INFO

Lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote Zarautzen lagun bat bortxatu zuen mutilari

2021ean lagun bat bortxatzeagatik lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote Zarautzeko mutil bati. Erasoa izan zenean 20 urte zituzten biek. Atera berri den epaiak erasoa jasan duen neskarengana hurbiltzea eta harekin bost urte eta erdiz komunikatzea galarazten dio.

Zarautzen gertatutako eraso sexista baten aurkako mobilizazioa, artxiboko irudi batean. (Jon Urbe | FOKU)

Gipuzkoako Auzitegiak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio gazte bati, 2021eko maiatzean Zarautzen bere etxean lo egitera geratu zen lagun bat bortxatzeagatik. Emakumea mozkortuta zegoela baliatu zuela mutilak ohartarazi du epaiak.

Gertakari horiengatik joan den azaroan Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan egindako epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetuarentzat.

Defentsak bere bezeroaren absoluzioa eskatu zuen, eta neskarekin sexu-harremanak izan zituela onartu zuen, baina neskaren onespena zuela ziurtatu zuen.

Espetxe zigorraz gain, 5.160 euroko kalte-ordaina ematera behartzen du auzipetua, jasandako kalte moralengatik eta kalte pertsonalengatik. Defentsak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurrituko duela iragarri du.

Halaber, biktimarengana hurbiltzea eta harekin bost urte eta erdiz komunikatzea galarazten dio gizonari, eta bost urteko zaintzapeko askatasun neurria ezartzen dio espetxetik atera ondoren.

2021eko gertaerak

2022an abiatu zen Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioan ahozko ikustaldiaren lehen saioa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuten gaztearentzat. Defentsak, bere aldetik, bere bezeroaren absoluzioa eskatzen zuen; izan ere, bere ustez, harremanak onartuak izan ziren, eta neskak hala eskatu zion unean bertan eten zituen harremanak.

Neskaren adierazpenek ez zuten bertsio hori ziurtatu ordea. Izan ere, adierazi zuenaren arabera bere lagunaren gurasoen etxean geratu zen lotan. Esnatzerakoan, mutila gainean zuen eta ezin izan zuen kendu; erreakzionatu ezinik geratu zela kontatu zuen, eta mutilak ahoa itxi ziola isilik egoteko.

Salaketa jarri zuen egunaren biharamunean, elkarretaratzea egin zuen Zarautzeko Udalak gertaerak gaitzetsi eta neskari bere babesa adierazteko.