INFO
Entrevista
Nikole Ziarrusta
Antropologiako ikaslea eta Ernaiko kidea

«Ultraeskuinari erantzutea ez da nahikoa, bestelako mundu ikuskera bat ezarri behar da»

Nazioarteko eskuineratze orokortuari eta jarrera erreakzionarioei erreparatu die Iratzar Fundazioak ’Erria’ aldizkariko ale berrian. Gai hori jorratze aldera, Nikole Ziarrusta antropologiako ikaslea NAIZekin izan da. Borroka kulturala, feminismoa, Euskal Herriko egoera... mintzagai izan ditu.

Nikole Ziarrusta, antropologiako ikaslea eta Ernaiko kidea (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ultraeskuinak, bere forma ezberdinetan, boterea irabazten jarraitzen du mundu osoan. Javier Milei Argentinan, Giorgia Meloni Italian, Viktor Orban Hungarian... Baina ez da botere instituzionala bakarrik. Borroka kulturalaren garrantziaz jabetuta, ultraeskuina, diskurtso eta estetika berrituarekin, bere agenda eta ideiak eztabaida publikoaren erdian jartzea lortzen ari da, duela hamarkada batzuetatik ezarrita zeudela uste ziren adostasunak hautsiz. Erakundeetara iritsi gabe ere, politika publikoak baldintzatzen ari dira, baita jendearen pentsaera ere.

Jarrera erreakzionario eta nazioarteko eskuineratze orokortu honi erreparatu dio Iratzar Fundazioak ‘Erria’ aldizkariko 12. alean, eta gaur arratsaldeko 18.30ean Iratzar Gunean (Bilboko Lamana kaleko 2. zenbakian) egingo duen aurkezpenarekin batera, ‘Mundua trumpatzen ari da’ solasaldia eskainiko du Nikole Ziarrustak (antropologiako ikaslea eta Ernai eta gazte mugimenduetako kidea), Floren Aoizen aldamenean. Gai hau jorratzeko eta Euskal Herrian bizi dugun egoerari begiratzeko asmoz, Ziarrusta GARArekin izan da.

Badira urte batzuk mundu osoan erreakzio kontserbadorea eta totalitarioa gertatzen ari dela. Zer dela eta?

Erreakzioa bada, baina ez da hori bakarrik. Batetik, historian zehar luze doan soka dugu, eliteek boterea lortu eta mantentzeko praktika eta ideien soka, alegia. Beti egon da taupada antidemokratiko bat, oso indartsua: demokrazia beti izan da eliteei behetik inposatutako zerbait, eliteak ahal izatekotan suntsituz edo, behintzat, mugatuz.

«Ekologismoaren, deskolonizazioaren, feminismoaren, sozialismoaren, finean demokrazian sakontzeko ahaleginen aurkako kontraofentsiba bizi dugu»

Bestalde, erreakziotik ere badu egungo olatu autoritarioak, jendarte borroken presioari erantzuteko kontraofentsiba baita. Deskolonizazioari, sozialismoari, feminismoari, ekologismoari, finean demokrazian sakontzeko ahaleginei erantzuteko dinamikak dira, eliteen nagusitasuna berreskuratzeko ekinaldiak. Hor dugu, beraz, talka erraldoi bat; batetik, jendarte indar demokratizatzaileak, menpekotasun forma guztiak borrokatzen dituztenak, eta, bestetik, eliteak eta beren aldekoak, menpekotasun horiek gorde eta errotzeko asmoz dabiltzanak, hau da, indar desdemokratizatzaileak. Demokratizatzaileak versus desdemokratizatzaileak, baina demokrazia formaltasunetik harago ulertuta, termino sozioekonomikoetan… Ez da kasualitatea Milei, esaterako, justizia sozialaren kontra mintzatzea.

Eskuina borroka kulturala irabazten ari dela esaten da. Horrela da? Zer esan nahi du horrek?

Horrela da. Eskuinak badaki XXI. mendean botere politiko-instituzionala lortu nahi badu, bataila kulturala irabazi behar duela. Izan ere, beste garai batzuetan instituzioak indarrez hartu baziren, egun kontsentsu zabala lortzea ezinbestekoa da. Beraz, gehiengoaren ideia eta sentimenduei toki bat eta azalpen/arrazoi bat eman behar zaie, herritarrekin konektatu behar da. Javier Mileiren kanpaina eta gobernantza eredua dugu honen adibide nagusia: Milei, edozeren gainetik, pertsonaia mediatikoa da. Milioika argentinarrek egunero telebistan eta mugikorretan ikusten dute, hainbat hausnarketatan bat eginez.

Bataila kultural honetan, eskuina eta ultraeskuina mundua ulertzeko ustezko modu objektibo bat ezartzen ari da: arrazionaltasun neoliberala. Baina errealitatearen irakurketa objektiboa izatetik urrun, pentsamendu edo sinesmen sistema orok bezala, oinarri ideologiko batzuk ditu kosmobisio honek: giza erlazioak eta esparruak ekonomizatzen ditu, eta justizian eta berdintasunean oinarritutako kontratu soziala desegiten du. Ekonomiak (ekonomia kapitalistak) bizitzaren erdigunea hartzen du, eta hainbat eremutako eskubideak, hala nola osasuna eta hezkuntza, ekonomia kapitalistak eskaintzen dituen baliabide pribatuen menpe uzten ditu. Hori da, azkar eta labur, arrazionaltasun neoliberala. Kosmobisio hau, gainera, sakonki modernoa eta mendebaldarra dela aipatu behar da.

Arrazionaltasun neoliberalak erreakzio autoritario eta negazionistak sortzeko oinarri bat ezartzen du, joko zelai bat, nahi bada. Behe klaseko eta kolektibo zapaldu eta minorizatuen aurkako diskurtso faxisten oinarria da. Hala ere, bestelako osagarri batzuk ere behar dira, kale eta etxeetan faxismo hau errotzeko: gorroto eta seinalatze prozesuak, deshumanizazio eta objektutze prozesuak behar dira.

«Euskal Herrian antigorputzak ditugu. Hamarkadak daramatzagu diskurtso eta praktika antikapitalista, feminista, ekologista eta euskaldunak bultzatzen».

Badirudi joera hori oraindik ez dela Euskal Herrira iritsi. Zergatik? Irits daiteke azkenean?

Aipatu dut jarrera eta diskurtso faxistak emateko arrazionaltasun neoliberala hegemonikoa bilakatu behar dela. Argudiatuko dut diskurtso honen errotzea, ordea, ez dagoela guztiz bermatua. Etengabeko lehian dago bestelako diskurtso ezkertiar eta eraldatzaileekin.

Euskal Herrian antigorputzak ditugu: hamarkadak daramatzagu diskurtso eta praktika antikapitalista, feminista, ekologista eta euskaldunak bultzatzen, besteak beste. Antigorputz hauek altxor historiko bat dira. Balore komunitarioetan oinarritzen den bizi eredu bat, hamaika problematikari erantzuten dion Herri Mugimendu bat eta botere ekonomiko nagusiei aurre egitera ausartzen diren komunikabideak dira honen zimenduak ziur aski.

San Frantzisko auzoan egon ondoren, desinfekzio antifaxista egin zuten herritarrek (Aritz LOIOLA | FOKU)

Esan dezagun, hamarkadetan zehar, sindikatu eta masa antolakunde ezkertiar eta independentista sendoak edukitzeaz gain, jai batzorde, gazte asanblada eta gaztetxe, auzo elkarte, asanblada feminista, presoen aldeko talde eta beste zenbait kolektiboren bidez komunitarismoa bultzatu eta deshumanizazio eta objektutzeari ateak itxi zaizkiola.

Zeintzuk dira balio kontserbadoreak XXI. mendean?

Herrialdez herrialde balio hauek aldatu ahal badira ere, orokortuenak familiarismo zisheteropatriarkala, nazionalismo supremazista, merkantilismo kapitalista eta militarismo inperialista direla esango nuke.

Nola aurre egin ahal zaio olatu erreakzionario honi?

Diskurtso erreakzionario, autoritario eta negazionistak jendartean pisua hartzen doazen heinean, borrokatu egin behar dira. Hala ere, erantzun bat ematearekin ez da nahikoa. Bestelako mundu ikuskera bat eta bizitzeko modu bat ezarri behar da. Pentsamendu kritiko, antikapitalista, feminista, ekologista… hegemonikoa bilakatu behar dugu jendartean. Eta, nola egiten da hori? Lehenik eta behin Herri Mugimenduaren sendotzearekin. Herri ekimen ilusionagarri eta zaintzaileekin. Auzoetan, herrietan eta eskualdeetan eraginez. Finean, txikitasunek errealitatea eraldatuz, eta batez ere, bidean, jendea zainduz.

«Feminismoa XXI. mendeko mugimendu eraldatzaile nagusia da. Eta ziur aski faxismoaren aurkako txertorik eraginkorrena».

Feminismoa da azken urteotako mugimendu eraldatzaile nagusietako bat. Feminismoa da faxismoaren aurkako txertorik onena?

Zalantzarik gabe, feminismoa XXI. mendeko mugimendu eraldatzaile nagusia da. Eta bai, ziur aski feminismoa da egun faxismoaren aurkako txertorik eraginkorrena. Hala ere, erantzuna konplexua da. Korronte feministak asko dira eta sexu genero sistema bera, eta sistema hau gainontzeko zapalkuntza sistemekin nola lotzen den irakurtzeko hainbat modu daude feminismoetan. Esango nuke herrialde askotan (gurean barne) badagoela feminismo ezkertiar antolatu nagusi bat. Feminismo ezkertiar honek jarrera deshumanizatzaile eta objektutze prozesuen inguruan asko daki, eta, beraz, eskuinaren eta eskuin muturraren diskurtsoei aurre egiteko hamaika tresna garatu ditu. Gainera, feminismoak ikaragarri aurreratu du antolaketa esparruetan, egun, ia-ia auzo eta herri guztietan ditugu asanblada feministak. Nola ez, herritarrengan eragin gaitasun ikaragarria lortu du horrela.

2019ko greba feministaren artxiboko irudia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Aldiz, badirudi, mugimendu feministak espazioa irabazten duen aldiro, erreakzio kontserbadoreak indartzen direla, baita bere burua ezkerrekotzat dutenen arten ere...

Bete-betean. Sektore kontserbadoreetatik batez ere, baina ustez langileria zabalaren alde egiten duten ezker mugimendu batzuetan ere gertatzen da erreakzio hau. Azken astean Mileiren Davosko diskurtsoa dugu horren adibidea, baina Trump, Meloni eta beste askoren hitzartzeak aipatu ahal ditugu. Ezker mugimenduei dagokienez, adibide argia Estatu espainoleko Frente Obrero dugu. Diskurtso xenofobo eta matxistak barra-barra, eta arrazionaltasun neoliberala non-nahi. Aurre hartu beharko diegu erreakzio hauei, eta zein interesei erantzuten dieten azaldu.