtatu egiten du.

Erraz uler daiteke zergatia: gatazka armatuaren garaia buruan iltzaturik dutenek bakarrik justifikatu dezakete, beren mendeku gosetik, ia 80 urte dituzten pertsonak gatibu izatea, 40 urteko espetxealdiak ezartzea edo iktus bat jasan duen norbait askatu ostean berriro kartzelatzea. Lakuak eskumena jaso ondoren, gazte zenbaitek tratu zuzena izan dute preso hauekin, espetxeetako langile edo Hirugarren Sektorearen bolondres modura dabiltzala, eta legeak bihurrituz oraindik espetxean zergatik izaten dituzten ez dutela ulertzen adierazi dute. Ez dute ulertzen eta ez dute onartzen, ez dira ados.

Mundu osoan autoritarismoak nabarmen aurrera egin duen arren, zorionez Euskal Herrian jarrera horiek ez dira nagusitu. Gazteen artean, gutxiago. Batzuek (adinekoek gehienbat) espetxearen erabilera politikoa betikotu nahi lukete, ordea, eta honek hausnarketa historikoa merezi du.

Mendeetan zehar disidentzia politikoa zigortzeko bide zuzena izan da kartzela, baina joera honek indar berezia hartu du Euskal Herrian 1936tik orain arte. Gu guztion gertuko genealogian zein gogoan izenak grabatuta daude. Hasieran Larrinaga, Gasteizko La Paz, Ondarreta edo Ezkaba izan ziren; azken honetan Europako ihesaldirik handiena gertatu zen, hamarkada batzuetan guztiz isildua izan zena 200 hildako eragin arren (M11-ren pareko sarraskia, itzela). Emakumezkoak berdin kartzelatzen zituzten arrazoi politikoengatik: horra hor, Saturraran edo Orue etxea.

Frankismoaren urte luzeetan Iruñea, Basauri, Martutene edo Langraiz nabarmendu ziren; baina adi: errepresioa guztiz basatia izan arren, ez zen espetxe bidezko zigorra oraingoa baino luzeagoa izan. Jacinto Ochoa 26 urtez izan zuten preso, gehiena; eta orain batzuek 30 urteko langa gainditu dute jada. Tarteka indultuak ematen zituen diktadoreak eta etxera bueltatzen ziren errepresaliatuak.

Apaizentzat ere gatibuleku propioa sortu zuten, espetxeratze sukar horretan: Zamora. Garai horretan ikasi zituen euskal gizarteak beste zigor leku batzuen kokapenak: Carabanchel, Soria, Segovia, Herrera… Eta geroxeago, Franco jada hilik zela baina espetxea beti presente egon delako, Yeserias, Alcala, La Sante, Fresnes, Fleury…

Melilla edo Salto del Negro atzean geldituko ziren denborarekin, baina Penintsula osoa zeharkatu behar izan zuten milaka eta milaka lagunek Puerton, Almerian, Algecirasen, Laman, Murtzian, Badajozen… presoak 40 minutuz kristal lodi zikin baten atzean ikusi ahal izateko.

Larrinaga, Saturraran, Ezkaba lehenik; Zamora, Soria, Carabanchel ondoren; Salto del Negro, Yeserias, La Santé geroago; Logroño, Dueso, Mont de Marsan norabidea aldatzen; eta Zaballa, Iruñea, Basauri, Martutene eta Lannemezan orain. Ez al da nahikoa?

 

Hurbiltzeko prozesua abiaturik, toki «goxoago» batzuek hartu zuten nagusitasuna mapan (Mont de Marsan, Lannemezan, Logroño, Zuera, Dueso…). Eta azkenik Iruñea, Martutene, Basauri, Zaballa eta Lannemezanek osatzen duten perimetroan biltzen da auzia. Baina hurbiltasunak ez du sakoneko arazoa leuntzen: Francoren altxamendutik mendeurrena iristeko urte gutxi falta direla, espetxea da oraindik ere herri honi ezarri zaion arazo politiko nagusietako bat. Eta oraindik indarrean den legea indargabetu ezean, egoera ez da 2036an amaituko, ezta 2048ra arte ere. Ordurako, ETAren indarkeria desagertu ostean jaio zen egungo haur batek 37 urte izango ditu eta oraindik leudeke ETArengatik zigortutako euskal presoak. Erokeria, edonondik ikusita, Euskal Herrian XXI. mendean.

 

 

Honen guztiaren kontra altxatzen den jende «arruntak» bete zituen atzo Bilboko kaleak. Beste askok ez zuten parte hartu, baina ulergarritzat, logikotzat, ontzat, hartzen dute, gero eta arrazoi gehiagoz.

Badira ere, jakina, mobilizazioaren aurka daudenak eta ‘Etxera’ aldarria zikindu nahi dutenak. Ezkabako jazarpen hura Zaballako gaurkoarekin luzatu nahi dutenak dira, espetxealdi politikoen fasea mende batetik harago eramanez. Gero eta gutxiago direla, gero eta zabarrago eta krudelago jokatzen dute: aste honetan bertan, presoen eskubideen aldeko 400 ekimen ETAren menpe kokatu nahi izan dituzte, ‘Porrotx’ polizialki ikertzea txalotu dute, gaixotasun baten ondorioz preso ohi bat hil berri delako poztu dira sareetan…

Beren buruari ispiluan begiratuta ez diote txetxeniar itxurarik hartuko, espainiar edo euskal herritar zintzoarena baizik, baina gizartearen gehiengotik gero eta urrutiago daude. Atzoko mobilizazioaren ondoren, ahulago.