INFO

Santa Barbarako konpostagunearen egoera ikertzeko agindu du Hernaniko Udalak

Ur putzu batean lixiba arrastoak agertu dira Hernaniko Santa Barbara auzoko harrobian, auzoko konpostagunearen ondoan. Udalak jakinarazi du arrazoiak ikertzen ari direla eta behar diren neurriak hartzeko konpromisoa hartu du. PSEk «gardentasuna» eskatu dio Udalari.

Santa Barbarako harrobia. Inguruan aurkitu dute lixibadun putzua. (Gorka Rubio | FOKU)

Hernaniko Santa Barbara auzoko harrobian dagon konpostagunean Ura agentziak egindako ikuskatze baten ostean, ondoko ur putzu batean lixibatuak daudela ohartarazi du. Hernaniko Udalak aurretiazko diligentzia informatiboak irekitzeko agindu zuen, gertatutakoa argitzeko zein egoera konpontzeko baliabide eta neurriak bilatzeko. Urtarrilaren 17an jakinarazi zuten ikerketa abian jarriko zela, isuriaren berri jakin bezain laster.

Udalak ohar batean aitortu du egun batzuk lehenago ohartu zela «azpiegitura horren funtzionamendua ez zela ohikoa izaten ari», eta horren ostean Ura agentziak egindako ohartarazpena jaso zuen. Udalak adierazi du bere esku dauden neurri guztiak hartuko dituela, batetik, arazoaren arrazoia zein izan den jakiteko, eta bestetik, dagozkion betebehar guztiak martxan jartzeko. Horrekin batera, «etorkizunera begirako organikoaren kudeaketarako plan integral batean» lanean hasiko dela jakinarazi du.

«Gardentasun osoz jokatzeko konpromisoa» berretsi zuen Udalak bere oharrean, eta gaineratu herritarren esku utziko zuela informazio guztia. Ostegunean bertan Tokiko Garapen batzordean aztertu zuten gaia.

Azalpen eske PSE

Bere aldetik, bi egun beranduago, ostiral honetan, Gipuzkoako PSEk Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen agerraldia eskatu du, «harrobiko konpostaje eremuaren kudeaketan lixibiatuen ihesak eragindako irregulartasunei buruzko azalpenak eman ditzan».

Alderdi horrek ohar batean ohartarazi duenez, «ihesaldi horrek ingurumenerako ustezko arriskuak ekar ditzake, are gehiago harrobia interes hidrogeologikoko eremu batean dagoelako».

«Zoritxarrez, ez da Hernaniko Udalaren aldetik Santa Barbara harrobia irregulartasunen eta kontrol publiko faltaren biktima den lehen aldia», deitoratu du.