INFO

Lopez Mendizabal familiak Artxibo Historikoaren esku utzi du erbestearen gaineko bere artxiboa

Lopez Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zen eta osatu duten funtsa «ezinbestekoa da» euskal kulturaren historiaren zati bat ezagutzeko, «baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren berri izateko ere», Lakuatik nabarmendu dutenez.

Lopez Mendizabal familiaren funtseko zenbait dokumentu. (IREKIA)

Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du frankismo garaiko erbestearekin lotuta dagoen «balio historiko handiko» bere ondarea.

Funtsaren emate ekitaldian izan da Miren Lopez Mendizabal, Isaac Lopez Mendizabalen biloba eta Xabier Lopez-Mendizabalen alaba, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin, Sabino Arana Fundazioko Iñaki Goioagarekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera.

Ekitaldian nabarmendu dutenez, Lopez Mendizabal familiaren funtsa «ezinbestekoa» da euskal kulturaren historiaren «zati handi eta garrantzitsua» ezagutzeko, «baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren berri izateko ere».

Lopez Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zen. Funtsaren zatirik handiena Isaac Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, sortutako dokumentazioa eta Isaac-en seme Xabierrek sortutakoa da. Isaac 1879an jaio zen eta 1977an hil, beraz 1936an, gerra hasi zenean, 57 urte zituen eta ordurako abokatutzan, liburuen edizioan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zen.

1936ko abuztuan gerra hasi eta ia berehala, Tolosan Lopez-Mendizabaldarren ondasunak arpilatu zituzten: liburutegi aberatsa, mendeetan sortutako agiriz osatutako artxiboa, etxeko altzari eta beste… eta lapurtu ez zutena erre egin zuten faxistek.

Urteen joan etorrian beraien ondasun asko berreskuratzea lortu zuen familiak. Dokumentu horietako asko aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko direnak dira. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen duten funtsak dira agiri hauek.

Funtsak hiru zati ditu. Lehena 61 kutxak osatzen dute, batez ere 1930 – 2010 bitartekoak. Sailkapen-prozesuan, funts hori, gehienbat, Ixaka Lopez Mendizabalengandik (1879-1977) eta Xabier Lopez-Mendizabalengandik (1925 - 2004) zetorrela identifikatu da.

Bigarrena XVIII. mendetik XX. mendearen amaiera bitarteko 420 liburukik eta xafla kalkografikoen kaxa batek osatzen dute. Hirugarrena 43 kutxatan banatua dago, eta liburuak, nobelak eta aldizkariak biltzen ditu. Baita argazki ugari ere, familiarenak, toki desberdinetakoak eta ekitaldi ugarikoak ere.