INFO

Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak irabazi du Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka

Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren bigarren deialdiko garailea Jakinmin praktika filosofikoen elkartea izan da. Euskal Herriko ikastetxe guztientzat eskuragarri jarriko diren lau gida praktiko izango dira proiektuaren emaitza.

Axier Mingo Hezkuntza zinegotzia, Mikel Agirrezabala Hik Hasiko Formazio arduraduna, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya Jakinmin elkarteko kideak, astelehenean Hernaniko Udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren bigarren deialdiko irabazlea Jakinmin praktika filosofikoen elkartea izan da, honako proiektuarekin: ‘Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia’. 12.000 euroko dirulaguntza jasoko du eta bi urte izango ditu proiektua aurrera eramateko.

Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten bekaren sari banaketa ekitaldia astelehen honetan egin da Hernaniko Udalean eta bertan izan dira Axier Mingo Hezkuntza zinegotzia,  Mikel Agirrezabala Hik Hasiko Formazio arduraduna, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya Jakinmin elkarteko kideak.

Jakinminen proposamenak bi helburu ditu: ikasleen artean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzea; eta irakasleen klaustroetan erabakiak modu parte- hartzailean hartzea.

Horretarako, ‘elkarrizketa argudiatu kooperatiboa’ erabiltzea proposatzen du eta azken emaitza modura ikastetxeentzat erabilgarria izango den tresna bat eskainiko du: elkarrizketa argudiatu kooperatiboa inplementatzeko bide-orria.

Hutsune handiko bi eremuri erantzunez

Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekara hamar lan aurkeztu dira. Epaimahaiak Jakinminena hautatu du oso lan osatua delako, ikasleei begira egiten duen proposamenaz gain, irakasleentzat ere egiten duelako, eta gaur egun hutsune handia antzematen den bi eremuri erantzutera datorrelako: alde batetik, ikasleek hausnartzeko duten gaitasun gabezia eta euren artean dituzten bizikidetza arazoak, eta bestetik irakasleen klaustroetan erabakiak hartzeko metodologia parte-hartzaileen gabezia.

Zentzu horretan, ikastetxeen funtzionamendurako oso aberatsa dela baloratu du, eta gelan eta klaustroan eragin handia izan dezakeela. Horrez gain, herri mailan beste erakunde eta taldeetako parte-hartze moduak hobetzeko ere baliagarria ikusten du, zabaltzeko moduko eredua, alegia. Hausnarketari, argudiatzeari eta parte-hartzeari lekua egingo dion proposamenak gaur egun dagoen kultura aldaketa ekar dezakeela ere azpimarratu du.