INFO

Literaturaz jantziko dira Bilboko 2024ko Aratusteak

Aurtengo Bilboko Aratusteak aurkeztu ditu gaur Bilboko Jai Batzorde Mistoak Bidebarrietako liburutegian. Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak, Lutxo Egia eta Jasone Akizu hurrenez hurren. egitaraua aletu dute eta Literatura gaia proposatu diete bilbotarrei mozorrotzeko.

2024ko Bilboko Aratusteen aurkezpena. (BILBOKO UDALA)

Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuak 60 urte beteko dituen urtean, Bilboko Jai Batzorde Mistoak Literatura gaia proposatu diete bilbotarrei aurtengo Aratusteetan mozorrotzeko. Hala jakinarazi dute batzordeko kideek ostiral goiz honetan Bidebarrietako liburutegian egindako prentsaurrekoan.

Bilboko Konpartsen ordezkari Idoia Ugaldek gogoratu du aurten, beste urteurren batzuk ere badirela, Bilboko aratusteei dagozkionak: 45 urte dira konpartsek aratusteak berreskuratu zituztenetik, 40 urte Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak agertu zirenetik eta 25 urte ‘Orden Botxera’ edo Botxotar Ordena, Farolin eta Zaranbolas izandakoen bilkura, eratu zenetik.

Izan ere, aurtengo Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak, Lutxo Egia eta Jasone Akizu hurrenez hurren, izan dira Aratusteen programa aurkeztu dutenak.

Ohi bezala, aurreko larunbateko Kopla Txikien Lehiaketarekin abiatuko dira aratuste-ekimenak. Otsailaren 3an Kafe Antzokian ospatuko da taldekako bertso umoretsu ironiko eta irudimentsuen erronka honen IX. edizioa eta, ondoren, kontzertua egongo da, Afrika Bibang eta The Cherry Boppers-ekin. Kopla txikietarako izen-ematea zabalik dago oraindik, igande honetara arte, urtarrilaren 28ra arte, alegia.

Otsailaren 8an, ostegun arratsaldeko kalejirak, Farolin eta Zaranbolas ezagutzera emango ditu, aurten, Lutxo eta Jasone, alegia. Aratusteetako bi pertsonaia ikoniko horiek ostegun eta ostiraleko protagonistak izango dira. Osteguneko kalejira, beraz, Arriagatik abiatuko da 18.30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute 19.30ean, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Ondoren, kalejira egingo dute, 20.00etan Unamuno plazatik abiatuta.

Lutxo Egia eta Jasone Akizu, 2024ko Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak. (BILBOKO UDALA)

Hurrengo egunean, ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa ikusi ahal izango dugu Arriagan, 18.30ean, eta, hiru ordu laurden geroago, pertsonaia horien epaiketa, Plaza Barrian.

Horren ostean, Aratuste Zapatua etorriko da, otsailaren 10ean. Mozorroen kalejira, beti legez, plater nagusia izango da. Aurten, iaz bezala, bi mozorro lehiaketa izango dira banakakoena eta taldeena, jende guztiaren parte-hartzea bermatze aldera. Goiza banakako lehiaketarekin hasiko da (izena gorabehera, hiru kide arteko taldeak dira). Horretarako izen emateak 12.00 eta 12.15 bitartean izango dira Kale Nagusian, Berastegirekiko izkina ondoan. Bertan photocall bat egongo da gero, epaimahai batekin, eta bertatik igaro beharko dira lehiakideak, 12.15etik 14.30era.

Taldekako lehiaketarako izen emateak 16.00 eta 16.30 bitartean izango dira, Portuko Markesaren kalean, eta mozorroen kalejira, beti bezala, 17.00etan abiatuko da bertatik. Sari banaketa Plaza Barrian izango da 20.30ean.

Biharamunean, igande goizean, erraldoi eta buruhandiek berriro alaituko dute giroa Arriaga plazan eta Alde Zaharrean, eta Plaza Barrian lehiaketa gastronomikoak izango dira. Esnatzen goiztiarrenek Aratusteetako indaba eta torrada lehiaketetan hartu ahal izango dute parte. Arratsaldean, hainbat euskal dantzaren erakustaldia izango da Plaza Barriko karpan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik.

Astelehen eta astearte goizetan Bilboko Udal Banda eta Txistulari Banda izango dira protagonista, familian gozatzeko bi kontzertu eskainiz. Eta, azkenik, astearte iluntzean, otsailaren 13an, agur esango diogu Aratusteari, sardinaren erreketarekin. Plaza Barrian hasiko da, beltzez jantzita, prozesioa prestatzen eta gero Arriagaraino joango da, bertan su emango baitiote sardinari 20.00etan.

Farolin eta Zaranbolasekin batera egun hauetan antzerki, jolas, bazkari eta musikari esker egongo den «giro ona» aipatu du Ugaldek besteak beste. Baina, hurrengoa gogoratu du ere: «Aaurretik diogu edozein eraso arrazista, LGTBIQ-fobiko, matxista eta kapazitista gaitzetsia izango dela ezein espaziotan, eta aurrean aurkituko gaituela erasotzaileak. Mozorrotzea ariketa eder eta dibertigarria izan dadin, izan dezagun kontutan mozorro iraingarriak ez direla ez eder ezta dibertigarri ere, gozatu dezagun elkarrekin inor erasotu gabe».