INFO

Indarkeriarekin lotura eta sare sozialak, adingabeen pornorako sarbidea arautzeko arrazoiak

Itsaso Biota eta Maria Dosil EHUko hezkuntzaren arloko ikertzaileek ‘The Conversation’ aldizkarian argitaratutako artikulu batean pornoaren eta indarkeriaren arteko harremana eta sareetan erregistratzeko erraztasuna dira pornografiarako sarbidea adingabeentzat erregulatzeko arrazoi nagusiak.

Sare sozialetarako sarbidea erregulatzearen alde daude ikertzaileak. (Today Testing | Wikimedia Commons)

Helduaroko jokabideetan eta sexu ohituretan izan dezakeen eragin negatiboa, indarkeriari lotuta, eta 18 urte edo gehiago izan gabe sare sozialetan erregistratzeko saihesteko errazak diren oztopoak dira adingabeentzat pornografiarako sarbidea erregulatzeko beharra erakusten duten faktoreak.

Honela diote Itsaso Biota Piñeiro eta Maria Dosil Santamaria EHUko hezkuntzako ikertzaileek ‘The Conversation aldizkarian argitaratu berri duten artikuluan: ‘Zergatik da horren presazkoa Espainiako Gobernuak adingabeen pornografiarako sarbidean erregulatzea?’.

Egindako ikerketetan oinarrituta, artikuluak dio haurrek pornografia kontsumitzen «gero eta goizago» hasten direla, gaur egun zortzi urterekin eta, gero eta gazteagoak izan, orduan eta inpaktu handiagoa izango du psikologikoki. Gainera, bilaketetan ohikoenetariko terminoetako bat «nola egin» (ingelesez «how to») dela ohartaratzen dute.

«Ikerketa asko egin dira pornografiaren kontsumoari eta hark duen inpaktu psikologiko eta sozialari buruz. Ikerketa horien arabera, lotura argia dago pornografiaren kontsumoaren eta genero desberdintasunaren, sexismoaren eta emakumeen aurkako sexu indarkeriaren artean», dio artikuluak.

Indarkeria eta sareak

Ikertzaileek diotenez, Estatu Batuetan egindako ikerlan batek ondorioztatu zuen denboran zehar materiak pornografiko bortitza nahita ikusiz gero, ia sei aldiz handitzen zen sexu jarrera oldarkorra izateko aukera. Beste lan batek gizonen praktika menderatzaileak eta emakumeek sumisio praktikak egiteko joera pornoaren kontsumoarekin lotzen du.

Beste faktore bat sare sozialetan erregistratzeko erraztasuna dela diote Biotak eta Dosilek. Europar Batasunean 16 urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dutela azaltzen dute, «baina gaur egun ez dago iragazki eraginkorrik adin horretako adingabeak plataforma horietata sartzea saihesteko». WhatsAppen, Xn, TikToken edo Facebooken sartzeko galdera bat erantzun behar da soilik.

Instagramen webgune pornoetarako estekak argitaratzen dituzten ‘bot’-ak edo pornografiaren industriara edo OnlyFansera erakartzeko kanpainak eta WhatsApp bidez zabaltzen diren eduki pornografikoak dira adibide batzuk.

Hartutako neurriak

Artikuluan Erresuma Batuan 2023an onartutako ‘Lineako Segurtasun Legea’ aipatzen dute, pornografia guneetara aurpegiaren identifikazioa bezalako metodoak erabiltzea arautzen duena. Datorren urtean ezartzen hastea aurreikusten dute.

Gobernu espainolak, aldiz, sarbidea erregulatzeko neurriak iragarri ditu, adina ziurtatzen duen aplikazio bat, besteak beste.

Hala ere, honakoa argitzen dute EHUko ikertzaileek: «Neurria guztiz beharrezkoa da, baina kontrol horiek sare sozial eta plataforma digital guztietara hedatu beharko lirateke. Izan ere, helburu horretarako sortutako plataformen muga gainditu eta gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak kolonizatu ditu pornografiak».

Erregulazioaz gain, «presazkotzat» jotzen dute sexu heziketarako «eredu integrala eta egokitua» ezartzea. Indarkeriaz jabetzeko tresnei, botere dinamikei, baimenari eta errespetuan oinarritutako harreman osasungarriei buruzko informazioa iradokitzen dute artikuluan.