«SOS» erraldoia zabaldu dute laborariek Jutsin
Traktoreen bitartez, Jutsi herriaren sarreran «SOS» mezu erraldoia osatu dute 50 bat laborarik larunbat honetan. Parisek nekazariei laguntzeko iragarri zituen neurriak ez ditu langileak asetzen eta mobilizazio gehiago egingo dituztela diote.
Laborariek mobilizazio sinbolikoa egin dute larunbat arratsalde honetan Jutsi herriaren sarreran. Traktoreak ongi kokatuta, 50 bat laborarik hiru hizki erraldoi osatu dituzte: «SOS». Ekintza honen bidez, Ipar Euskal Herriko nekazariek salatu nahi izan dute jasotzen dituzten diru-sarrerak ez direla nahikoa eta Gobernu frantsesari galdegin diote egoerari erantzuna eman diezaion.
Ekintzaren aurretik, Yoan Laxague Arrosako abeltzainarekin hitz egin du Mediabask-ek. Abeltzainak adierazi du «etiketarik gabe» aurkezten den kolektiboaren parte dela, 320 nekazarirekin batera. Horietako batzuk Nekazarien Sindikatuen Departamentuko Federazioko (FDSEA) eta Nekazarien Erakundeko kide den ELB erakundeko kideak dira.
«Modu baketsuan mobilizatzen ari gara gure ezinegona adierazteko. Gure baserrien ekonomiak kezkatzen gaitu», esplikatu du abeltzainak. Gobernu frantsesak iragarri dituen neurriak ez dira nahikoa nekazari hauen iritziz, izan ere, Laxaguek esan duenez, artean ez du «nekazariak haien ekoizpenetik biziko direla ahalbidetuko duen» neurririk iragarri. Besteak beste, 150 milioiko «laguntza fiskala» aurkeztu zuen Gabriel Attal lehen ministroak.
Nekazarien protestak duela astebete baino gehiago hasi ziren Ipar Euskal Herrian, eta kolektibo honek ekitaldi sinboliko gehiago egingo ditu datozten egunetan.
Parisekin bilera
Otsailaren 5ean, astelehenarekin, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefektua FDSEA 64ko ordezkariekin eta Nekazari Gazteen taldeko 64ko ordezkariekin bilduko da, haiek eskatuta, «Gobernuak nekazaritza-munduaren alde hartutako neurrien berri emateko» eta Emmanuel Macron presidenteak otsailaren bukaeran martxan jartzea espero duen «Europa mailako sinplifikazio neurriak» jakinarazteko.