INFO

Aritz Erkiagak ezin zuen huts egin Goikoren azken funtzioan

Ziurrenik kantxan dagoeneko gauzatu den «sorpasso»-a otsailaren 18an ofizial egingo da eta azken bi hamarkadetan bere bizkarrean eraman duen zestako aurrelari onenaren «titulua» Aritz Erkiagaren bizkar gainean utziko du Iñaki Osa Goikoetxeak.

Erkiaga eta Ibarluzea beste aste betez Gernikako Jai Alaia bete zuten zaleen artean. (ERAMAN JAI ALAI)

Ipuin batean bezala, hala baina Joan Mari Irigoien zenaren liburuaren amaiera tragikorik gabea izaten ari da Iñaki Osa Goikoetxearen ibilbide oparoaren amaiera. Eskatzen hasita, nekez imajina zezakeen zumaiarrak agur ederragorik, ekainean kantxak utziko zituela  iragarri zuenean. Imanol Lopez eta Aritz Erkiagaren, alegia zesta punta bizitzen ari den biziberritze honetan bi belaunaldiren arteko zubi lana berarekin egin duten bidaideen, aurka jokatuz utziko du bere bizia izan den kirol hau, berak nahi bezala, jai alaiak bera utzi aurretik. Iaz Diego Beaskoetxeak egin bezala, falta duen txapel ia bakarrak, eta ziurrenik gaur egun puntista batek jantzi dezakeen handienak, eman diezaioke amaiera bere kirol profesionaleko ibilbideari. Horretarako, baina, izan zezakeen aurkari makurrena gainditu beharko du, bere erreferentzialtasuna hartu duen Aritz Erkiaga, agurrean huts egin ez zezakeen artista. Aurkari bezain lagun handiak biak, Estatu Batuetan karrera egin eta Atlantikoaz bestaldeko zikloa amaituta, Euskal Herriko berpizkundeaz gozatzeko aukera izaten ari diren bi erraldoi.

Gernikako Winters Series-en finalak asko izango du omenalditik, ez baitzaio egunero kirol bateko izar nagusiari agur esaten, baina jai alaiaren ezaugarri artistiko eta kulturalez harago, Euskal Herriko ziklo berri honetan lehiakortasunak eta demak hartu dute pisu handiena eta zumaiarrak ezin du kontzesio txikienik ere espero azken dantza horretan. «Finalaren  egunean frontoian sartzen naizenean ez dut inorekin hitz egingo,  finalean kontzentratuko naiz. Bi aste berezi eta luze izango dira, azken entseguak,  Goikoren azken partida, azken orduak... baina igande goizeko 11.00etan txipa aldatu eta gure %100a eman eta jendeak disfrutatzea nahi dut», iragarri  zuen Ispasterrekoak asteleheneko finalerdia amaitutakoan.

Bikaintasunaren bila

Gernikako frontoia hamalaugarren astez jarraian bete zuten zaleei  eta telebistaz partida ikusi zuten gehienei galdetuta besterik erantzungo luketen arren, Erkiagak ez zuen gustura amaitu Olharan-Del Riori bi setetan irabazteko (15-11 eta 15-13) egindako lanarekin. Langa oso goian jarri zalea da, bikaintasunaren bila joaten den horietakoa izaki, gutxitan konformatzen den horietakoa.

Bere zorionerako, Ibarluzea lagunak orain arteko partidarik onena jokatu zuen, konfiantzaz beteta, seguru, erregular eta ausart. Eta lerroburu, komentario eta foku gehienak bi aurrelariengan zentratuta egongo diren arren, bi atzelarien lanak ere pisu handia izango du otsailaren 18ko zita ezin interesgarriagoan. Duela astebete Lekerikak egin bezala, Markina-Xemeingo atzelariak itxi zuen arrosen finalerako txartela, Aritz Erkiagaren une  zailenetan bikotearen zama bere bizkar gainean jarriz, baina batez ere, partida guztian zehar, pilota ezker hormara ondo baztertuz, Del Rioren eskuin bortitzari distira nabarmen kenduz.

Taktikoki ere asko asmatu zuen bikote bizkaitarrak bere finalerdian, pilota bakoitzarekin bost tanto baino gehiago jokatzea ekidinez, berotzen eta abiadura hartzen utzi gabe. Finalean ere ideiak argi izan beharko dituzte eta finalerdian hartutako bideak gailurrera eraman ditzake.

Zalantzarik ez dago txapelketako bi bikote onenek topo egingo dutela, jokatutako lau partidak irabazi dituzten bakarrek, orain arte hutsik egin ez dutenek. Txanponari, ordea, alde batera edo bestera erortzeko tenorea heldu zaio, zaleon gozamenerako.