A63 blokeatzen segitzen dute zenbait nekazarik, baina protestak indarra galdu du
A63 autopista blokeatzen jarraitu dute larunbat honetan zenbait nekazarik. ELB euskal sindikatuak ez du asteburu honetan ekimenetan parte hartuko. Estatu mailan protesta ahuldu dela dirudi.
Laugarren egunez A63 autopistan trafiko mozketak eragin dituzte tarteka nekazariek larunbat honetan. Gabriel Attal lehen ministro berriak iragarritako neurriek ez dute laborariak ase eta FNSEAk eta Laborari Gazteak sindikatuek mobilizazioekin jarraitzera deitu dute Estatu osoan.
Gauzak honela, auto-pilaketak izan dira berriz egun honetan Baiona aldean bereziki, Prefeturak jakinarazi duenez. Ez dira, hala ere, lehen egunetakoak bezain handiak izan.
Frantziar sindikatuek abiatutako protesta honi lotu zitzaion ostiralean ELB, Ipar Euskal Herriko laborarien artean sostengu gehien duen sindikatua. Baionako portua blokeatu zuen egun horretan. Baina asteburuan egiten ari diren protestetan ez du parte hartu.
Estatu mailan, egun honetan protesta ahultzen joan dela antzeman da. Frantziar Gobernuak zabaldutako datu ofizialen arabera, 38 blokeo ekintza zenbatu dira (barrikaden bitartez, askotan traktoreak erabiliz) eta horietan 700 laborari inguruk hartu du parte. Ostiralean, aldiz, 112 ekintza gertatu ziren eta 17.500 nekazari bildu zituzten.
Kanpaina honen abiapuntu izan zen A64 autopistan bereziki trafikoa arintzen joan dela nabarmendu dute.
Attal lehen ministroak honako hau eskaini zien laborariei ostiralean. Hasteko, «zor zaizkizuen dirulaguntzen ordainketa azkartuko dugu», iragarri zuen. Honekin batera, gaixotasun hemorragiko epizootikoaren eraginez kalteak pairatu dituzten hazleen aldeko urgentziazko laguntza programa izango dela ziurtatu zuen; abereak sendatzeko botiken kostuaren %90 Estatuak bere gain hartuko duela; hegazti gripeak astindu dituen etxaldeek laguntza berdina jasoko dutela; laborantzako mozkinen balio-katea errespetarazteko xedez, Egalim legea betetzen ez duten elikadura- industriako jabeen aurkako zigorrak emango direla... Asteburua pasata argiago ikusiko da iragarpen horiek laborariak lasaitzen dituzten edo protesta berrindartzen den.