INFO

Gernikako Winter Seriesaren jaialdia bertan behera utzi behar izan dute hezetasunarengatik

Winter Serieseko partidan Olharan-Del Rio 8-7 aurretik zirela geratu egin behar izan dute pilotariak zutik egoteko ere arazoak zituztelako.

Gernikako Jai Alaia jende lepo egoteak hezetasuna areagotu egin du. (ERAMAN JAI ALAI)

Gernikako Winter Seriesaren ligaxkako azken aurreko jardunaldia bertan behera utzi behar izan dute gaur pilotalekuan sortu den hezetasunak ezinezkoa egin baitu jokatzea. Olharan-Del Rio eta Erik eta Minvielleren ordez aritu den Bailo ziren jokatzekoak eta partida hasi egin dute, baina lehenak lehen setean 8-7 aurretik zirela antolatzaileek geratzea erabaki dute, lurra eta paretak erabat busti direlako eta kirolarien osasuna ere arriskuan zegoelako. Lehia hasieran baldintzak hobeak ziren, baina egun hauetako tenperatura aldaketak eta pilotalekuan 2.000 pertsona batzeak, –hamargarren astez jarraian sarrera guztiak agortuak ziren– hezetasuna areagotu egin du.

«Iritsi garenean  hezetasuna zegoen, baina pixkanaka, jokatzen hasi garenean, pareta eta, bereziki, lurra, bustitzen hasi dira, arriskutsua zen eta oso zaila zen jokatzea», azaldu du Jean Olharanek.

Lehia erabakigarria

Partida garrantzitsua zen gaurkoa, A taldean –Goikoetxea-Lekerika sailkatuta daude– hiru bikotek jarraitzen baitute finalerdietara sartzeko aukerekin. Olharan-Del Riok, esaterako, nahikoa dute set bat irabaztea aurrera egiteko. Goitia-Basque eta Erik Minviellek ere matematikoki aurrera egiteko aukerak dituzte, nahiz eta hauek urriagoak izan.

Gaur jokatu ezinik geratu den partida datorren astelehenean jokatuko da, baina oraindik erabakitzeke dago partida berria hasiko den edo bertan behera geratu deneko 8-7koarekin ekingo zaion.

Gaurko funtziorako sarrera erosia zutenei antolakuntzak dirua itzuliko diete, dagoeneko takilan zenbait itzuli dira, eta ezingo dute hurrengo asteko jaialdira gaurkoarekin joan, asko baitira hurrengo astelehenerako salduta dauden jesarlekuak. Bazkide direnek ez dute halako arazorik izango.