Frantziar Gobernuak nekazaritza politikari dagokionez «aro berria» iragarri du
Joan zen ostiralean hainbat urjentziazko neurri iragarri ondoren, gaur egitasmo integrala aurkeztu du, nekazaritza politikari buruz «aro berria» iragarriz, Gabriel Attalek. Horren ondoren, FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuek errepideetan ezarritako blokeoak altzatzeko deia zabaldu dute.
Gabriel Attalek ez ohiko agerraldia egin du gaur ostegunean 12.30tan eta 13.45ak artean Matignongo jauregian nekazariek martxan emandako mugimendua baretzeko esperantzaz.
Bruno Le Maire Ekonomia ministroa, Nekazaritza ministroa den Marc Fesneau eta Christophe Bechu Ekologia ministroa izan ditu bere ondoan lehen ministroak.
Neurrien sorta berria aurkeztea soilik ez, nekazaritza politikari dagokionez «aro berria» iragarri du Attalek agerraldi koral horren bidez.
Bere iragarpenak lehen emaitza izan dute: arratsalde hasieran FDSEA eta Laborantza Gazteak sindikatuek azken bi astetan errepidetan ezarrirako blokeak altxatzeko deia egin dute.
Izan ere, mobilizazioa ez dela amaitu, eta beste baliabideen bidez jarraituko dela oharrarazi dute sindikatuek.
Adierazpenak itxaronaldi bat ireki du. Hala, Paris inguruan plantan emandako hainbat blokatze gunetatik «iragarpenak zehazteko, eta idatziz jartzeko» deia zabaldu dute nekazariek.
Beste hainbat ordekarik Bruselatik heldu beharreko aldaketen zain daudela adierazi dute.
Emmanuel Macron, hain zuzen, EBko kontseiluan parte hartzen ari da gaur Bruselas. Nekazariak bilera gertatzen ari den tokian bertan protestak antolatu dituzte gaur.
Beste gairen artean, EB eta Mercosur arteko akordioa erdiesteko negioziaketei buruz etenaldi bat galdetu du Macronek, bere Gobernuak eginiko iragarpenei sendotasuna eman nahian.
Hainbat galdera erantzun gabe
«Hasiera bat baizik ez zen» neurrien galeria hori, baita atzo Nekazaritza Ministerioak iragarri zuen 230 milioiko laguntza programa, defendatu ditu Attalek, gaur eguerdian Matignonen eskainitako agerraldian.
Handik aurrera, 150 milioko egitasmoa mahaigainean emanez, «frantziar laborantza etorkizuna duela» erakusteko gai izanen diren erabaki berriak aletu ditu.
Etapa berri batetaz hitz egin du Gabriek Attalek. Hala, elikadura-burujabetza lortzeko helburua izanen dela politika berri horren ildo nagusia azaldu du lehen ministroak.
Era berean, mundu mailako komertzio arauetan «erreprozidade printzipioa» gailendu behar dela defendatu du.
Hain zuzen «gure arauak errespetatzen ez dituzten mozkinen salmenta» oztopatzeko asmoa duela Gobernuak esan du Attalek. Zehazki, Ukraniatik datozen zerealak izan ditu aipagai.
Komertzio horren gaineko neurriak zorroztea galdetuko du frantses Gobernuak Bruselan.
«Arauen sinplifikazioa» eremu guztietan
Era berean, «Europatik etortzen diren neurrien gaineko neurri gehiago jartzeko aroa» amaitutzat eman du lehen ministroak, sindikatuek eskatzen duten bezala, «arauen sinplikazioa» iragarriz.
Lan edo ingurumenaren arloko protokoloetan, baita baimenen eta diru-laguntzen tramitazioaren arloan ere, «oztopo gutxiago izanen dituztela laborariek» hitza eman du.
«Konponbide bat ondoan eman ez ezean, debeku gehiagorik ez».
Horrela laburbildu du Attalek etapa politiko berria markatuko duen filosofia.
Bere hitz horiek berehala kezka piztu dute erakunde ekologistengan. Are gehiago aintzat hartzen bada Attalek pestizidak erabiltzeko debekuari buruz moratoria bat aldarrikatu duela.
«Nekazaritza nazional bat» berriz plantan emateko Attalek defendatu duen asmoak, bestalde, zalantzak sortzen ditu.
Muzin eginen dio aurrerantzean Parisek Bruselarik helduko diren aginduei betetzeari?
Nola egingo du hori frantses Estatuak PAC delakoaren harira nekazaritzaren aldeko europear laguntza konpuru gehien jasotzen duen EBko kidea denean?
«Ekoiztu eta babestu» lelo berria
«Ekoiztu eta babestu», horra hor gobernu-buruak haizeratu dituen bi xede nagusiak.
Nekazarien ofizioa aitortu eta birbalorizatuko dela ziurtatu du Attalek, nekazarien diru-sarrerak zein erretretak hobetuz.
Bestalde, nekazaritza sail ezberdinetan nabarituko direla hobekuntzak gaineratu du. Hala, mozkinen etiketajea hobetzeko urratsak emango direla aurreratu du.
Bruno Le Mairek hartu du hitza ondoren «nekazarien diru-sarrerak babesteko» 150 ikuskatzaile arituko direla nekazaritzako produktuen balio-kateari buruzko Egalim legea betearazteko.
«Frantses jatorria duten produktuei eginiko iruzurra» jo-mugan jarriko dutela ziurtatu du, ondoren, «10.000 kontrol» martxan emanen direla zehaztuz.
Bestalde, frantses arauak bete behar dituztela banatzaile guztiek gaineratu du Le Mairek.
Marko horri muzin egiteko «gure mugetatik kanpo, batzutan Bruselan bertan» erosketa partekatuak eta prezioak finkatzeko hitzarmenak sinatzen dituzten enpresak jo mugan jarri ditu, zuzenki, Ekonomia ministroak.
Banatzaile handi horien gaineko kontrol gehiago eskatu dio EBri.
Horrekin batera, hainbat laguntza fiskal iragarri ditu, berdin etxaldeak irekitzeko laguntzak emateko zein esplotazioen transmitzeko orduan zerga arintzeko.
Finean, Christophe Bechu Ekologia ministroak hitza hartu du, nekazarien aldeko neurri horiek bateragarriak direla aldaketa klimatikoari aurre egiteko politikarekin sineztarteko asmoz.
Izan ere, agerraldian argi geratu da nekazarien protestek azaleraturiko krisi soziala duela lehentasun osoa, gaur gaurkoz, frantziar Gobernuarentzat.
Esaterako, erregaien gaineko diru-itzulera tramitatuko ahalko dutela gaurtik hasita laborariek jakitera eman du Gobernuak. Erran bezala, pestiziden erabilpenari buruzko aferan, atzera egin du baitaere Gobernuak, horren erabilpena mugatzeko konpromisoa alboratuz.
Blokeoen amaiera hurbilago?
Gaurko agerraldiaren ostean galdera da: blokeoen amaiera hurbilago dago?
Gaurko agerraldiaren mamia bi aldeek aldez aurretiaz onartutako lan eskemari erantzuten dio?
Hala dirudi, baina ondoko ordutan helduko dira horren gaineko baieztapen edo gezurtapenak.
FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuek blokeoak altxatzeko deia plazaratu dute, baina de¡a noiz eta nola gauzatzen ez dago argi orandik.