INFO

Eldensek are hondorago bidali du sailkapenean Amorebieta

Porrot mingarria jaso du Amorebieta larunbat honetan, etxean Eldenseren aurka galdu ostean (0-2). Zaragozaren aurka berdindu ostean, poztasuna iritsi zitekeenaren itxaropena hor zegoen baina beste porrot bat batu dute Jandroren gizonek. Mujika ordezkatu zuenetik ez du partidarik irabazi.

Eneko Jauregi, baloiarekin, Eldenseren aurkako partidan. (@SDAMOREBIETA)

Denboraldia gogor eta maldan gora amaiezina ari zaio egiten Amorebietari, Bigarren Mailara itzuli den honetan. Azken sailkatua da eta atzo, arerio zuzena izan zitekeen Eldenseren aurka, porrot mingarria jaso du etxean, Lezaman. Emaitza honekin, are gehiago ondoratu da sailkapenean talde zornotzarra. Salbaziotik 8 puntura dago eta tartean, beste hiru talde ditu, Cartagena, Andorra eta Huesca –honek, Eibar hartuko du gaur, 18.30ean–.

Hasieratik izan dira nagusi Alacantekoak, 8. minutuan Ortuñok egin duen gol bati esker. Jauregik ongi bukatu ez duen kontraeraso baten ondotik iritsi da kanpotarren gola eta horrek, erabat kolpatu du etxeko taldea, konfiantzan baxu dagoenaren seinale. Erreakzioa ezin bilatuta ibili dira, arerioak sekulako lasaitua hartu duen bitartean. Jaitsiera postuetatik aldentzeko saiakeran, sekulako garaipena eskuratu dute Lezaman, jaitsieragunea zazpi puntutan aldenduta.

Nolanahi ere, benetako lasaitua 0-2koarekin iritsi da, 68. minutuan. Mario Soberonek egin du gola eta partidaren azken txanpan, hirugarren egiteko aukera ere izan dute, baliabiderik gabe zegoen Amorebietaren aurrean.

Sei partida kateatu ditu garaipenik eskuratu gabe talde urdinak. Valladoliden aurka galdu ondotik, Haritz Mujika kaleratua izan zen, 19 jardunalditan soilik hiru garaipen eskuratu baitzituen. Orotara, 14 punturekin utzi zuen taldea Mujikak. Jandrok hartu zuen bere lekukoa eta entrenatzaile aldaketak eskatzen zuen erreakzioa oraindik ere ezin suspertuta dago. Lau partidatan, bi puntu batu ditu, berdinketa banatan –Oviedo eta Zaragozaren aurka–.