INFO

Eurovisionek kritikei muzin egin die eta Israelek jaialdian parte hartu ahal izango du

Israel Gazan egiten ari den erasoaldiaren ondorioz, ahots askok Israel lehiaketatik kanpo uzteko eskatu dute. Hala ere, lehiaketaren antolatzaileek Israeli parte hartzen utziko diotela ziurtatu dute, «ekitaldi apolitikoa» dela argudiatuta. Ez zuten iritzi bera izan 2022an Errusia kanporatu zutenean.

Eurovisioni boikota eskatzeko protesta, Israeli parte hartzen uzteagatik. (Brian LAWLESS | PA WIRE - EUROPA PRESS)

Beste behin ere, gai geopolitikoek piztu dute Eurovisionen inguruko eztabaida. Israel Gazan burutzen ari den sarraskiaren ondorioz, ahots askok Israel aurten Suediako Malmö hirian izango den lehiaketatik kanpo uzteko eskatu dute.

Eskaera hori batez ere Eskandinaviako herrialdeetan hasi da, non Islandia eta Finlandiako artistak Malmön ez lehiatzearen alde agertu diren, Israelek parte hartzen badu. Era berean, Norvegian manifestazioak egin dira bertako telebista publikoaren aurrean, Israelen parte-hartzearen aurka.

Beste herrialde batzuetara ere iritsi da gaia, espainiar Estatura, esaterako. Duela gutxi, Ines Hernandek, Benidorm Festeko aurkezleetako batek, Estatu sionista Eurovisionetik kanpo uztearen alde egin du, RTVEk beste jarrera bat izan arren.

Israel bai, baina Errusia ez

Israelen aurkako adierazpenen gorakadaren aurrean, Eurovision jaialdiaren antolatzaileek argi utzi behar izan dute euren jarrera. Horrela, ohar baten bidez ziurtatu dute Israelek lehiaketan parte hartu ahal izango duela. Jaialdia «apolitikoa» dela argudiatu dute.

«Ekialde Hurbileko egungo gatazkari buruzko kezkak ulertzen ditugu, baina Eurovision Jaialdiak ekitaldi apolitikoa izaten jarraituko duela ziurtatzeko konpromisoa dugu. Bertan artistak eta hedapen kateak lehiatzen dira, ez gobernuak», azaldu dute.

Hala ere, argumentu hori ez dator bat Israelek azken urteotan hartu dituen beste erabaki batzuekin. Urrutira joan gabe, Eurovisionek 2022tik Errusiaren parte-hartzea debekatu du, «Ukrainaren inbasioari erantzuteko».

2019an, Eurovisionek isuna jarri zion Islandiari, Tel Aviven egindako edizio hartan herrialde nordikoaren ordezkaritzak (Hatari musika bandak) Palestinako bandera erakutsi zuelako bozketetan.

Ikurrina ere debekatuta

Ikurrina ere Eurovisioneko antolatzaileen jopuntuan egon da. 2016an, jaialdiak publiko egin zituen ekitaldian banderak erakusteari buruzko jarraibideak, eta «berariaz baimendu gabekoen» zerrendan Euskal Herria, Kosovo, Nagorno-Karabaj, Krimea edo Palestinakoa zeuden. Gainera, horien artean Estatu Islamikoarena ere agertzen zen, eta horrek polemika handia sortu zuen eta erakundeak barkamena eskatu behar izan zuen.

Baina ikurrina Estatu Islamikoaren banderarekin parekatzeagatik barkamena eskatzeak ez zuen eragotzi ekitaldian zehar hiru gazteri Euskal Herriko bandera kentzea.