INFO

Erremate erakustaldi batekin estreinatu du Jon Ander Peñak bere kontratu berria Hendaian

Atzera begiratzeko astirik gabeko partida batean, tolosarrak 14 tanto amaitu ditu, horietako 12 airez, gozakaitz aritu den Rezusta batek emandako aukerei etekina aterata (13-22).

Jon Ander Peñak partida borobila jokatu du erasoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Modu ezin hobean estreinatu du Jon Ander bere kontratu berria –beste bi urterako sinatu du Baikorekin– bere dohainetara ezin hobeto moldatzen den Hendaiako pilotalekuan erasoko erakustaldi bat emanda –14 tanto amaitu ditu, horietako 12 airez– Elordi-Rezustari nagusitasunez gailenduta (22-13). Garaipen honekin, Baikoko bikote gipuzkoarrak bere bosgarren puntua eskuratzeaz gain, gaurko aurkariei tanto averagea ere irabazi diete eta gauzak are zailagoak jarri dizkiete atzetik dituzten Ezkurdia-Tolosa eta Laso-Arangureni.

Partida osoan piloteoan oso nagusi izan arren, bi parte oso desberdin izan dituen lehia izan da Hendaiakoa. Kantxako sentsazioak bestelakoak izan diren arren, Aitor Elordi eta Beñat Rezusta tanto bakarraren aldearekin joan dira lehen atsedenaldi luzera, hein handi batean defentsan egokiago aritu direlako eta aurkariek oparitutako bost piloten aldean, bakarra huts egin dutelako. Jokoan, ordea, nagusitasuna erabat urdina izan da.

Rezusta, ezinean

Izan ere, piloteoan Baikoko bikotea nagusi izan da, atzean Jon Ander Albisuk Rezustak baino askoz gehiago gozatu duelako pilota. Daniel Ugarteko kantxa bereziki bizian, bergararrari gehitxo kosta zaio pilotara jartzea, boteak ez dio pilotara garaiz jartzen utzi eta deseroso aritu da, frontisean altuerarik topatu ezinda eta Jon Ander Peñari airez sartzeko aukerako pilotak utziz. Aitor Elordik utzi du ale ederrik, baina partidan nahiko lukeena baino protagonismo askoz gutxiago izan du, erritmoa ezartzerako orduan ere, tolosarra askoz eraginkorrago aritu delako.

Partida, ordea, errotik aldatu da bigarren erdian eta Peñak eta Albisuk azkar batean ireki dute ordura arte horrenbeste kosta zaien zuloa. Rezustak pilota nahi beste gozatu ezinik jarraitu du eta Peñak etekina atera dio, jarraian egindako bost tantorekin. Pilotari oldarkorra da tolosarra, iaz ere maila izugarria eman zuen Hendaian eta gaur beste erakustaldi bat eman du, pilotari abiadura sartuz eta, pentsatzeko denborarik gabe, erasora aurrera pausoa emanaz.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi-Rezusta: 13

Peña II.a-Albisu: 22

Pilotakadak: 368. Iraupena: 48,42 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 25, 6-5, 6-7, 9-7, 9-11, 12-11, 12-16, 13-16, 13-22. Sakeak: 0 Elordik eta 4 Peña II.ak. Egindakoak: 6 Elordik, 2 Rezustak, 14 Peña II.ak eta 0 Albisuk.  Galdutakoak: 1 Elordik, 2 Rezustak, 2 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro ederra Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Lehen sakea gorri.