INFO

Kultura arloan, euskaraz bada, hobe

Esti Urresola zine zuzendariak eta Pello Reparaz musikariak hartu dute parte Languages Lanean kongresuaren barruan euskara eta kulturaren arteko harremana ardatz izan duen ostiral honetako solasaldian.

Xabier Paya, Pello Reparaz eta Esti Urresolarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskara eta kulturaren arteko harremana izan da Languages Lanean kongresuaren ostiral honetako hitzaldiaren protagonista. Horretaz mintzo egiteko, Pello Reparaz musikaria eta Esti Urresola zuzendaria eta zinema ekoizlea egon dira, zailtasunak zailtasun, mundu guztia bultzatu dute kultura arloan euskaraz aritzeko, batez ere belaunaldi berriak.

Zuzendaria izateaz gain, Esti Urresola (Laudio, 1984) gidoilaria eta ekoizlea ere bada. ‘20.000 especies de abejas’ filmean, Urresolak euskara eta gaztelera nahasten ditu, eta azaldu du zeintzuk diren pelikula bat egiterakoan aurkitzen dituen zailtasunak. «Zinemagintzak, arte bezala, ez dauka zerikusi handia literaturarekin, adibidez. Azkenean, zinemagintzan talde erraldoi bat dago inguruan eta horrek dena baldintzatzen du», ondorioztatu du. Adibide gisa, aipatu du «ez duela ezertarako balio castinga euskalduna izan dadila, gero soinu teknikariak ez baldin badu euskara ulertzen».

Pello Reparaz (Arbizu, 1990) musikaria, konpositorea eta musika ekoizleak Vendetta taldearen sorreran hartu zuen parte, eta urte batzuk beranduago arrakasta errepikatu zuen Zetak bandarekin. Zentzu honetan, Reparazek defendatu du, bere kasuan, «euskarak ate gehiago ireki dizkidala itxi dizkidanak baino» eta balioan ipini du bakoitzak hizkuntz propioaz abesteak «ezberdintzeko faktore bat» dela. «Diruduna izan nahi baduzu musikaren munduan, momentu honetan hobe hizkuntza hegemonikoetako bat aukeratzea, baina nik musika elektronika proiektu hau euskaraz baino beste hizkuntza batean egitea aukeratu izango banu, agian ez litzateke hain proiektu berezia eta agian ez luke piztuko piztu duen interesa», azaldu du Zetak taldearen hizkuntza aukeraketari buruz.

Xabier Payak moderatuta, Urresolak eta Reparazek euren arloetako «erronka berriak» aztertu dituzte. Zinemari dagokionez, Laudioko zuzendariak uste du «pena» dala, espainiar Estatu mailan, euskarazko pelikulak jatorrizko bertsioan ikusi ezin izatea bikoiztu egiten baitituzte, eta, aldiz, nazioarteko jaialdietan «ikusten dut nola publikoa gerturatzen den hizkuntza honetara». «Ez dut ulertzen Estatuan koofiziala den hizkuntza batekin hori egitea», salatu du, eta instituzioei eskatu die euskarazko produkzioen eskubideak bermatzeko.

Bestalde, Reparazek gomendio bat eman die musikan aritu nahi duten belaunaldi berriei, eta, noski, izan da euskararen erabileraren aldekoa: «Sinesten dut interesgarriagoa dela proiektu artistiko batentzat gaur egun soinu txarra izatea beste guztiak bezalako soinua izatea baino. Burutik kendu beharra dugu euskaraz sortzeak itxi ditzazkeen ateak. Hortik pasa gara eta beste asko eta asko zabaltzen ditu eta, benetan, harrigarria da».

Itziar Ituñori eskainitako txalo txaparrada 

Languages Lanean kongresuaren egitaraua argitaratu zenean, aurreikusita zegoen Itziar Ituño aktoreak ere parte hartzea sortzaileen mintzo horretan. Dena den, Payak jakinarazi du hitzaldia hasi aurretik «azken egunetako gorabeherengatik» Ituñok erabaki duela onena zela ez etortzea.

«Nahiz eta gogotsu egon gurekin izateko eta solasaldi honetan parte hartzeko, tamalez azken egunetako gorabeherengatik ez du bere burua ikusten etortzeko moduan eta atseden hartzeko premian dago. Espero dugu lehenbailehen osatzea eta eskerrak ematen dizkiogu edozein kasutan», esan du Payak, Ituñori eskainitako publikoaren txalo txaparrada artean.