INFO

«Dena da ETA» doktrinaren lehenengo biktimetako bat izan zen Juanpa Dieguez hil da

Juanpa Dieguez, Santutxun ongi etorria jasoz 1999. urtean, lehenbizikoz aske atera zenean. (Josu Etxebarrioste)

Juanpa Dieguez Gomez Bilbon hil da azken orduetan, 81 urte zituela. Bermeoarra eta santutxuarra, biak batera, 1998ko udaberrian Baltasar Garzon epaileak abiatutako «dena da ETA» erasoaldi errepresiboaren lehenengo biktimetako bat bilakatu zen, eta bi kartzelaldi jasan zituen horren ondorioz.

Lehenik zortzi hilabetez espetxeratu egin zuten Dieguez, 18/98 auziaren lehenengo atala suposatu zuen Guardia Zibilaren sarekadaren ondoren. Bakailaoa saltzen zuen Gadusmar enpresaren kudeatzailea zen eta Kuban bereziki harreman komertzialak zituen. Espainiar auzitegiek negozio horiek ETAren menpe kokatu zituzten eta espetxe zigorra ezarri zioten: hasieran 11 urtekoa agindu zuen Entzutegi Nazionalak bere kasuan, eta gero 6 urte eta 9 hilabetetara jeitsi zuen Gorenak.

Honen ondorioz, lehenengo atxiloketatik hamarkada luze bat pasata berriz eraman zuen Poliziak kartzelara, kondena betearazteko. Oso baldintza gogorretan izan zen, ordurako jada Juanpa Dieguezek 65 urte pasatxo zituelako eta minbiziak jota zegoen. Kartzelaldi honetan zehar denbora tarte bat eman zuen etxean preso, eskumuturreko elektronikoa ezarrita, erradioterapia saioak hartu behar zituelako.

‘SOS Juanpa’ ekimenak behin eta berriz salatu zuen Dieguezek jasotzen zuen tratu ankerra. Besteak beste, Santutxutik Basauriko espetxera martxa egin zuten 2011an. Azkenean askatu egin zuten, baina 18/98ak eragindako jazarpena 2018ra arte luzatuko zen Joxean Etxeberriaren kasuan.

Agur-omenaldia igande honetan egingo zaio Juanpa Dieguez Gomezi, Boluetako Albia tanatorian, 18.30etan.