INFO
Entrevista
Onintze Salazar Perez
Euskalmeteko meteorologoa

«Klima aldaketaz egindako iragarpen ezkorrenean baino okerrago gaude»

Fisikaria, meteorologoa lanbidez, dibulgatzailea pasioz, Onintze Salazar (Bilbo, 1971) komunikatzaile petoa da. Bere hitz eta keinuekin azalpenak eta abisuak Euskal Herriko bazter orotara zabaldu ditu, etxeko, gozo. ‘The Perfect Storm’ filma hari hartuta, eguraldiaz eta klimaz mintzatu da.

Onintze Salazar, Euskalmeteko meteorologoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolaturiko Zinema eta Zientzia zikloan, ‘The Perfect Storm’ (Wolfgang Petersen, 2000) filmaren inguruan hitzaldia ematear dela hartu gaitu. Eguraldiaz enpatxuraino hitz egiten den garaiotan, eta klima larrialdiaz ez hainbeste, filmaren haria hartu eta urrutiko gogomiraz gai horiei oratu diegu. Komunikatzaile trebea dugu aurrean, hitz soilekin itxuran konplexutasun handia duten fenomenoei sinple eta garapenerako aukeraz bete aritzeko gutxi izango direlako Onintze Salazar baino mintzaide aproposagoak.

Filma bitxia da. Ez dauzka pertsonaia konplexuak, ez da istorio sofistikatua, ezta behar ere. Protagonista erabatekoa ekaitza da, dena dago haren mende. Zer begiekin ikusten du meteorologoak?

Kuriositate izugarriz. Pelikula liburu batean oinarrituta dago –‘The Perfect Storm: A True Story of Men Against the Sea’, Sebastian Junger–, benetan gertatu zen historia batean. Erakargarritasun handia dauka guretzat, benetan gertatutako muturreko egoera izan zelako. Bada beste gauza bat ere, meteorologoentzat egoera hauek edertasuna dute. Pentsa, adibidez, tornado batean, suntsipen handia sortzen du, baldin eta nondik pasatzen den hildakoak ere bai, baina fenomeno eder bat da, ez soilik fisikoki edertasuna ikusi ahal delako. Ulertzen dituzunean zergatiak, fisikan gauza askotan gertatzen zaidan bezala, edertasuna transmititzen didate. Urakan bat, fisikoki, kanpotik, satelite batetik ikusita, izugarri polita da, bere forma, erdiko begia. Baina edertasun fisikoaz harago, atzean zer-nolako faktoreak elkartzen diren ezagutzea oso ederra da.

«Ekaitz perfektua» ideia kultura herrikoiaren parte egin da. Geopolitikan, finantzetan... denean aditzen da?

Hitz potoloak dira, beste esparru batzuetan erabilgarriak. Kasu honetan, ‘Ekaitz perfektuaz’ hitz egin ahal izateko sistemen arteko elkar-ekintza behar da, kalte oso handiak ekarriko dituen beste sistema bat sortzea da, edo urakana, edo zikloia, edo depresioa edo dena delakoa. Geopolitikan ere, faktore ezberdinak daude, elkartu egiten direnak egoera okerrago bat sortzeko. Atzean hori dago: sistemen elkar-ekintza oso kaltegarria den beste sistema meteorologikoa sortzeko. Kasu hartan, azkenean urakan bihurtu zen. Ez zuten nahi nahasmena sortu, aurretik beste urakan bat zegoelako, ez zioten izena jarri urakan berriari. Izenik ezean, ‘Ekaitz perfektua’ deitu zuten.

Eguraldiaz eta klimaz aritzean badago joera hori: muturretara jotzen dugu, ez hainbeste erroetara.

Bai. Filmean ere hori gertatzen da. Sistemen arteko elkar-ekintza bat dago, urakan, borraska eta antizikloien artean; eta segun eta zein ingurutan gertatzen den hori, asko indartu daiteke, orduan bezala. Baina pelikulatik atera zaitezke, pentsatuz ekaitzek beren artean talka egin eta eztandak gertatzen direla. Horrelako hitzak erabiltzen dira, ‘talka’, ‘eztanda’ … Eta, izatez, ez dute hori egiten. Gehienbat elkar-ekintza da, batak bestea jan egiten du, apurka-apurka, besteari energia kentzen doa. Meteorologian badaude talkak, baina bi ekaitzek, teknikoki, ez dute talka egiten.

«‘Ekaitz perfektuaz’ hitz egin ahal izateko sistemen arteko elkar-ekintza behar da, kalte oso handiak ekarriko dituen beste sistema bat sortzea da, edo urakana, edo zikloia, edo depresioa edo dena delakoa»

Horrelako fenomeno «perfektuak» benetan aurreikusi ezinezkoak al dira?

32 urte pasatu dira. Gaur egun askoz ere hobeto aurreikusi daiteke horrelako egoera bat. Baina orduan ere aurreikusi zuten, bota zituzten abisuak, baina ez zitzaien kasu handirik egin. Irakurri dut AEBetako zerbitzu meteorologikoak orduan egindako txostena, eta argi azaltzen da iragarpena neurri handi batean ona izan zela. Baina eredu meteorologikoek ez zuten oso ondo ikusi zenbateraino indartuko zen eta sortuko zituen haize eta olatu itzelak, itsaso sakonean 12-23 metro bitartekoak eta kostaldean bederatzi metrokoak Asmatu zuten sakoneko depresioa sortuko zela, baina ez zenbateko indarra izango zuen, eta ibilbidea ere ez. Hori da kasu honek daukan beste berezitasuna; ohiko borraskek edo presio guneek egiten duten bidea badakigu zein den, gurera ere horrela datozela, mendebaldetik ekialdera. Kasu honetan, borraskak ekialdera egin eta AEBetako kostaldetik urrundu ordez, atzera buelta egin zuen. Eta hori egitean, bat egin zuen Golkoko Korrontearekin, hark hartzen duen Karibe aldeko ur masa beroarekin, eta hor berriz hartu zuen urakanaren forma. Hori ez zuten ondo harrapatu.


Beraz, meteorologia ez da kalkulu zehatz eta egia absolutuen erresuma. Beti dago ezustekoentzako tartea.

Beti. Filmean azaltzen den meteorologoak ere argi esaten du: «Bizitza osoan ibil zaitezke meteorologian lan egiten eta sekula santan ez duzu halakorik ikusiko». Gaur ereduak hobeak dira, kalkuluak egiteko gaitasuna handiagoa da, datu dezente gehiago ditugu... Alde horretatik asko hobetu da. Zer gertatzen da? Ba, klima aldaketaren testuinguru honetan muturreko egoerak areagotzen ari direla, maiztasun handiagoarekin azaltzen direla. Adibidez, iazko urrian ikusi genuen Pazifikoan urakan bat sortzen ari zela, eta eredu meteorologiko guztiek, agentzia ezberdinetakoek, ematen zioten ibilbide bera, zenbat indartuko zen zenbat denboran. Eta egun urakanen inguruko iragarpenak onak diren arren, inork ez zuen igarri, ezta antzik ere. Egunerokoan beti daude aldaketak, gaur hemen behe-lainoa dago, eta atzo ez. Ez daude bi egun berdin.

Hortaz, sorpresa kutxa da.

Atmosfera sistema oso konplexua da, sistema kaotikoa. Aldaketa txiki batek ekar dezake aldaketa oso handia Lurraren beste puntan. Aldaketa txiki hori ulertzeko behar dituzu datuak, jakin orain atmosfera nola dagoen, eredu meteorologikoak emango dizu ze ibilbide hartuko duen, hor daude ekuazio fisikoak, energiaren transferentziak... hori guztia, eta edukiko duzu emaitza. Zer gertatzen da? Pentsa Donostia eta Bilbo arteko puntu bati eman diozula Donostia eta Bilboko tenperaturaren batez besteko bat, baina hori ez da izango benetan dagoena, hor badaukazu aldaketa txiki hori. Eta, beraz, egiten dituzun iragarpenak hasieran nahiko onak izango dira, gaur arratsalderako, biharko, etziko. Horregatik, orain hiruzpalau egunetara egiten diren iragarpenak nahiko onak dira, eta hortik aurrera ez. Kaos efektu honengatik da.

«Hasi gara klima aldaketa nabaritzen. Urruti gabe, hemen dago. Urtarril hau, adibidez, ikaragarri beroa izaten ari da, eta ez da puntuala. Joera bat da, oso argia» 

Euskal Herrian horrelako fenomeno «perfektu» bat irudikatzerik ba al dago?

Gerta litezke. Baina ezberdinak. ‘Ekaitz perfektua’ izatera iritsi daitekeen? Printzipioz, ez dugu uste, urakanak iristea oso zaila da, nahiz eta urakanen hondarrak iristen diren. Hemen, zeri aurre egin behar diogu? Ba, maiztasun gehiagorekin izango ditugun bero boladak, horri lotutako baso suteak, ur faltari, euri gutxiago egin dezakeelako. Datuekin ziurtatu dezakeguna da tenperatura igotzen ari dela, adibidez, azken hamar urteak jarraian beroagoak izan direla. Prezipitazioei dagokienez, oraindik ez dugu joera argirik sumatu. Ezin da ikusi euri gehiago ala gutxiago egiten ari den. Ikusten dena da euria egiteko modua ezberdina dela; egon gaitezke denbora luzeagoan euririk gabe, eta euria etortzen denean indar handiagoz etortzea.  

Ekaitz perfektua, errudun perfektua. Naturaren indar itzel eta ezkutuak direnez, perfektuki absolbitzen gaituzte gure arduretatik.

Muturreko fenomeno horiek beti egon dira. Zein da gakoa? Gu klima aldatzen ari garela eta aldaketa horren ondorioz muturreko egoera horiek areagotzen ari direla, orokorrean, mundu mailan, maizago eta indartsuago gertatzen direla. Bero boladak, lehorteak askoz ere bortitzagoak eta luzeagoak, uholde larriagoak... Fenomeno hauen atzean, beren maiztasunean eta indar suntsitzailean, gu gara errudunak. Muturreko egoerotan beti dator galdera bera: klima aldaketaren ondorio dira? Ez, baina haren erruz probableagoa bai.

Jendea eguraldiaz beti kexuka eta marmarrean, beti «aditu», eta klimaz hain gutxi!

Bi hamarkada baino gehiago daramatzat lanean, eta hasieratik badakigu klima aldaketarena hor dagoela. Baina orduan poloetan gertatzen zen zerbait zen, hartz zuriei eragiten zien, edo itsasoaren maila igotzean desagertuko zen ez dakit nongo uharteari, beti urruneko eta ezezagunei eraginez. Aldaketa ikusten hasi naiz, zergaitik? Hasi garelako nabaritzen. Urruti gabe, hemen dagoelako. Urtarril hau, adibidez, ikaragarri beroa izaten ari da, eta ez da puntuala. Historian izan daiteke urtarril bat oso beroa eta abuztu bat oso hotza, baina oraingoa joera bat da, oso argia. Munduan erregistroak daudenetik, iazkoa urte beroena izan da, Europan bigarrena eta Euskal Herrian ere bai. Baina lehen postuan dago 2022koa. Begiratuz gero iaz hilabetez hilabete gertatutakoari, urtarrila eta otsaila izan ziren ohi baino hotzagoak, gainontzeko hilabeteak beroagoak, eta batzuk dezente beroagoak. Udazkena izan zen bizi izan dugun udazken beroena. Klima aldaketarekin egiten diren aurreikuspenak ez dira soilik betetzen ari, baizik eta lehenago betetzen ari dira. Hau da, iragarpen ezezkorrena baino okerrago gaude.