INFO

Williams anaien kondairaren azken pasartea, Hollywoodeko gidoi baterako aproposa

Valverdek eta Iñakik berak aitortu zuten bazirudiela «idatzita» zegoela gola egin behar zuela Bartzelonaren aurka. Izan ere, goizean iritsi zen Euskal Herrira Boli Kostatik, bidaia luze baten ondoren. Gauean, berriz, erabakigarria izan zen Kopako kanporaketa gainditzeko anaiarekin batera.

Iñaki eta Nico Williams Bartzelonaren kontrako partida amaieran elkar besarkatu zirenean. (@AthleticClub)

Iñaki eta Nico Athleticen ikur nagusiak dira gaur egun. Hegan daramate talde zuri-gorria erasoan, eta historia hizki larriz idazten ari dira Bilbon. Horren adibide, Bartzelonaren aurkako Kopako kanporaketaren luzapenean egindako garaipenaren golak.

AEBetan jaio izan balira, ziur asko dagoeneko pelikula edo telesail bateko protagonistak izango ziren. Williams sendiari buruzko dokumental egiten ari diren arren, San Mamesen «idatzitako» azken pasartea ere Hollywoodeko gidoi baterako aproposa izan daiteke. Ernesto Valverdek berak aipatu zuen ideia hori partida amaieran.

Astelehen iluntzean hasi zen istorioa, Ghanak Mozambikeren kontra berdindu ostean. Bi goleko abantaila izan arren, luzapenean ihes egin zien garaipenak. Kolpe gogorra. Multzoen fasean batutako bi puntu eskasekin oso zaila zeukaten aurrera egitea, baina itxaron beharra zegoen hurrengo eguneko Kamerun eta Gambiaren arteko norgehiagokaren emaitzari.

Partida hasi aurretik Valverdek agerraldia egin zuen Lezaman, eta Williamsen itzulerari ateak irekita utzi zizkion. Astearte iluntzean Kamerunek garaipena lortu zuen, eta Ghana Afrikako Kopatik at geratu zen. Orduan, Athletic tximista baino azkarrago mugitu zen Iñaki Euskal Herrira ekartzeko.

Boli Kostatik Parisera zihoan hegazkin batera igo zen lehenengo gauean. Zazpi orduko bidaia. Eta gero, Loiura iritsi zen goizeko 11.00etarako, beste bi orduz hegan egin ondoren. Williamsek berak esan zuenez, ohe batean lo egin gabe iritsi zen. Mikel Gonzalez kirol zuzendaria joan zen bere bila, eta gainontzeko taldekideengana eraman zuen. Lurreratu bezain laster, Jokatzeko «prest» zegoela adierazi zuen, eta zale zuri-gorriek alaitasunarekin jaso zuten bere itzulera.

Partida berezietako giroa igartzen zen atzo Bilbon, Kale Nagusian autobusari egindako harrera izan zen horren erakusgarria. Berenguer min hartuta zegoen, eta Valverdek Malcom Adu Ares gaztea sartu zuen hamaikakoan. Iñaki Williams aulkian geratu zen. Entrenatzaileak argi zeukan partidan zehar erabiliko zuela, taldearentzat eta zaleentzat bultzada bat izango zelako. Nabarmentzekoa da Ghanarekin oso gutxi jokatu duen aurrelaria zein garrantzitsua den Athleticentzat.

Williams anaiek taldekideekin batera ospatu zuten Iñakik egindako gola. (@AthleticClub)
Williams anaiek taldekideekin batera ospatu zuten Iñakik egindako gola. (@AthleticClub)

Athletic 1 eta 2 galtzen joan zen atsedenaldira, baina Sancetek azkar berdindu zuen bigarren zatiaren hasieran. Valverdek 60. minutua bete aurretik zelairatu zuen. Ukitu zituen lehen baloietan ez zen batere fin egon. Hasieran egoerak gainditu zuela onartu zuen Iñakik, baina zaleen babesari esker buelta ematea lortu zuen. «Zoramena izan da, eta oso pozik eta eskertuta nago», azaldu zuen.

«Hemen egon nahi nuen taldeari laguntzeko. Sinestezina izan da, amaiera zoriontsua duen ipuin bat dirudi, eta gozatzeko egun bat da», gaineratu zuen. 24 ordutan selekzioarekin bizitako tristuratik erabateko poztasunera igaro baitzen Bilbon.

Katedralak eztanda egin zuen luzapeneko lehen zatiaren amaieran gola egin zuenean. Valverdek eta Iñakik berak aitortu zuten bazirudiela «idatzita» zegoela baloi sareetara bidali behar zuela. Lehen jaurtiketa zutoinaren aurka joan zen, baina hanketara itzuli zitzaion eta barrura bota zuen bigarren saiakeran. «Batzuetan badirudi patuak ametsak egi bihurtzea nahi duela», nabarmendu zuen aurrelariak.

Nicoren partida borobila

Iñakik eta Nicok behin baino gehiagotan adierazi izan dute familiaren ametsa bizitzen ari direla biek elkarrekin Athleticen jokatuz. Anai zaharrenaren aholkuak erabakigarriak izan ziren txikiak talde zuri-gorriarekin kontratua 2027rarte berritzeko. Nicok sekulako aurrera pausua eman du denboraldi honetan, eta gero eta erabakigarriagoa izaten ari da partida guztietan. Beti erakutsi izan ditu iskin egiteko dituen dohaiak, baina orain erregularragoa da alor guztietan. Defentsa lanetan baita. Berak lapurtutako baloi batetik iritsi zen Guruzetaren lehen gola Bartzelonaren kontra. Bigarrenean ere Nicok egin zuen erdiraketa ezker hegaletik. Lan bikain hori borobiltzeko laugarren gola egin zuen.

Partida gogoangarria Athleticen zaleentzat, eta baita Williams sendiarentzat ere. Nork esango zien horrelako gauak biziko zituztela bere etxea atzean uztea erabaki zutenean. Amak haurdun gurutzatu zuen Saharako basamortua Europara iristeko. Apaiz baten laguntzarekin Bilbora heldu ziren gurasoak, eta Iñaki jarri zioten izena bere omenez 1994an jaiotako umeari. Nico, aldiz, 2002an sortu zen Iruñean. Bi txoriek futbolean hegan egiten ikasi dute, eta Athleticen zaleen artean oso maitatuak dira. Eredu bat.