INFO

Trumpen errealitate gordina gailendu da New Hampshiren ere

Nahi bezala aurkez liteke, baina errealitatea agerikoa da: errepublikano gehienek Donald Trump nahi dute Etxe Zurian, baita auzitegietan hauteskundeak manipulatzen saiatzeagatik eta Estatu-kolpe bat ematen saiatzeagatik zigortuko balute ere.

Magnateak bere garaipena ospatu du Nashua herrian. (TIMOTHY A. CLARY | AFP)

New Hampshiren zeukaten itxaropena Trumpen aurkako errepublikanoek. Estatu txiki hori dagoen eskualdea, Ingalaterra Berria, berezia da, oso aurrerakoia alde batetik, baina baita oso nortasun independentekoa ere. Hauteskunde primarioetan, alderdikideek ez ezik herritar independenteek ere parte har dezakete; hau da, alderdi batean ere erregistratu ez diren herritarrek (ez, ordea, aurkako alderdiko kideek. Demokrata gisa erregistratutakoek ez zuten primario errepublikanoetan parte hartzerik, Trumpek hala zela esan arren gezurretan). Mobilizazio handia izan da asteartean, parte-hartzaileen %45 independenteak izan dira, eta hala ere, botoen %54 lortu ditu Trumpek.

Duela aste pare bat berdinketa gisako bat iragarri arren, Iowako garaipenak berriz ere bultzada handia eman zion Trumpi. Bestela ere bazeukan abantaila handituz joan da egunotan, Vivek Ramaswany eta Ron DeSantis erretiratzearekin batera Trumpen alde irten baitira. Alderdiarekiko kontrolaren ukabila itxiz doa Trump, Washingtoneko dozenaka kongresista eta senatari ere otzan-otzan agertu dira presidente ohiaren alde.

Nikki Haleyk, egoera aldekoen zeukan estatuan (Chris Sununu estatuko gobernadorea ere bere alde agertu da eta buru-belarri egon da Haleyren aldamenean kanpaina egiten), botoen %43 lortu du. Azken egunetako helburu ez hain ezkutua zen Trumpekiko aldea hamar puntutik beherakoa izatea. 11tik gorakoa izan da azkenean.

«New Hampshire ez da amaiera, hasiera da», azpimarratu zuen Haleyk, AEBetako lehen primarioak zirela gogoraraziz. Beste 48 estatu geratzen dira neguan eta udaberrian barne-bozketa egiteko, baina Haley aukerarik gabe geratu da. Bai, lehian jarraitzeko asmoa adierazi zuen New Hampshireko bozketa amaitutakoan, eta baliteke gaur-gaurkoz diru-zorroa beteta izatea oraindik (primarioetatik erretiratzeko motibo garrantzitsuenetakoa diru gehiago ezin biltzea izaten da AEBetan), baina hurrengo bozketa garrantzitsura arteko bidea oso luzea egingo zaio.

Haleyren etxean, Hego Carolinan, hilabete barru dute hauteskunde primarioa, eta oso maldan gora dauka estatu horretan emaitza txukunik lortzea: inkestetan 30 puntu baino gehiagoko aldea dauka Trumpek, eta estatuko ordezkari garrantzitsuenek, baita Haley gobernadore zenean gobernukide izan zituenak ere, presidente ohiaren alde agertu dira.

Hego Carolinako boto-emaile errepublikanoen jarrera argia da Trumpen alde, eta etxean galduta, martxo hasierako super-asteartera arte kanpaina egiten jarraitzea, dirutza xahutzen eta inkestetan behin eta berriz porrot egiten, oso perspektiba konplikatua da.

Haleyren estrategia

Aipatu izan da, Haleyren estrategia beste bat ote zen: Trumpen aurkako epaiketak eta, ustez, zigorrak iritsi ahala, lehian geratzen den hautagai bakarra izatea, ezinbestean aukeratu dezaten errepublikanoek. Baina hor ere Trumpen makineria guztia Haleyren aurka jarri da, erabateko sumisioa besterik onartzen ez duen liderraren gisan. Asteartean mehatxu ere egin zion Trumpek («irabazi izan balu, ikerketa martxan izango zuen»).

Egoera toxiko horrek bete-betean harrapatu du Haley, anbiguotasun handiko kanpaina egiten ari den, Trumpen aurkakoen babesaz gain, Trumpen aldekoentzat ere lasaitasun mezua helarazi nahian.

Esanguratsua da Chris Christie hautagairik antitrumpistena erretiratu zenean ez egitea Haleyren aldeko botoa, mesfidati baitzen Hego Carolinako hautagaiak ez ote zuen Trumpen presidenteorde izateko hautagai gisa amaituko.

Primarioek hartu duten karga toxikoarekin, trumpzaleak etengabe Haleyren aurka oihuka, gertagarriago dirudi hautagai leialen bat hautatzea Trumpek, baina presidente ohiak badaki egoera ulertzen (abortu-eskubidea kentzeak hauteskundeetan kalte egiten diela ulertzeko, kasu), tiketean bere kopia txar bat izan ordez bere boto-emaileen espektroa zabalduko dien norbait komeni zaiela ulertzeko.

Baina bide horretatik Haleyren argumentura iristen da: zure jarraitzaile sutsuek bakarrik bozkatuta ez zara Etxe Zurira sartuko. Hautesle independenteak limurtzen dituenak irabazten ditu hauteskundeak. Eta horiek ez dute Trump nahi; Haleyk aldiz, tiradizo handia dauka sektore horretan.

Trumpen aldeko azken bultzada uste gabeko lekutik iritsi da: Etxe Zuritik. Joe Bidenek berak egintzat jo du Trump izendatuko duela alderdi errepublikanoak presidentegai. Horrek, izan ere, kanpainan sartzea ahalbidetzen dio presidenteari, eta herritarren iruditerian Biden vs Trump lehia txertatzen du, oraindik urtarrilean egon arren, hauteskundeetatik hamar hilabetera.

Ziur aski, Nikki Haleyk asteartean egindako adierazpenetan garrantzitsuena 2020ko lehia horren balizko errepikapenaren harira etorri zen: «Estatubatuar gehienek ez dute nahi Biden eta Trumpen aurkako partida berri bat. Bere 80 urteko hautagaia erretiratzen duen lehen alderdia izango da hauteskundea irabaziko duena». Oraingoz, inork nahi ez omen duena hautatu dute alderdietako oinarriek.