INFO

Jai luze eta eguzkitsua Donostian, danborren eta upelen artean

Milaka haurrek hartu dituzte kaleak Donostian larunbat goiz eguzkitsu honetan, danborren doinuek agintzen duten jaiari jarraipena emanez. Ordu asko falta da bandera jaitsierarako, eta oraindik jaiak jarraituko du itxura guztien arabera.


Txikienak dira jaiaren protagonista nagusiak orain Donostian, gauerditik bandera igoerarekin batera kalean dauden danbor hotsei segida emanez. Haurren desfileak 48 konpainietako 4.700 lagun baino gehiago bildu ditu larunbat goiz honetan, San Jose ikastetxeko Anir Guyenbaten gidaritzapean.

Gaueko tenperatura oso hotzen ondoren, goizarekin eguzkiak hartu ditu Donostiako kaleak, jaiari huts egin ez dion giroari irudi distiratsua gehituz.

Aurten parte hartze handia duen danborradak –21.306 lagun helduen artean–, bisitari ugari ere erakarri ditu Euskal Herriko beste puntu batzuetatik, asteburuarekin bat egiten duten danborradak gorriz markatzen diren horiek izaten baitira inguruko herrialdeetako zaleentzat.

Haurren desfileari haisera eman aurretik, ohiko ekitaldia izan da Udaletxeko batzar aretoan. Bertan, Danbor Nagusia eman diote mongoliar jatorriko Guyenbat donostiarrari, desfilearen gidari izendatuz.

Ospakizunari izaera anitza eta inklusiboa bat eman nahi izan zaio aurten, eta Urrezko Danborra da horren erakusle bat. Eguerdiko ekitaldian eman diote Isabel Verdini, laster 25 urte beteko dituen eta desgaitasuna duten pertsonak biltzen dituen dantza konpainian egindako lana aitortzeko.

Dantza irakasleak 30 urte daramatza «dantza prestakuntzan, batez ere desgaitasunen bat duten pertsonekin lan egiten», eta irakaskuntza metodo propioa sortu du, ‘Metodo Verdini’ izenekoa, eszenatokietan aniztasuna ikusarazteko, azpimarratu dute udal iturriek.

Ekitaldian Verdinik gidatzen duen konpainiako Aizpea Mugica dantzari eta koreografoak hartu du hitza. Adierazi duenez, «Down sindromea duten eta ez duten dantzariok elkarrekin ikasten dugu eta hazten gara, munduari erakusten diogu aurrerapena nabarmenagoa dela elkarrekin aurrera egiten dugunean. Gugan sinetsi duzu, eta gero eta gehiago ikusten eta barneratzen gaituzte dantzari eta gizaki gisa».

«Duela 160 urte hiriko harresiak eraitsi ziren. Uste dut zuk, Isabel, Donostia inguratzen zutenak baino are garaiagoak, trinkoagoak eta sendoagoak diren beste harresi batzuk eraistea lortu duzula zure lanarekin, denok ditugun eta pertsona gisa mugatzen gaituzten horma mentalak, esaterako», adierazi du Eneko Goia alkateak.

Aberastasun handi hori

Isabel Verdinik gogoratu du bere konpainiaren proiektua duela 30 urte hasi zela, «ikertuz, dantzatuz, partekatuz, borrokatuz, amestuz eta sortuz». «Baina, batez ere, pentsatuz hain gurea den horrek, izaki bakar eta errepikaezin bihurtzen gaituena, gizakiari hain atxikia zaion horrek, aniztasuna, balio eta aberastasun handia dela, pertsona gehiago izatera garamatzala», adierazi du.

Verdinik dei egin die herritarrei, erakundeei, kulturari eta, bereziki, dantzaren munduari, «desgaitasuna barne har dezaten, funtsezko balioa baita», guztiek «aukera berberak» izan ditzaten.

Aurtengo datuek eta gauerditik irudiek erakusten duten parte hartze handiaz gain, eguraldi eguzkitsua eta ospakizunak asteburuarekin bat egiten duela kontuan hartuta, jaiak ordu asko izango ditu kalean bandera jaitsierara arte eta horren ondoren ziur aski.