Ostegunetik aurrera ezingo da patinete elektrikorik sartu Bizkaibusen eta Bilbobusen
Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak iragarri dutenez, otsailaren 1etik aurrera Bizkaibusek eta Bilbobusek debekatu egingo dute autobusetara patinete elektrikoak sartzea segurtasun arrazoiengatik. Neurriak ez die eragingo mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuei, ezta bizikleta elektrikoei ere.
Bizkaibusek eta Bilbobusek erabaki dute datorren otsailaren 1etik aurrera debekatuta egongo dela autobusetara patinete elektrikoak sartzea, segurtasun arrazoiengatik.
Bizkaiko foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, azken hilabeteetan «hainbat gorabehera» gertatu dira beste garraio publiko batzuetan, «hainbat eragin» izan dituztenak garraio zerbitzua emateko orduan, eta horrek ekarri du autobus guztietara patinete elektrikoak sartzeko debekua.
Horiek horrela, Bizkaibusen ustez, «autobusetan patinete eta monoziklo elektrikoak garraiatzea arriskutsua da erabiltzaileentzat eta ibilgailuentzat eta, gainera, Bizkaibusen Zerbitzuen Eskuliburua urra daiteke, beren-beregi debekatzen baita bertan ‘ibilgailuetan lehergailuak, materia sukoiak, korrosiboak, erradioaktiboak, pozoitsuak, toxikoak edo kutsagarriak sartzea’».
Bilbobusi dagokionez, Bilboko Udalak berdina jakinarazi du ohar baten bitartez: «Bilbobusek erabaki du patinete elektrikoak autobusetara sartzea debekatzea, segurtasun-arrazoiengatik. Neurri hori otsailaren 1etik aurrera, jarriko da indarrean, eta iraupen mugagabea izango du».
Bizkaibuse eta Bilbobusek bat egiten dute, horrela, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu mota horiekin sartzea debekatzea erabaki duten beste garraio sistema publiko batzuekin, hala nola Renfe, Euskotren –Gasteizko eta Bilboko tranbiak barne–, Metro Bilbao edo artxandako funikularra.
Debeku horretatik kanpo geratzen dira, nolanahi ere, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak (gurpil-aulkiak, etab.), bizikleta elektrikoak eta bateria elektrikorik ez duten patineteak.