INFO

Herri eskandinaviarrak, aire libreko eskolaurreko hezkuntzaren bultzatzaile

Eskandinaviako herrietan, eskolaurreko zentroek aire libreko hezkuntzaren alde egiten dute, baita neguan ere, euripean edo elurretan, haur txikiek naturaz gozatu eta maitatzen ikas dezaten.

Naturan, modu dibertigarriago batean ikasten dute haurrek. (Sergei GAPON | AFP)

Baso baten erdian elurretan zabaldutako olana batean jarrita daude Agnes eta bere lagunak, bost bat urtekoak. Adaxkak zenbatzen ari dira, aritmetika saio inprobisatu batean.

«Egur puskak erabiltzen ditugu, matematiketarako naturako edozein elementu balia dezaketela erakusteko», azaldu du Lisa Bystrom irakasleak.

«Eskolan folio eta lapitzarekin esertzen dira; hemen, ordea, modu dibertigarriago batean egiten dute».

Suedian eta Danimarkan, sei urtetik aitzinera da derrigorrezkoa haurrak eskolaratzea. Adin hori baino lehen, ume gehienak haur eskolara edo eskolaurreko zentroetara eramaten dituzte. Guraso ugarik aire libreko lekuak hautatzen dituzte, txikiek natura estimatzen ikas dezaten.

Teknologiak nagusi diren garaian, naturarekin kontaktuan

«Gaur egun, teknologiaren mende daude gauza gehienak, baina ezinbestekoa da txikitatik naturarekin harremanetan egotea, errespetatzen ikasteko», adierazi du Andreas Pegado hezitzaileak. Bere alaba eskolaurreko aire libreko proiektu honetan dabil.

Haurrek egurrezko eserlekuetan jarrita jaten dute, suaren inguruan, euriak aterpean babestera behartzen ez baitu behintzat.

Bazkaldu eta gero, bi urte edo gutxiago dituzten umeek lo zakuetan siesta egiten dute, oihal baten azpian, zero azpiko tenperaturetan ere bai. «Aire freskoarekin gehiago eta hobeki egiten dute lo», baieztatu du Johanna Karlsson ‘Ur&Skur’ (euria edo eguzkia) eskolaurreko zentroko zuzendariak.

‘Basoko autobusak’

Danimarkan, haur eskola aunitzek ‘basoko autobusak’ erabiltzen dituzte haurrak naturara eramateko. Egunero Stenurten eskolaurreko proiektuko talde bat (halako txangoak eskaintzen dituzten 78etako bat) autobusean joaten da Kopenhage zentroko Norrebro auzotik aire libreko espazio batera.

Bertako zelai batean haurrek libre egiten dute korrika. Ondoan baso bat dute, euria egiten badu aterpea emanen dien egurrezko etxetxo batekin.

Aire librean, hezitzaileek metodo pedagogikoak aldatu eta haurren autonomia garatu dezakete.

 

Umeei natura maitatzen erakusten diete. (Sergei GAPON / AFP)


«Hemen, beren jakinmina ezberdina da», erran du Iben Ohrgaard pedagogoak, haurrei begira.

Eskiatzeko arropa

Denek janzten dute eskiatzeko arropa, haur eta helduek, erranera norvegiarrari fidel: «Ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik».

Badu zentzurik egun osoa kanpoan emateak, zeropeko hamar graduko tenperaturak daudenean ere?

Hezitzaileak bat datoz aire librean denbora luzea ematen duten haur txikiak hobeki sentitzen direla eta gutxiago eritzen direla baieztatzean.

1920ko urteetan Islandiako mediku batek haur txikiek kanpoan lo egitea gomendatu zuen, beren sistema immunitarioaren mesedetan. Orain ohikoa da praktika hori herrialde nordikoetan, eta osasun komunitateak ez du horren kontra ezer erran.

Aire libreko hezkuntzak eta jolasek umeek elkar laguntzea bultzatzen dute, 2018an ‘British Educational Research Journal’ aldizkarian argitaratutako ikerketa batek jaso zuenez.

Kanpoan daudenean «soluzio ezberdinak bilatzen saiatzen dira», agertu du Ohrgaardek. Hala, gatazka gutxiago dituzte.

Gurasoentzat, aire librean pasatzen dituzten egunak «oparia» dira. Gainera, «nekatuta iristen dira etxera», diote, irribarrez.