INFO

Pilotaleku industrialen loraldia ematen ari da aurtengo Binakakoan

Orain arte jokatutako hamar jardunaldietan, 40 partida, 30.000tik gora izan dira frontoietan izan diren pilotazaleak; gehien Ogetan 1.329rekin.

Labriten betekadak ohikoak bihurtu dira, azkena larunbat honetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Landa izaerako jatorrizko jokoa ikuskizun bilakatzen hasi eta negozioa mantentzea ahalbidetzeko enpresariek pilotalekuak jendetza handiko hiriguneetan eraikitzen hasi zirenean sortu ziren lehen «frontoi industrialak». Pilotaleku hauek izan dira gure kirolaren balentria handienen eszenatokiak XX. mendean zehar.

Azken urteetan, Labrit oasi moduko bat izan da hiri edo herri handietako pilotalekuetan, gainerakoetan zaleak egun handietatik kanpo harmailetara erakartzea kostatu egiten zelako. Aurtengo Binakakoan, ordea, loraldi moduko bat antzematen da Donostia, Eibar, Tolosa, Gasteiz edo Bilbo bezalako plaza garrantzitsuetan. Pilotari errioxarrik gabe, Adarraga da fenomeno honetatik aparte geratu den bakarra.

Sailkapenean den orekak lagunduta, jende asko ari da, lehen jardunalditik, pilotalekuetara gerturatzen. Lehen hamar jardunaldiak jokatuta, 40 partida, 30.000tik gora izan dira frontoietan izan diren pilotazaleak; zenbaki oso esanguratsua, txapelketako unerik beroenetara heldu ez garela kontuan hartuz gero.

«Aurten, uste dut bikoteek ilusioa sortu dutela hasieratik, eta nabarmenduko nuke aurten jendea hasiera-hasieratik engantxatu duela. Jende asko dabil», azaldu zuen Aspeko zuzendari komertzial Iñaxio Errandoneak atzo Euskadi Irratian. «Beste urteetan, bai, sumatu dugu bizpahiru jardunalditan jendeari kosta egin zitzaiola hastea, eta gero, Eguberri buelta horretan, animatzen zela. Baina aurten hasiera-hasieratik dabil jende asko», errepikatu zuen.

Ia jokatutako jaialdien erdietan bukatu dira sarrerak, eta larunbat honetako Labriterako ere ez da bakarra geratzen leihatiletan. Aizarnazabal, Segura, Lizarra, Mallabia, Urretxu, Oiartzun, Arrasate, Barañain, Getaria edo Mungian pilotalekuak goraino izan dira aurtengo txapelketan, baina duten pisuarengatik, Labriteko aparteko kasua albo batera utzita, Eibar, Donostia, Tolosa, Gasteiz edo Bilboko jaialdietan izandako sarrerak nabarmentzekoak dira.

Ogetan gehien

Partidak ondo aukeratuz eta denboran ere egokiago kokatuta, pilotaleku industrialek ederki erantzun dute. Ogetan, esate baterako, jenderik gehien bildu duen partida jokatu zen Altuna-Martija eta Etxeberria-Zabaleta, 1.329 ikuslerekin. Katedralean ohikoak ziren Eguberri, Urte Berri eta Erregetako jaialdietan betekadak, baina igande honetan bertan ere 1.000 inguru bildu ziren.

Tolosan astelehen arratsaldeetako tradizioak indarra galdu du, baina Gabonetan betekada handiak jaso ditu, eta igandean ere jende asko espero da. Donostiak, aurtengo apustu nagusiak ere, oso ondo erantzun du eta bertako udalaren laguntzarekin, Buruz Burukoan eta Lau eta Erdikoan ere jaialdiak emango dira itxura berria duen Atano III.ean.