INFO

Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskararen presentzia oso urria da: %2,48

100etik 2, ia-ia ezereza da. Hori da gutxi gora behera Hego Euskal Herriko zinemetan dagoen euskararen presentzia, %2,48; edo beste modu batera esanda, estreinatu diren 564 filmetatik 14. Pantailak Euskaraz ekimenak eta Behatokiak egoera salatu eta neurri zehatzak eskatu dituzte.

Euskarak zinemak duen presentzia aztertu dute. (Jon Urbe | FOKU)

Hego Euskal Herriko zinemetan dagoen euskararen presentzia neurtu dute Pantailak Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: zinema komertzialetan euskararen presentzia ez da %2,5era iristen. Emaitzak astearte honetan aurkeztu dituzte Donostian, eta «euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa sistemikoa» dela salatu dute. Neurri zehatzak eskatu dizkiete erakunde publikoei.

Datuak «gordinak bezain kezkagarriak» direla aitortu du Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko ordezkariak. 2023 osoan Paul Urkijoren ‘Irati’ fantasiazko filma izan da zinemetan euskaraz estreinatu den fikziozko film bakarra, euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko pelikula batzuk euskarara bizkoiztuta estreinatu badira ere.

Datuei erreparatuta desoreka nabarmena ikusi daiteke hizkuntzari erreparatuta. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatziak 564 izan dira, euskaraz estreinatu diren filmak, aldiz, 14. Hamalau horietatik, lau izan dira jatorriz euskarazko bertsioan eskaini diren euskal ekoizpenak, hamar Zinema Eukaraz programaren bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak, eta jatorri elebidunak edo eleanitzak diren beste hiru ekoizpen ere izan dira.

Aurkezpenean gaineratu dute euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1 baino txikiagoa. Ipar Euskal Herriko daturik ez dutela lortu onartu dute, baina egoera «askozaz okerragoa» izan daitekeela pentsatzen dutela esan dute.

Presentzia urria, hurrengo belaunaldien baldintzatzaile

Aginagaldek UEMAk sortutako ‘Zinuema’ proiektu pilotua martxan jarri izana txalotu du. Hiru hilabetez astero euskarazko eskaintza bermatzeko proiektua da. Eta beraz, proiektu pilotua egon den herrietako udal areto, kultur etxe eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan du.

Bestalde, Pantailak Euskarazeko ordezkariak kontatu du haur txikiei zuzendutako euskarazko baliabide gehiago eskaintzen ari direla, baina adin batetik aurrera aisialdia gazteleraz jasotzera bideratzen dituztela: «Orain hartzen ez diren neurriek hurrengo belaunaldien ohiturak ere baldintzatzen dituzte».

«Ez ditugu aisialdiaz gozatzeko aukera berak euskaldunek edo erdaldun elebakarrek, bigarren mailako herritartzat gaituzte», argudiatu du Aginagaldek. Eta gehitu du nazioarteko film arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera ere izan beharko luketela euskaraz. «Eskaintzarik egiten ez bada, neskez sustatuko da euskarazko eskaria egiteko iniziatiba».

Adibide zehatz bat mahaigaineratu du Agurne Gaubekak: «Pasa den urtean, salaketa bat baino gehiago jaso genituen ‘Irati’ filmaren gaztelerazko emanaldi gehiago egon zirelako, eta batzuk euskaraz ikusi nahi arren, gazteleraz ikusteko aukera bakarrik izan zutelako».

Legeak betetzeko eskaria

Egoeraren azterketa aurkeztu ondoren, neurriak eskatu dituzte. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko eleduna arduratu da horretaz. «Nekez uler daiteke bi hizkuntza dauden lurralde batean herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubideak mugatzea», esanez abiatu du hitzartzea, eta segidan jada indarrean dauden legeak aipatu ditu.

EAEko 10/1982 Legeak jasotzen duena irakurri du: «Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen arian arian berdintzeraino», besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabazioetan». Gaubekak azpimarratu du lege horrek 40 urte bete dituela eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ez direla betetzen.

Bestetik, Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legea izan du mintzagai: «III.Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio». Eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, 12.c artikuluan jasotzen du Estatuei dagoekiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da». Lege  horiek betetzen ez direla salatu dute.

Legeak betetzea erakunde publlikoen ardura dela salatu dute, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea beharrezkoa dela gaineratu dute: «Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zein Nafarroan horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere».

Azkenik, lanean jarraitzeko deia egin dute. Batetik, euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketa jartzera dei egin dute; eta bestetik, Zinemak Euskarazek interneten martxan duen sinadura bilketan atxikimendua emateko gonbidapena luzatu diete herritarrei.