INFO

Ekain Lizeaga atzelari gazteak ostiralean egingo du debuta Baikorekin Zornotzan

Jose Javier Zabaletak, Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak hurrengo egunetan erabakiko dute asteburuan jokatuko duten edo ez.

Ekain Lizeaga bi urterako kontratua sinatu berritan. (BAIKOPILOTA)

Azkenaldian pilatu zaizkion atzelarien lesioek eta arazo fisikoek eraginda, Baikok ostiral honetara aurreratu du Ekain Lizeaga atzelari astigartar gaztearen debuta. Egoerak behartuta, Aimar Morgaetxebarria ordezkatuko du B serieko txapelketako partidan. 20 urteko atzelari gipuzkoarra Bilboko enpresako 11. atzelaria izango da eta kontuan izan behar da oraintxe bertan zornotzarraz gain, Aranguren, Elizegi eta Mariezkurrena dituela min hartuta eta justu antzean dabil, txapelketetan bakarrik zortzi behar dituelako astebururo. Ziurra da Urrutikoetxeak Aranguren ordezkatuko duela, Mariezkurrenak ostegunean erabakiko du jokatuko duen eta bere ordez arituko litzatekeen Iosu Eskirozek ere partida garrantzitsua du B Serieko txapelketan finalerdietara sartzeko borroka horretan.

Gauzak horrela, Bilboko enpresako arduradunek Aimar Olaizolaren aginduetara urte batzuk badaramatzan atzelariarengana jo dute zuloak betetzeko. Goizuetarraren esanetan, Lizeaga «berme handiko atzelaria da, pilota gutxi galtzen du eta kantxa asko betetzen du». Hala ere, «bere dohainik handiena bere eskuina da, oso ondo sartzen dio eskua pilotari eta indar handia ematen dio».

2023.a urte oparoa izan da Astigarragako Mundarro klubean hezitako pilotariarentzat, Zumarragako Goñiren Omenezkoa, Elgoibarko San Anton, Tolosako Soroa, Mallabiko Biharko Izarrak eta GRAVNI txapelketak irabazi baititu.

Kontratu berria sinatu berritan, Lizeagak azaldu du oso «eskertua» dagoela Baikok eman dion aukera honegatik eta ilusio handiarekin dela ostiralean Unai Alberdiren alboan debuta egiteagatik.

Zalantza ugari

Gainontzean, ostegunean hasiko dira astebururako dauden zalantza fisikoak argitzen. Jose Javier Zabaletak eta Jon Mariezkurrenak proba bana egingo dute eta orduan erabakiko dute ostiralean Zornotzan eta igandean Donostian jokatuko duten. Zuntz hausturarik gabe, etxarrendarra itxaropentsu dago eta ematen du ez duela jokatzeko arazorik izango.

Baikoko atzelariak, bere aldetik, aurreko astean jokatzeri uko egin ostean, astelehenean froga txiki bat egin zuen Aimar Olaizolarekin eta sentsazioak «uste baino hobeak izan ziren» Maulen osagilearenean egon eta gero. Hala ere, entrenamendu on bat egin nahi du binaka eta jokatzekotan, berme guztiarekin egin. Nafarrak jokatu egin nahi du, gainera Berriozarren autobus bat ere antolatu dute Donostiara etortzeko, baina argi du, finalerdietara sailkatuta egonda, edozein zalantzaren aurrean, uko egingo diola kantxaratzeari. Azken urteetan arazo dezente izan ditu eskuekin neguan eta lezioa ondo ikasia omen du.

Jokin Altunaren eskuak ere nabarmen egin du hobera asteburutik, baina oraindik pilotarik ukitu gabe jarraitzen du eta bihar Amezketan lehen proba bat egingo du, sentsazioak nolakoak diren ikusteko. Onak badira, ostiralean benetako saio bat egingo du Jokin Etxanizekin Atano III.ean bertan eta, esan duenez, ostiraleko proba hori egitea oso seinale ona izango da.

Aurretik antzeko lesio bat izana da amezketarra, kasu honetan eskuin eskuan, eta momentuko mina handiagoa izan bazen ere, sendatzeko hobea omen da oraingo zainaren leherketa hau. Bere kasuan, puntuak Jaka eta Mariezkurrenarenean baino pisu handiagoa du, baina honek ere ez omen du batere arriskurik hartuko. Aspeko aurrelariak bere kalkuluak eginak ditu eta play offeretara sartzeko puntu bat beharko dutela uste badu ere, argi du lau lehenengoetan sartzeko azken bi jardunaldietako puntuek pisu handiagoa izango dutela.