INFO

Euskaltel-Euskadi Valentzian eta Saudi Arabian lehiatuko da aste honetan

Kern Pharma eta Caja Ruralek ere asteazkenetik igandera jokatuko den Valentziako Itzulian izango dira eta Saudi Arabian Movistarrek ere ordezkaritza izango du.

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, Mallorcan entrenatzen. (Markel BAZANBIDE | FUNDACIÓN EUSKADI)

Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak bi itzuliri egingo die aurre aste honetan, 14 txirrindularirekin. Alde batetik, Valentziako Erkidegoko Itzulian arituko da asteazkenetik igandera, eta, bestetik, Saudi Arabiako AlUla Tourrean izango da asteartetik larunbatera.

Horrela, euskal taldeak Valentziako Erkidegoko Itzulian ekingo dio denboraldiko UCI Pro Series maialako lehen lasterketari eta bertan izango dira, baita ere, Caja Rural eta Kern Pharma. Bost etapa izango dira, asteazkenetik igandera, ibilbide zorrotza gainditzeko, menduko 14 sarirekin eta esprintean iristeko aukerarekin batekin.

Mikel Bizkarra, Joan Bou, Xavier Cañellas, Asier Etxeberria, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Txomin Juaristi izango dira Jorge Azanza kirol arduradunaren zuzendaritzapean arituko den taldea.

Azanzaren hitzetan, «mendirako eta sailkapen nagusirako multzo on bat dugu. Helburua da sailkapen nagusi ona lortzea Bizkarrarekin eta Bourekin, baita etapa nagusia lehiatzea ere. Cañellasekin eta Isasarekin tartekako helmugetan presentzia bilatuko dugu, bereziki hirugarren etapan, talde borrokalariaren izaera ahaztu gabe, ihesaldietan nabarmenduz».

Guztira, 19 taldek hartuko dute parte: zazpi WorldTour, bederatzi ProTeam eta hiru Kontinentalek. Gainsariak 10, 6 eta 4 segundokoak izango dira helmugan, eta 3, 2 eta 1 segundokoak tarteko esprintetan eta etapa bakoitzeko azken mendiko sarian.

Bigarrenez Saudi Arabian

Bestalde, bigarren urtez jarraian, Euskaltel-Euskadik bost etapa lehiatuko ditu Saudi Arabian asteartetik larunbatera Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Iker Bonillo, Andoni Lopez de Abetxuko, Gotzon Martin, Luis Angel Mate eta Unai Zubeldia txirrindulariekin, Pello Olaberria kirol zuzendariaren aginduetara.

«Anbizio handiarekin eta talde on batekin etorri gara, maila handiko partaidetza duen itzulian. Sailkapen on bat egin dezakegula uste dugu, eta hori bilatuko dugu Gotzon, Berasategi eta Enekoitzekin, batez ere azken etapan pentsatzen. Esprintean, Abetxuko oso ondo hasi zen iaz hemen erori aurretik. Gure konfiantza osoa dauka ahalik eta ondoen egiteko eta Bonilloren babesa izango du. Mate dugu taldeburu, eta Zubeldiak debuta egingo du», azaldu du Olaberriak.

Irteeran 18 talde izango dira: bederatzi WorldTour –Movistar ere tartean izango da– eta bost ProTeam. Gainsariak 10, 6 eta 4 segundokoak izango dira helmugan eta 3, 2 eta 1 segundokoak tarteko esprintetan.