INFO

Roman Maldonado argentinarrak erakustaldia emanda irabazi du Buruz Burukoa

Bere mailaz behetik aritu den Iñaki Urrutia hiru jokotan gainditu du Larrabetzun bizi den 24 urteko palista gazteak. Bigarren jokoan izan ezik, Maldonadok bere joa eta indarra inposatu ditu eta Armintzako atzelariak zorterik ere ez du izan finala berdintzeko aukera azaldu zaionean.

Roman Maldonado, pozarren Buruz Buruko txapela aldean duela. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Pablo Hernan Fusto palista argentinarrak badu oinordekoa. Roman Maldonado Larrabetzun bizi den aurrelari argentinarrak Buruz Buruko aurreneko txapela eskuratu du 24 urterekin, Iñaki Urrutiari hiru jokotan irabazi ostean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu den finalean. Armintzakoa ez bezala, Maldonadok bere maila eman du eta bere kolpe bizia inposatu du. Alabaina, sufritzea tokatu zaionean ere gogotik saiatu da eta zorte pixkatxo bat ere lagun, ez dio jokorik egiten laga bere arerioari.

Iñaki Urrutia, berriz, txanponaren ifrentzua izan da. Armintzako atzelariak ez du bere mailarik eman, bigarren jokoan izan ezik. Orduan bai, neurketa berdintzeko abagunea izan du 9-8 aurreratu denean, baina ez du errematzen jakin eta finala 0-2 jarri delarik, azken jokoan ez da leiharik ere izan, 2-10 erraz asko irabazi baitu Maldonadok.

«Hau izugarria da. Hamaika urte nituenetik Pablo –Fusto– da nire idoloa eta, ez dut nire burua halakoekin gonbaratu nahi, baina nire ahalegina goraino iristeko izan da beti. Aurreneko kontratu profesionala sinatu nuenetik garbi neukan ez nuela ‘beste bat gehiago’ izan nahi eta begira. Ikaragarria da!», onartu du Maldonadok, hunkituta, bere etxekoen eta Pablo Hernan Fusto handiaren beraren besarkada jaso eta gero.

«Aurreneko jokoan bere eskuinarekin gainetik pasa zait eta errebotean ez dut batere asmatu. Bigarren joko horretan bai izan dut irabazteko eta finala berdintzeko aukera bat, baina ez dut ondo erabaki eta berarentzat erori da, eta hirugarrenean ez naiz kantxara azaldu ere egin. Galtzea beti da posible final batean, baina penarik handiena nire mailan ez aritzeak eman dit», aitortu du, bestalde, Urrutiak.

Maldonadoren joa

Aurreneko tantotik biek ala biek gogoa eta urduritasuna kentzeko borondatea erakutsi dute. Roman Maldonado argentinarra laugarren tantorako pala hautsi badu ere, ez du kontzentraziorik galdu eta bere kolpe indartsua inposatzen hasi da.

Akordatzerako, 2-1 atzetik izatetik 2-8 aurreratu da, tartean Armintzako atzelariak aukerako pilota izan duenean goregi bidalitako pilotakada pare baten laguntzari esker. Maldonadoren eskuina oso fresko azaldu da. Sake bat ere luzetxo joan zaio Larrabetzun bizi den palista hegoamerikarrari, baina horrek ez du saihestu aurreneko jokoaren zoria, 5-10 nagusitu baita Maldonado.

Hamabost pilotaka jo dituzte bigarren jokoa hasteko aurreneko tantoan. Armintzakoak eraman du, gehienbat defentsa lanetan aritu behar izan badu ere, aurrelaria izanagatik, Larrabetzuko argentinarra atzera jotzen eraginkorrago izan baita aurrean jokaldirik egiten baino. Maldonadok ez du asko behar izan markagailuan ekimena berreskuratzeko, baina aurreneko jokoan ez bezala, Iñaki Urrutiak maila dexentez hobea erakutsi du piloteoa jokatzeko.

Defentsa eta zorte apur bat

Bizkaia pilotalekuko zaleek ere gehiago gozatu dute bigarren joko honetan aurrenekoaz baino, tantoen maila asko igo baita, ez bakarrik Iñaki Urrutiagatik. Armintzakoak Maldonado errebotean aritzera behartu nahi izan du, baina tanto bakarrean Maldonadok lau errebote bata bestearen atzetik eraman bakarrik ez, pilota zaila jarriz erantzun dio, tantoa bere egin arte. Are gehiago, erreboteko zuloan argentinarrak berak aurkitu du tantoa amaitzeko gune aproposa. Ondorioz, 5-3 galtzetik 5-7 irabaztera pasa da Larrabetzukoa.

Ez du etsi, ordea, Iñaki Urrutiak ere, eta 7na berdintzea lortu du ekinaren ekinez. Ez du, ordea, nahi beste asmatu sakearekin eta Maldonadok berriz ere jokoaren ekimena hartu du. Baina pilota hautsi egin da eta pilota berriarekin sake luzeegi bat atera du honek. Hala ere, jokoa 9na berdindu du, dejadaz azken tanto gogor bat amaitu eta gero. Are gehiago, errestoan asko arriskatu du Iñaki Urrutiak, eta bere pilotakadak kanpoan eman du botea; bada, 9-10 argentinarrarentzat, eta 0-2, horrez gain.

Finalik gabe

Pablo Fusto Bizkaia pilotalekuan izan da eta ETBri garbi asko esan dio berak ere «buruz buruko final batean, buruaren lana da garrantzitsuena». Iñaki Urrutiak hirugarren jokoaren aurreneko tantoa egin ahal izan du, baina Roman Maldonadok berehala eman dio buelta, 1-6koa ezarriz markagailuan. Armintzakoak ezkerrez ohi baino huts gehiago egin ditu eta erdi huts egindako pilotakadetan ere Larrabetzuko argentinarrak zortea ere bere alde izan du.

Finala erabakita geratu da eta Roman Maldonadok badu bere aurreneko Buruz Buruko txapela. Iñaki Urrutiak menpean izan dituen tanto apurretan ere errematean kale egin du, etsiak hartuta eta inolako zorterik gabe. Txalo zaparrada baten pean atera du azken sakea Maldonadok eta 2-10 garbi batekin eraman du hirugarren jokoa ere.

Hirugarren postua

Necol eta Ibai Perez aritu dira elkarren aurka hirugarren postuaren bila. Iazko finaleko protagonista biek podiumeko azken eskilara izan dute helburu. Finalak izan ez duen emozioa izan du neurketa honek: Necolek kitarakoan irabazi du, Ibai perezi 5-4 nagusituta azken joko horretan.

Hala ere, ia izerdirik ere ateratzeko beharrik gabe, Necol aurreneko jokoa 10-5 eraman du erabat partidatik at hasi den Ibai perezen aurka. Nolanahi, aurrelari bizkaitarra berehala eman dio buelta bere hasiera eskasari eta 2-10, airean eraman du bigarren jokoa.

St Geour de Marenmen sorturiko palista ez da asko estutu eta hirugarren jokoan berriz ere jokoaren ekimena hartu du. Ibai perez baino askoz jotzaileago izanda, Sestaoko palista batera eta bestera erabili du, eta honi ere nolabait nekea antzematen hasi zaio, kantxa barruan askoz gehiago ibiltzea egokitu zaio-eta. Ondorioz, aurrelari frantsesak 10-5 irabazi du ostera ere eta podiumeko hirugarren koxka harrapatzeko joko baten faltan.

Nolanahi, partidaren nondik norakoa koreografiaturik balute bezala, laugarren jokoan Ibai Perezek hartu du jokoaren nagusigoa. Kolpez gutxiago izan arren, palarekin abilagoa izanik, txokotik zabalera behin baino sarriago mugitu du Necol eta honek uste baino kale gehiago egin ditu. Nolanahi, 1-9 galtzen zihoala sakea berreskuratu du eta pilota aldatu ostean hurbiltzen hasi zaio Sestaokoari. Alabaina, 7-10 eraman du jokoa bizkaitarrak, neurketa kitarako joko laburrera bultzatuz.

Parekatuena kitarako jokoa bera izan da, beti ere ekimena Dan Necolek eraman duela. Aurrelari frantsesa 4-2 aurreratu da, baina beste aukera bat eman dio Ibai Perezi sake laburregia aterata eta Sestaokoak, zortea lagun, launa berdintzea lortu du. Azkenean, hala ere, iazko txapeldunak bere indarra inposatu du eta 5-4 irabazi dio Ibai Perezi.