INFO

Goikoetxeak falta duen txapela lehiatzeko aukera izango du Gernikan bere agurrean

Tentsioz gainezka egon den amaiera batean, aurrelari zumaiarrak eta Lekerikak azken tantoan garaitu dituzte behetik gora egin duten Johan-Lopez (15-8, 9-15 eta 5-4).

Goikoetxeak bere kalitatearen pildorak utzi ditu berriro ere Gernikan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Bi mila pertsonaren arnasa geratu egin zen atzo gauean segundo pare batez Lekerikaren errebesa eraman nahi horretan Lopezek saskia sartu eta pilotak egurra jo eta lurrera joan zenean. Kitarako setean launa berdinduta, Winter Serieseko finalerako txartela zegoen jokoan pilotakada horretan eta kale edo bale horretan, zoriak Goikoetxea eta Lekerika aukeratu zituen, Johan eta Lopezen kalterako. Bere gordinean, atzelari zumaiarraren barru horretan poz izpiren bat ere izango zen, ziur, hainbeste urtetan lagun eta arerio izan duen kideak gorenean amaituko duelako ibilbide ikusgarri bat. Horixe zuen erronka, bere agurra iragarri zuenean, Goikok, eta majo sufrituta, bere palmaresean falta duen txapel bakarra eskuratzeko aukera izango du otsailaren 18an, ibilbide ikaragarri bati merezi duen bukaera emanaz.

Ezin zuen bestela izan eta Zumaiako bi mitoen arteko azken borroka ezin lehiatuagoa izan zen eta denetik izan zuen, oreka, kalitatea eta, nola ez, muturreraino eramandako lehiakortasuna, azken bi hamarkada hauetan bizi izandakoaren laburpen gisan (15-8, 9-15 eta 5-4).

Lehen setean Goikok eta Lekek gauzak primeran egin zituzten. Finalean egoteko gogo handia erakutsi zuten biek eta horretarako zer hobe bakoitzak hobekien egiten dakien horretan ahalik eta gehien sakontzea baino. Gauzak horrela, atzelari gernikarrak asko eman zion eskuinez eta aurrelari zumaiarrak etekin ederra atera zien bere bikotekideak irekitako zuloei eta aise aurreratu ziren markagailuan (11-4). 11-5ean aurkarien bolada etenda, Johanek falta bat egin zuen sakez eta faboritoak zuzenean joan ziren 15. kartoira, Goikok 7 tanto amaituta.

Johanen erantzuna

Hasiera horretan aurrelari gipuzkoarra eta atzelari bizkaitarra oso nagusi izan ziren, baina jokoen sistema honek hori du, set batetik bestera gauzak erabat aldatu daitezkeela eta halaxe gertatu zen oraingoan. Eta lehen jokoan Goiko nabarmendu bazen, bigarreneko protagonista Johan izan zen, konfiantza handiz aritu zen lapurtarra, kantxaren erdia irabazi eta bi aurkarien artean zuloak aurkituz.0-5 eta 1-8 aurreratuta, bigarren partzial honen kontrola erabat izan zen horiena eta, bukaerarako Goiko-Leke markagailuan zertxobait gerturatu zitzaizkien arren, arazo handirik gabe kudeatu zuten hasiera horretan pilatutako abantaila.

Lehen bi jokoetan egon ez zen oreka eta emozioa azken setean kontzentratu zen. Tentsioak goia jo zuen, bi bikoteek barruan zuten guztia utzi zuten finalaren borroka horretan eta azkenerako Goikoetxea-Lekerika nagusitu ziren amaiera ezin berdinduagoan.